Telebistaren eta zinemaren arloan egiten du lan Amaia Urrestillak (Zumaia, 1996). Makillatzailea da, eta ohiko makillajeez gain, fantasiazkoak eta protesiak egiten ditu. Madrilen izan da iazko udara arte, efektu berezien ikasketak egiten.
Zetak taldeak Donostiako Illunben emango dituen Mitoaroa ikuskizunetarako aurrerapen bideoan aritu da lanean orain gutxi, esaterako.
Madrildik itzuli berri zara, baina ez zaizu lanik falta.
Telebistarako makillatzen egiten dut lan, EITBren Miramongo (Donostia) egoitzan; kontratu finko etena daukat, eta horri esker, beste proiektu batzutan parte har dezaket. Saiatzen naiz sortzen zaizkidan lanak telebistakoarekin uztartzen, telebistakoari uko egin gabe. Zetak taldearen Mitoaroa ikuskizunean parte hartu dut makillatzen orain gutxi, eta hori telebistako laneko oporretan egin behar izan dut, esaterako.
Ikasteko aukera ere izan dut. Bederatzi hilabetez izan naiz Madrilen, eta itzuli naizenean berdin jarraitu ahal izan dut lanean telebistan.
Telebistan lan finkoa duzu, baina gainerako lanak puntualagoak dira, ezta?
Telebistak errutina bat ematen dit: astelehenetik ostiralera lan egiten dut, eta egonkortasun hori aurkitzea oso zaila da makillatzaile aritzen garenontzat. Estetika zentro batean lan egin dezakezu, baina asteburuetan lan egin beharko duzu, segur aski.
Telebistako lanarekin lasai nago, eta beste zerbaitetan lan egiteko aukera izanez gero, gainera, egiteko aukera izaten dut normalean. Bestela, egunak aldatzen ditut, edo denbora librean lan gehiago hartu.
Desberdinak al dira telebistako lana eta zinemakoa edo bideoklipetakoa?
Bai, oso. Gauza batean zentratuko banintz, errazago lan egingo nuke, baina itxuraren munduan arlo asko ditut gustuko. Telebista barruan ere programatik programara asko alda daiteke egin beharreko lana: abesteko lehiaketa batean karakterizazio bat egin dezakegu, eta arratsaldeetako programa baterako kalerako irteteko bezala makillatzen dugu jendea. Nire Instagrameko profilean ere zauri faltsu bat ikus daiteke, edo makillaje arrunt bat.
Instagram aipatu duzu. Sare sozialak erabiltzen dituzu zure lana erakusteko.
Uste dut sare sozialak lagungarriak izan daitezkeela nire lana erakusteko. Jendeak horrela ezagut nazake, baita zer lan mota egiten ditudan ikusi ere.
Zer arlo gustatzen zaizu gehien?
Denetarik, baina batik bat, errealitatetik urruntzen diren gauzak, fantasiazkoak.
Madrilen efektu berezien eta protesien arloan sakondu duzu.
Orain arte ikasi dudanaren kontrakoa da arlo hori. Momentuko eraldaketak landu izan ditut orain arte, eta efektu bereziak denbora luzez lantzen dira. Hilabeteetan egiten duzu lan tailerrean, eskultore bat bazina bezala, eta egun bat hartzen duzu sortutako hori guztia ezartzeko.
Hemen ez daukat horrela lan egiteko espazio fisikorik eta denborarik, baina etxean txoko bat egokitu dut. Hor egiten dut lan mota hori.
Euskal Herrian badago lanik?
Bartzelonan egin nituen makillaje ikasketak, eta handik itzultzean, ez nekien nora jo. Uste dut estetika zentroetan badagoela lana, baina nik ez nuen horretan bakarrik lan egin nahi. Ekoiztetxeetara-eta bidali nuen hasieran curriculuma, baina hastea zaila da, ez duzulako inor ezagutzen. Baina lana badago: Euskal Herrian produkzio pila bat ari dira grabatzen. Nire kasuan, uste dut lana etorri zaidala proposamen batzuk onartu ditudalako. Horrela ezagutzen da industria.
Ile apaintzaile ikasketak ere egin zenituen. Argi zeneukan itxuraren munduan lan egin nahi zenuela?
Bai. Nire gurasoek ere esaten didate inoiz ez dudala besterik esan. Ile apaintzailea izan nahi nuela esaten nuen, txikiak garenean hori delako itxurarekin lotuta burura datorkigun lehen lanbidea. Gerora, ikasketetan ez nenbilen oso fin, eta 16 urte nituela orientatzaileak esan zidan ile apaintzaile ikasketak egiteko, oso garbi neukala eta. Hori egin nuen.
Ordutik etengabe ari zara formazioa jasotzen.
Hainbeste adar ditu makillajearen munduak... Ez ditut den-denak landu, baina efektu bereziena neukan jorratzeko. Ez zaizkit gauza asko geratzen probatzeko, nahiz eta gero arlo bakoitzean sakontzea ia ezinezkoa den. Gauza berriak ikasteko gogotsu nago, hala ere.
Zer proiektu dituzu esku artean?
Momentuz telebistan jarraitzen dut, eta oraintxe bertan, ez daukat beste proiekturik esku artean.