Ikastola izango da aurrerantzean Zumaiena

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 30a, 13:36

Zumaiena Ikastolako irakasleak eta zuzendaritzako kideak. (Zumaiena Ikastola)

Kristau Eskola saretik atera eta Ikastolen Elkartean sartzeko prozesuan da Zumaiako ikastetxea. Herri onurako hezkuntza kooperatiba bilakatzeko bidean direla ere iragarri dute aurrerantzean Zumaiena Ikastola izena izango duen eskolako kideek.  

Aldaketa sakonak ari da bizitzen Zumaiena ikastetxea azken urteotan, bai alde pedagogikotik, baita ikastetxearen izaeragatik ere. Izan ere, azken hilabeteotan herrian bolo-bolo zebilen zurrumurrua egia bihurtu da: Zumaiena Kristau Eskola saretik atera, eta ikastola bihurtuta, Ikastolen Elkarteko kide izango da aurrerantzean. Ez hori bakarrik, ikastetxea herri onurako hezkuntza kooperatiba bihurtzeko bidean direla ere iragarri dute Zumaienako arduradunek.  

Aipatutako mugimenduek “orain arte hezkuntza erakunde arruntak ulertu ditugun ereduetatik haratago joatea” dakarrela ere nabarmendu dute, eta horrek aukera berriak sortuko dizkiela. Hala, ikastetxeko kideen hitzetan, “zumaiar guztion hitza eta ekarpenak bateratzen dituen proiektua amestu eta egia bihurtzeko aukera dugu, zumaiar guztiona den proiektu bat bideratuz”. 

Etorkizun hurbilera begira, ikastetxea herri onurako hezkuntza kooperatiba bihurtzeko asmoa erakutsi dute. "Egitura honek aukera berriak ekarriko dizkigu, ikasleen, familien, langileen, herritarren, erakunde publikoen eta herriko eragile eta erakunde desberdinen hitza eta partehartzea egituratzen dituelako”. Hori guztia, beraien esanetan, “eredu publiko-komunitarioan" oinarrituko da.

Ikastolen Elkarteko kide

Lehen pauso bezala, Zumaiena Kristau Eskola saretik atera eta Ikastolen Elkartean sartuko da. Ikastetxeak eta elkarte horrek harreman luzea dutela gogoratu dute plazaratutako oharrean. “30 urtetik gorako elkarlana dago Ikastolen Elkartearen eta gure artean: izan ere, 90eko  hamarkadan elkarrizketak izan ziren kongregazioaren eta Ikastolen Elkarteko arduradunen artean, eta hezkuntza metodologietan edo materialgintzan egindako lan guztiarekin bat egin izan dugu gaur egun arte”, azaldu dute. Azken urteotan ikastola desberdinekin tratua areagotu egin dela esan eta gero, Zumaienaren izaerak eta lan egiteko moduan Ikastolen Elkartearekin “guztiz bat” egiten duela ere nabarmendu dute, baita esku artean dituzten proiektuak martxan jartzeko elkarte haren babes osoa izan dutela ere. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide