Abenduko osoko bilkuran udal talde guztien hasierako onespena jaso ostean, HAPOa gizarteratuko du orain Zumaiako Udalak herritarren artean. Zehazki, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte hilaren 14an, eta gai horri buruzko erakusketa ikusgai egongo da Alondegiko Oxford aretoan egun horretatik 26ra arte, herritarrek plan horren xehetasunak ezagutu ahal izateko.
Atzo aurkeztu zuten leku horretan hemendik aurrera HAPOarekin jarraituko duten prozedura; dena dela, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak prozesuaren hastapenak gogoratu zituen, 2020. urtetik baitabil udala gai hau lantzen. Izan ere, Zumaiak orain arte ez du izen horretako planik izan, eta 2004koak dira hirigintza arautzen duten azken arau subsidiarioak. Halaber, Gorka Arregi udal arkitektoak plan horren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen. Bere hitzetan, "udalerriko lurren eta eraikinen erabilera arautzeko oinarrizko eta beharrezko dokumentua" da HAPOa, eta lurzorua sailkatzeko balio du: hiri lurra, lur ez urbanizagarria eta lur urbanizagarria. Aldi berean, lurzoru bakoitza zertarako erabil daitekeen ere zehazten du, eta eraikin zein lurrak babesteko ere balio du. Arregik gogoratu nahi izan zuen plan mota hau sortzeko eskumena udalena bada ere, bestelako erakundeekin "derrigorrezko kolaborazioa" eskatzen duela.
Pasa den legealdian, Ostolazaren hitzetan, helburua izan zen etorkizuneko Zumaia marraztu ahal izatea beste alderdi nahiz herritarrekin, eta orain, pixkanaka-pixkanaka, arlo bakoitzean lupa jarri eta Zumaia teknikoki landu dute. Alkateak gehitu nahi izan zuen herritarrek HAPOaren idazketa prozesuan egindako "ekarpenak askotarikoak" izan zirela, "beste hainbat herritan baino ekarpen gehiago" jaso baitzituen udalak. Abenduan hasierako onarpena jasota alegazio epea laster irekiko dutela gehitu zuen Ostolazak -Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean lehen onespena argitaratu eta 45 egun izango dituzte herritarrek horretarako-. "Prozesua guztiz amaitzeko beste urte eta erdi inguru igaroko direla aurreikusten dugu", gehitu zuen alkateak.
Lurren banaketa, lau zatitan
Argi Yeregi Hirigintza zinegotziak HAPOa hobeto ulertu ahal izateko xehetasunak eman zituen. Bere hitzetan, erabakiak lau totemetan banatu dituzte erakusketan, "horiek antolatu eta herritarrek hobeto uler ditzaten". Lehen blokea etxebizitzekin lotu zuen Yeregik. "Guretzako gai larrienetako bat da, eta HAPOan gai horri erantzuna ematen saiatu gara", eman zuen aditzera. Espazio publikoei beste totem bat eskaini diete, hori "kaleko espazio eta eraikin publikoak bezala ulertuta", eta bertan kokatu dute mugikortasunaren gaia ere, espazio publikoa "josteko eta osatzeko" proposamenak ere badituelako HAPOak.
Hirugarren multzoa jarduera ekonomikoaren bueltan bildu dute: "Merkataritza eta industria proposamenak ere badaude, gure herrian bizitzeaz gain zumaiarrek guztia bertan egitea nahi dugulako". Zeharlerroena litzateke laugarren totema, eta bertan txertatu dituzte, besteak beste, "jasangarritasuna eta klima aldaketa, berdintasuna, ondarearen babesa eta euskara". Azkenik, ingurumen naturalen totema sortu dute: "Iruditzen zaigu plan hauek askotan hirigunea bakarrik hartzen dutela kontutan, baina herriko muga guztiak sartzen dira bertan", zioen Yeregik.
Erakusketaren xehetasunak
Jone Belaustegigoitia Erdu taldeko kideak eman zituen atzokoan hemendik aurrera egingo duten parte hartze prozesuaren xehetasunak. Lehen aipatu bezala, erakusketaren bisita gidatuak egingo dituzte hilaren 14an, irekierarekin batera. 18:00etan gaztelaniaz egingo dute, eta 19:00etan, aldiz, euskaraz. Egun horretatik hilaren 26ra bitartean, aldiz, irekita egongo da Alondegiko Oxford aretoan erakusketa bera, eta edozeinek edukiko du aukera hura bisitatzeko.
Hilaren 21ean, berriz, hitzaldia eskainiko dute HAPOari buruz 18:30ean hasita dokumentu hori idazteaz arduratu diren teknikariek, Oxford aretoan hori ere. Gainera, urtarrilaren 23an parte hartze saio irekia egingo dute, herritarrek ekarpenak egin ahal izateko. Azkenik, hilaren 28an oposizioko kideekin ere elkartuko da udal gobernua, "haien ekarpenak ere kontutan hartzeko". Horrez gain, aurkezpenean azaldu dute urtarrilean hasi eta otsailera bitartean herritar nahiz elkarteek bilerak hitzartzeko aukera ere izango dutela, "euren zalantzak argitu" edota "balizko alegazioak aurkezteko irizpideak jasotzeko ere".