Atzo zabaldu zuten Madrilen (Espainia) Fitur 2025 turismo azoka. Nazioarte mailan egiten den sektoreko ekimen garrantzitsuenetakoa da honakoa, eta eskualdeko eragileek ez dute hutsik egin nahi izan. Euskal Kostaldeko Geoparkeak Geoparkeko Bira txango sorta aurkeztu du azoka horretan; Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE), berriz, turismoko marka berria eraman du Madrilera.
Geoparkeko Bira izeneko ekimena aurkeztu zuen iaz Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Geoparkea hiru etapetan zeharkatzen duen 54 kilometroko ibilbide zirkularra da aipatu bira. Kostaldeko GR ibilbide arrakastatsua luzau eta lurraldearen barnealdea (Olatz, Lastur, Itziar) ezagutzera emateko helburuarekin sortu zuten. "Lehendik dauden bidezidorretatik eta bideetatik igarotzen den trazaketa berri horrek Geoparkea sakon ezagutzeko aukera eskaintzen du", nabarmendu dute Geoparkeko kideek.
Horren berri eman du Geoparkearen egungo presidente den Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak gaur goizez egindako aurkezpen ekitaldian.
UKUEren marka berria
UKUEk bere aldetik, turismoko marka berria aurkeztu du Madrilen egiten ari diren azokan. Eskualdea osatzen duten bost udalerriak "indartzea eta ezagutaraztea" du helburu marka berri horrek. Eskualde mailan, nahiz eta lanketa komunak egin izan diren, eskualdea ez da ezaguna izan bere horretan, eta, ondorioz, eskualdeko markak ere ez du sona handirik izan. Hori horrela, izen eta izaera propioa izango duen marka bat sortzea izan da helburua, eskualdea osatzen duten 5 herriak (Zarautz, Getaria, Orio, Zumaia eta Aia) identifikatuak izateko eta eskualdearen ezaugarri nagusiak barnebiltzeko.