Ikasleengan kontzientzia ekologikoa sustatzea duen Habiak espazioa inauguratu dute Zumaienan

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 17a, 13:30

Habiak espazioaren inaugurazioko talde-argazkia. (Juan Luis Romatet)

Zumaiena ikastetxeko teilatuan egokitu duten espazio berria inauguratu dute gaur goizez. Ikasleen artean sormena, autonomia eta taldelana sustatzea du helburu azpiegitura berriak. 

Zumaiena ikastetxeko eskaintza pedagogikoaren adar berria den Habiak laborategi eko-esperimentala inauguratu dute gaur goizez. Axular ibiltokiko ikastetxearen teilatuan egokitu dute azpiegitura berria, eta haren berri izateko bertaratu dira Zumaiara Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasuneko diputatua, Monica Pereira Trantsizio Ekologikoko zuzendaria eta Miriam Oca Ingurumen Administrazioko zuzendaria. Ekitaldian izan dira, baita ere, Aitor Manterola Zumaiako Udaleko Euskara eta Kiroletako zinegotzia, Duñike Agirrezabalaga PSE-EEko zinegotzia, eta espazio berria diseinatu eta sortu duen Kimu Bat enpresako Lander Lopetegi. 

Ikastetxe honetan emandako berrikuntza pedagogikoko beste pauso garrantzitsu bat bezala definitu dute eskolako kideek gaur inauguratutako espazioa. "Habitxo bat sortu dugu ikasleek galderak egin eta erantzunak aurki ditzaten. Iruditzen zaigu hau bezalako espazioak falta direla eskoletan, eta hori eskaini nahi izan diegu ikasleei", adierazi dute ikastetxeko lagunek. 

Espazio horretan baratzeak jarri dituzte, baita euri ura aprobetxatu ahal izateko tresnak ere. "Ikasleek zientziako oinarriak izateko espazioa da honakoa, baina baita kontzientzia ekologikoa sortzeko erreminta ere", nabarmendu dute. "Bertan, ikasleek aukera izango dute esperimentazeko, porrotak izateko eta horrekin guztiarekin ikasteko". 

Habiak laborategia ikastetxearen kanpoaldean, eraikinaren teilatuan atontzeak badu Zumaienako irakasleen arabera arrazoi bat. "Lau hormen artean sei orduz egon beharrean, honekin energia berriztagarriekin esperimentatzeko aukera eskaintzen zaie ikasleek eremu ireki batean". Horregatik, ikasleen mugikortasuna sustatu nahi duela adierazi dute inaugurazio ekitaldian, "baina baita ekintzailetasuna ere. Sormena, autonomia eta taldelana sustatu nahi ditugu hemen". 

Ikasitako etxean aplikatu

Jose Ignacio Asensio diputatuak txalotu egin du ikastetxean egindako lana. "Mundua aldatzeko zer gauza egin behar diren ari dira ikasten gazte hauek", adierazi du, eta ikasle beraiei zuzenduta, eskatu die eskolan ikasitako euren etxeetan aplikatzeko. "Era xumean eta jasangarrian gauza aldatu daitezkeela erakutsi duzue. Helduok eta politikariok hemendik pasatu beharko genuka guk ere ikasteko", azaldu du.

Mundu handi batean mundu txikiak daudela, eta mundu txiki horietako bat Zumaiena ikastetxea dela adierazi du Aitor Manterola zinegotziak. "Habiak lehenbizi amestu egin behar dira, eta gero gauzatu, eta horretarako ezinbestekoa da taldelana. Gero, txoriek ikasitako hori erakutsiko dute eta nonbaiten pausatuko dira, zuek [ikasleengatik] etorkizunean pausatuko zareten bezala".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide