Aspalditik zuen Kandido Urangak (Zumaia, 1955) arantza sartuta. Urteak aurrera eginda ere, Gabriel Aresti idazleak Harri eta herri liburuan jasotako Q poemak sortu zion zirrarak bizi-bizirik jarraitzen zuen bere barrenean. Behin erretiroa hartzeko adinera helduta, arantza ateratzeko ordua heldu zaiola ondorioztatu du, eta horretarako poema horren inguruko proiektua abian jarri du. "Gabriel Aresti aspalditik ezagutzen dut. Harri eta herri irakurri nuen oraindik 30 urte ez nituela; hogeitaka urte haietan irakurri nuen. Gerora, handik 30 bat urtera ekin nion berriro irakurtzeari, eta poema batekin, Q izeneko poemarekin geratu nintzen; poema hartan kateatuta geratu nintzen, eta esan nion nire buruari egunen batean poema harekin zerbait egingo nuela. Erretiroa hartzeko adinera heldu naiz eta orain heldu da garaia", dio aktore eta sortzaileak.
Ibilbide luzea du Urangak "aktuazio" munduan, eta azaroaren 7an Zumaian (Alondegiko Oxford aretoan, 19:00etan) eskainiko duen ikuskizuna –ez du antzezlan hitza erabili nahi lan hau definitzeko– du modu pertsonalean eta bere kabuz ondu duen laugarrena. "Aurretik ere hainbat lan eginda nago, oso pertsonalak, literaturari erabat lotuak, eta nire buruari esan nion oraintxe zela [Gabriel Arestirekin sortzeko] garaia". Arestiren bueltan sortutako lanean, baina, bidelagun bat izan du Urangak, Inazio Tolosa (Zumaia, 1963), hain zuzen. "Buruari bueltak ematen hasi nintzen, eta bueltak emate horretan Inaziorekin akordatu nintzen. 40 bat urte izango dira Inazio Tolosa eta biok aktore mundu honetan elkar ezagutzen garela. Hainbat antzezlan egin ditugu elkarrekin, beti ere besteentzako egindakoak. Lan hau egitea eskaini nion, esperimentazio lan batean sartzeko erronka bota nion. Heldu zion erronka horri, eta hortxe landu dugu, pozarren, erabat gustura elkarrekin, esperimentatze lan hutsean, eta heldu gara ailegatu garen puntu honetara, iruditzen zaiguna lantxo bat dugula, jendeari eskaintzeko modukoa".
Esperimentazioko itsasoan nabigatzeak ez du beldurtzen Tolosa, eta Urangak Arestiren ontzira salto egitera gonbidatu zuenean, eskaintzari ez zion muzin egin. "Hasieratik esan zidan esperimentazioan oinarrituko ginela, eta nik esperimentatzearekin ez dut arazorik. Sartu, eta nonbaitetik aterako gara, nolabait. Kandidok gauza batzuk oso garbi zeuzkan: lanak nolakoa izan behar zuen, zer sentsazio sorrarazi behar zituen, nondik zetorren. Nola hala saiatu gara puntu horretara heltzen", gaineratu du Tolosak. "Jolas oso interesgarria" izan dela onartu du. "Niretzako oso dibertigarria izan da egiteko. Gainera, Gabriel Aresti asko miresten dut eta asko konektatu dut testuarekin".
Prosa, poesia lagunduz
Q poema hartu dute abiapuntu gisa, baina sormen prozesuak aurrera egin ahala, errezetak beste osagai bat behar zuela konturatu ziren. "Egia da honi Q poemarekin heldu geniola. Hori zen nire ideia, poema hori lantzea, baina hartan ari ginela pentsatu nuen zerbait falta zitzaigula; Gabriel Arestiren inguruan beste alderdi bat osatzea falta zitzaigula ikusi nuen, alderdi humanoagoa, egunerokotasunarekin zerikusia izango zuen alderdi bat behar zuela". Bilatze horretan, Pedro Alberdi idazle bilbotarrak idatzitako Gabriel Aresti Eibarren ipuinaz gogoratu zen Uranga. Ipuin hark 2001eko Julene Azpeitia literatur lehiaketa irabazi zuen. "Heldu nion hari, eta aurkitu nituen falta nituen gakoak", gogora ekarri du Urangak. "Ipuinean, Arestik ordu batzuk egiten ditu Eibarren, eta erakusten du zer zen bere egunerokotasuna eta bizitzeko modu xumeena".
Bi elementu horiek, akaso prosaikoa bat, poetikoa bestea, lan berean, ikuskizun batean, uztartzea erraza egin zaien galdetuta, biek ala biek diote aipatu elementu horiek, poema eta ipuina, ez direla kontrajarriak, biek osatzen dutela bat. "Gabriel Arestiren bi atal, bi aurpegi ikusten ditugu", nabarmendu du Tolosak. "Kontua izan zen ipuina nola azaldu, zer forma eman ikuskizunaren barruan", gaineratu du Urangak. Horretarako aurkitu zuten modua "interesgarria" izan zela iritzi dio azken horrek. "Nahiko modu berritzailea izan da, eta bien artean osatzen dute ikuskizuna".
Sentsazio komun baten bila
Bi aktoreekin, bi sortzaileekin izandako elkarrizketatik ondorioztatu daiteke Gabriel Arestirekin ikuskizuna literaturaz haratago doala, badituela hitz soilak baino elementu gehiago ere. "Nik batez ere testuari erreparatzen diot; nire materiala da batez ere literatura hutsa. Baina banekien horrek osagarriak behar zituela", dio Urangak. Osagarri horien bila konplize izan du Tolosa, bazekielako "bi alderdiak jorratzen eta lantzen dituela, ezagutza duela musika eta hitzetan, eta antzezlearen formazioa ere baduela".
Sentsazioen bilatze prozesu horretan Tolosak egindako lana goraipatu du behin eta berriz Urangak: "Inaziok oso ondo ulertu nau eta banekien nik proposatzen nizkion sentsazioak ulertuko zituela, sentsazio horietan sartuko zela, eta eskaintza bat emango zidala, modu batera edo bestera, sentsazio komuna eta bakarra izan zedin". Tolosak jarraitu du: "Bere bihozkada zen, eta sentitzen zuen eta eskatzen zuen bihozkada horrek aurrera egin ahal izateko laguntza eskaini diot. Beste batzuetan nirea izan da taupada, atmosfera bat jarriz hemendik eta beste bat handik". Uranga: "Jakin dugu baztertzen funtzionatzen ez zuena. Sormen handiko gizona da Inazio, kreatibitate handia du, kapazitate handia, eta ulertu izan du zer sentsazio nahi nituen".
Aurtengo udaberrian ekin zioten ikuskizunaren sormen prozesuari. Ubillosen elkartu ziren bi hilabete inguruz, Musika eta Dantza Eskolaren egoitzan, astean bitan. "Oso osagarria egin zait Inazioren aportazio estetiko eta artistiko guztia. Halako lan batekin hasten zarenean badakizu hasiko zarela, baina arrastorik ez duzu nora joango zaren. Elkarren ondoan, eskutik hartuta, ikusi dugu heldu garela nik aurrez irudikatuko nukeen portura", adierazi du Urangak. "Gabriel Arestirena zehaztugabeko portu bat da, baina hor dago", gaineratu du Tolosak.
Arestik Harria eta herria argitaratu zuela 60 urte bete dira aurten, eta datorren urtean, 2025ean, 50 urte beteko dira idazle bilbotarra hil zela. Urteurren borobilak izanda ere, kasualitatea izan dela dio Urangak. Ez hainbeste lana aurkezteko aukeratu dituzten lehen hiru herriak: Zumaian azaroaren 7an estreinatu ondoren (bi aktoreak zumaiarrak dira), Bilbon (Arestiren jaioterria) eskainiko dute lana azaroaren 12an, Euskaltzaindiaren egoitzan, eta Eibarren (Pedro Alberdiren ipuina kokatzen den herrian) datorren abenduan, Armagintza Eskolan. "Ez da kasualitatea, egon beharreko plazak dira. Eta badaude [Arestiren bizitzarekin lotutako plaza] gehiago, badago Orio, badago Zarautz, Laudio [Araba], badago Hernani [Gipuzkoa], badago Donostia".
Berriketaldian zehar erretiro hitza erabili du Kandido Urangak. Aktore izatea uzteko asmotan ote da? "Jubilaziorako paperak eginda ditut, baina lanean jarraituko dut, beste era batera. Behar bada gustuko lanak egingo ditut, baina ez hainbesteko presioarekin. Errazagoa dut orain ezezkoa ematea, aldian-aldian, arrazoi desberdinengatik. Orain hau egin dut, eta ondoren ez dakir zer etorriko den. Gero, batzuetan pentsatu izan dut ea zergatik sartzen naizen halako kontuetan, halako ederki bizi nintzenean Zumaian, kalleriberan, taberna artean...".
"Ari da Arestiren testua botatzen!", moztu dio Tolosak. Biak ere barrez hasi dira, sekretu bat partekatuko balute bezala, pozik. "Kandidok duela 40 urte esaten zuen: antzerki bat hasi baino lehen pentsatzen dut, 'ze ostia egiten dut hemen? Ez al nago hobeto Txinan?'. Hori zeuk esandakoa da, Kandido!".
Emaitza ikuslearengana helduko dela espero du Urangak. "Pertsonalki esango dut Gabriel Arestirekin eta poema horrekin nuen arantza kendu dudala; har hori, behar hori, ase dudala, eta hori niretzako oso garrantzitsua da. Inaziorekin izatea, gainera, plazer eta esperimentazio handiko lana izan da, poz handia eman didan lan mardula".
Polemikak blaitutako mito iraultzailea
Iraultza bat suposatu zuen Gabriel Arestik (1933-1975) oraindik ere frankismoaren itzalpe ilunean zegoen euskal kulturan. Bilbon 1933. urtean jaioa, 12 urterekin hasi zen euskalduntzen eta 21 urte zituela argitaratu zituen lehen poemak; 1964an, berriz, bere lan ezagunena plazaratu zuen, Harri eta herri, Zarauzko Itxaropena argitaletxearen bidez.
Literatura genero guztiak jorratu zituen: poesia, narrazioa, antzerkia eta saiakera. Poeta sozial eta iraultzaile gisa definitua, Euskaltzaindiako laguntzaile ere izan zen 1957tik aurrera, eta euskara batuaren sortzaileen eta sustatzaileen artean kokatzen dute, Koldo Mitxelena, Luis Villasante eta Txillardegi euskalariekin batera. Pertsonaia polemikoa –espainolista batzuentzako, burges txikia besteentzat–, 1975ean hil zen, 41 urte besterik ez zituela.
Arestiren pertsonalitate polemikoaz aritu dira Uranga zein Tolosa. "Polemika maite zuen. Ikusten zuenean sua pizteko aukera zegoela, sua pizten zuen, jendea pizten zuen", dio Tolosak. "Ez zuen polemika ekidingo, baina gauza da berarengana joaten zirela. Bera defendatu egiten zen", iritzi dio Urangak. "Polemikoa zen esaten zituen gauzak esaten zituelako. Profeta bat zen. Profeta batek lehenbizi gauzak salatzen ditu, eta salaketa egiten duenak gero arazoak izaten ditu. Jorge Oteizak ere polemikak izan zituen, baina beste alde batetik: Oteizak listoentzat zizelkatzen zuen; Arestik, berriz, tontoentzat idazten zuen".
Haren izaera garbi erakusten duen pasadizoa ere gogoratu du Tolosak: "Poesiako Espainiako Saria eman zioten frankismoaren garaian. Manuel Fragak [Turismo eta Informazio ministroa frankismo garaian, eta Alderdi Popularraren sortzailea diktadorea hil eta gero] eman zion saria, eta hark galdetu zion, hain ona bazen zergatik ez zuen gaztelaniaz idazten, hala irakurle gehiago izango zituelako. Arestik erantzun zion: 'Irakurleak nahiko banitu, txinatarrez idatziko nuke'".
Arestiri "miresmen handia" diotela onartu dute Urangak zein Tolosak, eta harekiko zorretan daudela ere azaldu dute elkarrizketan zehar. Zor hori pertsonala baino gehiago, kolektiboa dela esan dute. Urangaren ustez, "Euskal Herri osoa dago zorretan Gabriel Arestirekin oraindik eta betirako".