"Praktikatzearen beharrak bultzatu nau mintzalagun izatera"

Irati Txapartegi Zumeta 2025ko urt. 25a, 09:00

Iñaki Aldalur zumaiarra da. Bere lan bizitzan irakaslea izan da, Zarauzko Antoniano ikastetxean lehenik, eta Oteitza lizeoan gerora; han, marrazketa eskolak eman ditu 42 urtez. Duela hiru urtetik erretiroa hartuta dago, eta aurten, Mintzalagun egitasmoan parte hartzea erabaki du bidelagun gisa.

2024ko abenduko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako edukia da honakoa.

Zein da euskararekin duzun harremana? 

Etxean jaso nuen euskara haurtzaroan eta gaztaroan. Francoren garaikoa naiz, eta eskolak euskaraz jasotzea ezinezkoa zenez, ikasketak gaztelaniaz egin behar izan nituen. Gure etxean euskara hutsik erabiltzen genuen, eta gure hizkuntzarekiko maitasuna transmititu ziguten gurasoek. Lagunartean ere euskaraz hitz egiten genuen. 

Antoniano ikastetxean lanean hasi nintzenean, lanbide eskolan batez ere gaztelaniaz ematen genituen eskolak; bazeuden euskarazko gaiak, baina oraindik erdaraz lan egiten genuen. Pixkanaka ikasgeletan euskara sartzen hasi zen, eta irakasleok EGA titulua ateratzera bultzatu gintuzten eskolak euskaraz eman ahal izateko; 1987an atera nuen nik. 

Nola izan zenuen Mintzalagun egitasmoaren berri? 

Duela urte batzuk semea Iruñera bizitzera joan zen, eta berak komentatu zidan han mintzalagun talde batean izena eman zuela eta oso pozik zegoela. Garai hartan ni oraindik lanean nenbilen, eta nahiz eta egitasmoa gustatu, ez nuen neure burua partaide gisa ikusten. Duela gutxi, ordea, Zumaia Guka aldizkarian irakurri nuen mintzalagun taldeak Zumaian ere bazeudela, eta oraingoan bai, izen ematea erabaki nuen. 

Zerk bultzatu zaitu bidelaguna izatera? Mintzalagun bezalako egitasmoak praktikoak iruditzen al zaizkizu? 

Erretiroa hartu ondoren, hizkuntza bat ikasteko beharra sentitu nuen, eta hizkuntza eskola ofizialean frantsesa ikasten hasi nintzen. Dagoeneko gramatika asko ikasia dut, B1 maila ere atera dut, eta konturatu naiz zein garrantzitsua den hizkuntza bat ikasteko garaian praktikatzea, hizkuntza hori modu atseginean eta eskolatik kanpo erabili ahal izatea. Nire azalean behar hori sentitzeak bultzatu nau niretzat oso erraza den eta oso gutxi eskatzen didan pausoa ematera. Euskara ikasleei astean behin ordubete inguruz modu lasaian eta atseginean euskaraz hitz egiteak asko lagun diezaiekeela pentsatzen dut, eta ez hori bakarrik, kalean jendearekin pixkanaka euskaraz hitz egiteko ohitura hartzen ere laguntzen diela uste dut. 

Lehen saioak egin al dituzue? Non eta nola? 

Gure mintzalagun taldean hiru lagun gaude, eta astelehen eguerdian elkartzen gara kafetxo bat hartzeko. Oraindik hasi berriak gara, baina oso talde polita dela iruditzen zait. Ez daukagu ezer prestatu beharrik, bat-batean ateratzen diren gaien inguruan hitz egiten dugu, gure zaletasunez batez ere. Oso eroso sentitu nintzen, uste baino modu naturalagoan hitz egin genuen. 

Zer esango zenioke elkarrizketa hau irakurtzen ari den eta mintzalagun edo bidelagun izatea pentsatzen ari den bati? 

Bidelagun izatera animatzeko, jendea ezagutu eta, bide batez, haien euskara ikaste prozesuan bultzada emateko modu oso praktikoa delako. Eta bidelagun izateko; frantsesa ikasten ari naiz eta pozik hartuko nuke frantsesez mintzalagun talde bat, hizkuntza hori gehiago praktikatzeko. Ikasten ari zaren hizkuntza praktikatzearen beharra azpimarratu nahi nuke berriz ere. 

Zer hausnarketa egiten duzu gaur egun Zumaian euskarak duen egoeraren inguruan?

Lehen esan bezala, Francoren garaikoa naiz ni, eta badakizue garai hartan euskararen egoera oso larria zela. Orain, kalean euskara entzuten dut, eta haur eta gazteek euskaraz jakiteaz gain, erabili ere egiten dutela iruditzen zait. Lehen baino hobeto gaude, baina, hala ere, zaindu egin behar dugu okerrera joan ez dadin. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide