Zumaia tentsiopeko eremu izendatzeko beste urrats bat eman dute

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 31a, 16:00

San Jose kaleko etxebizitzak. (Juan Luis Romatet)

Zumaia bizitegi merkatu tentsionatutako eremu bezala deklaratzeko prozedurari hasiera eman diote aste honetan, horren inguruko agindua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuz. Tentsiopeko eremu izendatzeak alokairuko errenta ordaintzera bideratzen den kopuruan eragin zuzena izango luke. 

Errenteriaren bidea hartzera doa Zumaia ere. Oarsoaldeko herria izan da lehena Gipuzkoan tentsiopeko eremu izendapena jasotzen, eta bide beretik doa Zumaia. Aste honetan argitaratu dute Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean bizitegi merkatu tentsionatutako eremu deklaratzeko azken prozedurari hasiera emango dion Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren agindua. Behin iragarpena eginda, hogei eguneko epea zabaldu dute helegiteak aurkezteko. 

Duela urte erdi hasi zuten Zumaia tentsiopeko eremu izendatzeko prozedura. Iazko ekainaren 5ean, Tokiko Gobernu Batzordean aztertu zuten gaia, eta hilaren 11n, izendapena jasotzeko beharrezkoa zen dokumentazioa igorri zuen udalak, hala nola, egoeraren diagnostikoa, azalpen memoria eta hiru urterako ekintza plan. Handik aste batera, 2024ko ekainaren 19an, eskaera formala egin zion Zumaiako Udalak Eusko Jaurlaritzari.

Helegiteak aurkezteko epea amaituta, Eusko Jaurlaritzak prozedura jendaurrean jarriko du herritarren ekarpena jasotzeko aukera zabalduz. Harekin guztiarekin behin betiko memoria osatuko du eta Espainiako Gobernuari igorriko dio. Espainiako Aldizkari Ofizialean (BOE) argitatu eta gero sartuko da indarrean izendapena. Dena ondo bidean, aipatu izendapena bizpahiru hilabete epean jaso daitekeela uste dut udal agintariek. 

Hala ere, tentsiopeko eremuaren izendapena ahalik eta azkarren gauzatu dadin eskatuko dutela iragarri du udalak, "eta horrekin batera honakoa garatzeko beharrezko neurri guztiak ahalik eta azkarren ezartzea", adierazi du.

Diagnostikoa eta ondorioak

Etxebizitzaren gaia Zumaiak duen arazo larrienetakoa dela jakitun, udalak egoera errealaren berri izateko diagnostikoa enkargatu zuen. Haren arabera, alokairuaren errenta %22,8 igo da 2017tik 2022ra bitartea, KPI indizea 8,8 puntuan gaindituz. Txostenean jasotzen da, baita ere, zumaiarrek batez beste diru sarreren %26,2 bideratzen dutela etxebizitza ordaintzera. Familia eredu batzuen kasuan are eta handiagoa da egiten duten ahalegin ekonomikoa: %30,3 emakumeentzat eta %55 bakarrik bizi direnentzako, udalak eskutan dituen datuen arabera. 

Iñaki Ostolaza alkateak eta Argi Yeregi Hirigintza zinegotziak azaldu dutenez, izendapenak ondorio zuzenak ekarriko dizkie maizterrei. Esaterako, kontratua hiru urtez luzatzeko aukera emango du, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berdinetan. Kontratu berriak ezingo du gainditu azken kontratuaren errenta. Salbuespen gisa, errentak soilik %10 igo izango dira hamar urtetik gorako alokairuetan, edo etxearen eraberritzearekin, energia eraginkortasunarekin edo irisgarritasunarekin lotutako hobekuntzak egiten badira. 

Bestalde, azken bost urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzak alokatzeko prezioa mugatu egingo da, eta gehienezko muga erreferentziako prezioen indizeen sistemaren arabera zehaztuko da. Alokatuko den etxearen jabea 'jabe handia' bada, hau da, bost etxebizitza edo gehiagoren jabe bada, prezioari aplikatu ahal izango den gehienezko muga ere erreferentziako prezioen indizeen sistemaren arabera zehaztuko da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide