Jon Fernandez de Arroiabe: "Mundu teknologikorako aldaketa egun batetik bestera gertatu da, eta adinekoek sufritu dute gehien"

Juan Luis Romatet 2025ko ots. 7a, 11:36

Argazkia: Juan Luis Romatet.

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasketak egin ditu Jon Fernandez de Arroiabek (Zumaia, 2000). Irakasle prestakuntza masterra bukatu zuen joan zen uda amaieran, eta irakaskuntza maite duen gazte bezala definitzen du bere burua. Azken hilabeteetan Debako eta Zumaiako KZguneetan egin du lan, baina urte berriarekin Irlandara joango da lanera.

Urtarrileko Zumaia Guka aldizkariko edukia da honakoa.

Ekonomiaz ikasi duzu, besteak beste, baina Zumaiako KZgunean aritu zara lanean. Zergatik?

Irailean amaitu nuen irakaskuntzako masterra, eskola urtea dagoeneko hasita zegoenean, eta ondorioz, irakasleen zerrendetan sartzeko aukera galdu nuen. Patuagatik edo, master amaierako lana ostegun batean entregatu eta hurrengo astelehenean deitu zidaten lanean hasteko. Bi aldiz pentsatu gabe eman nuen baiezkoa. Lanak ez zuen nik ikasitakoarekin loturarik, baina esperientzia primeran etorri zitzaidan. Gainera, irakastea gustatzen zait, eta irakaskuntzan sartzeko lehen pauso bezala ikusi nuen lan hura.

Informatikarekin lotutako ikasgaiak eman dituzu. Zer, zehazki?

Oso erosoa egin zait, egia esan. Lasai egoteko esan zidaten, ez nituelako gauza oso serioak irakatsi behar. KZgunean lantzen ditugun gaiak oso sinpleak dira; sakelakoa-eta nola erabili edo posta elektronikoko mezuak nola idatzi, adibidez. Irakatsi behar dudana saioa baino egun bat lehenago errepasatzen dut, baina ez da lan handia, guk gai horiek txikitatik landu ditugulako eta oso errazak egiten zaizkigulako.  

Dena den, informatika ez da inoiz nire pasioa izan. Nire pasioa formakuntza da; irakastea eta irakasle lanetan aritzea. Ekonomiaren mundua ere gustatzen zait, baina informatika ez; ez da txikitatik asko interesatu izan zaidan zerbait. Ironikoa da pixka bat; informatikako klaseak ematen ditut, baina ordenagailuarekin-eta arazoak ditudanean lagunei eskatzen diet laguntza. KZguneko eskakizunetarako profila betetzen dut, gure belaunaldiko edozeinek bezala. 

Adin nagusiko ikasleak izan dituzu. Edozein adin al da egokia informatikaren munduan hasteko?  

Pazientzia da behar dena, informatika mundu berri batean murgiltzea bezala baita haientzat. Ez gara konturatzen zer arrakala dagoen gure eta aurreko belaunaldien artean. Mundu teknologikoko aldaketa une batetik bestera gertatu zen, eta adinekoak izan ziren aldaketa hori gehien sufritu zutenak; ondoriorik txarrenak beraiek jasan zituzten. Frustrazio bat ere badute: "Ez dakit, eta ez dut lortuko". Horregatik, irakatsi baino, motibatu egiten ditut. Guri inertziaz ateratzen zaiguna behin eta berriro pentsatu behar izaten dute beraiek; izan ere, ez dute halakorik ikasi. 

Ordenagailuarekin baino gehiago, sakelakoarekin ibiltzen gara saioetan. Adibidez, WhatsApp mezu bat ia pentsatu ere gabe bidaltzen dugu guk, baina adinekoek pentsatu egin behar izaten dute WhatsApp mezularitza programa nola erabili. Haiei konfiantza transmititzen saiatu naiz, telefonoarekin autonomia lor dezaten.  

Konturatzen al dira eskuen artean duten erremintak duen indarraz?

Ez, ez dira horretaz kontziente, eta esango nuke gu, gazteok, ere ezetz. Ez dira eskuetan duten horrek daukan indarraz jabetzen; izan ere, guk bai, baina beriek ez dute izan esperientzia edo aukera hori orain arte.

Urte berriarekin batera KZguneko lanpostua utzi eta Irlandara zoaz. Zergatik?

Global training bekarako eman nuen izena, aukera polita baita kanpoan lan egiteko. Ezin dut esan zenbat denboran egongo naizen Irlandan lanean, baina programa, printzipioz, sei hilabetekoa da. Egindako ikasketekin lotutako lana izango dut han; administrazio kontuetan ibiliko naiz. Gainera, badu orain arte egin dudan lanarekin lotura. Izan ere, mundu mailan zibersegurtasun arloan aritzen diren 170 enpresak osatutako kluster batean egingo dut lan. Ingelesa ikasteko aukera polita izango dela uste dut.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide