Larunbat honetan jokatuko da Txirrindularitzako 17. Zumaia Saria

Onintza Lete Arrieta 2025ko ots. 19a, 11:00

Pelotoia, iazko proban, Aizarnazabal parean maldan gora. (Mireia Galarza Bastida)

Zumaiako probarekin hasiko da Hego Euskal Herriko errepideko denboraldia, eta puntuagarria izango da Euskaldun Trofeorako. Hurrengo aste eta hilabeteetan, hainbat proba jokatuko dituzte eskualdean, bai gizonezkoek Trofeo horren barruan, baita emakumezkoek, kadeeteek eta juniorrek ere.

Larunbat goizean jokatuko dute txirrindularitzako 17. Zumaia Saria. 29 urtez azpikoen proba da, eta Euskaldun Trofeorako puntuagarria. Beti bezala, Zumaiako lasterketa horrekin estreinatuko da Hego Euskal Herriko errepideko denboraldia. Arritxu Iribar Zumaiako Txirrindularitza Elkarteko kideak Gukari azaldu dionez, 170-180 txirrindulari espero dituzte 10:00etan hasiko den proban, eta ibilbidearen ezaugarriengatik, esprinterrentzat lasterketa egokia izango dela gogorarazi du.

114 kilometroko ibilbidea du probak: hiru Zakila Bira txiki eta bi handi egin beharko dituzte txirrindulariek, eta Meagako gainean, bi pasoetan mendiko sarirako puntuak emango dituzte. Ohi bezala, Getaria, Zarautz, Aizarnazabal eta Zestoa inguruan ibiliko dira partaideak, eta 13:00 aldera amaituko da lasterketa.

Iribarrek probaren berezitasuna zein den nabarmendu du: «Denboraldian zehar esprinterrentzat aukera gutxi izaten dira, eta hau oso lasterketa preziatua da, lehena delako eta lasterketa amaitzeko jendeak arazorik ez duelako izaten; junior mailatik pasatutako txirrindularientzat ere maila berrian estreinatzeko oso-oso egokia da proba hau».

Lasterketa behar bezala gauzatzeko boluntariorik ez da faltako larunbatean. Izan ere, 60 boluntario inguru ibiliko dira bidegurutzeak zaintzen –horietako gehienak herriko txirrindulari elkarteko kideak eta harrobiko neska-mutilen gurasoak dira–, baita hamabi lotura-moto ere, txirrindularien segurtasuna bermatzeko. Azken horiek Gipuzkoako txirrindularien lasterketak zaintzeko dagoen taldeko kideak dira.

Agirre eta Salegi zumaiarrak tartean

Parte hartzaileei dagokienez, Hego Euskal Herriko talde guztiak izango dira, baina antolatzaileek ez dakite zein txirrindularik parte hartuko duten zehazki, izen ematea zabalik baitago ostiralera arte Gipuzkoako Txirrindulari Federazioaren webgunean.

Hori bai, Iribarrek jakinarazi du partaideen artean bi zumaiar egongo direla: Euskadi Fundazioarekin ariko da Aitor Agirre, eta Eulen-Jira Birarekin Mattin Salegi. Iaz ere jokatu zuten proba bi txirrindulari zumaiarrek. Iazko edizioan, esaterako, Sergio Romero gailendu zen errepideko denboraldiko lehenengo proban. Lasterketaren hasieran ihes egitea lortu zuten Ibai Irisarrik, Iñaki Trujillok, Diego Ruiz de Arkautek eta Agirre zumaiarrak, baina ibilbidearen soiltasunak pelotoiari lagundu, eta Finisher taldeko Romerok lortu zuen lehenengo postuan helmugaratzea. Bigarren iritsi zen Ruiz de Arkaute, eta hirugarren, Haritz Azurmendi.

Euskalduna Torneoko bigarren proba Bergaran (Gipuzkoa) edukiko dute, martxoaren 30ean. Zumaiakoan bezala, 114 kilometroko ibilbidea egin beharko dute han ere txirrindulariek, 10:00etan hasita.

Urteroko hitzorduak eskualdera iristear

Udaberria gerturatzen ari den heinean, txirrindularitza proben datak ere hurbiltzen ari dira. Larunbat honetan bertan izango da aurreneko proba eskualdeko errepideetan, gizonezkoen Euskaldun Trofeoko 17. Zumaia Saria jokatuko baita, eta Zumaian ez ezik, txirrindulariak Zarautzen, Getarian, Aizarnazabalen eta Zestoan ere ibiliko dira. Ondoren, Gorlako Igoeran ere Bergaratik (Gipuzkoa) Azkoitia alderaino joango dira kirolariak, Aizpurutxo eta Elosu aldera. Martxoaren 30ean izango da hori.

Eskualdean hasi eta amaituko diren probak ere jokatuko dituzte txapelketa horren barruan. Hain zuzen, ekainaren 10ean Aizarnazabalen izango da hitzordua, Gervaisen Oroimenezkoa jokatuko baita orduan. Tartean, Gipuzkoako hainbat herritan izango dira lasterketak: apirilean Lazkaon, maiatzean Beasainen, eta ekain hasieran, Seguran eta Irunen. Ekainean amaituko da torneoa, Ataungo eta Tolosako probekin.

Emakumezkoek ere asteburu honetan hasiko dute errepideko denboraldia, baina eskualdean proba bakarra dago zehaztuta: Aizarnazabalen jokatuko dena ekainaren 10ean. Elitekoek ez ezik, juniorrek eta 23 urtez azpikoek ere parte hartuko dute erlojuaren kontrako Gipuzkoako Txapelketako proba horretan.

Guztira hamahiru lasterketa jokatuko dituzte; azkena, urriaren 5ean, Eibarren (Gipuzkoa).

Kadeteak eta juniorrak

Kadeteek ere jokatuko dituzte probak eskualdean. Zarautzen izango dute aurreneko hitzordua, martxoaren 15ean, 34. Zarauztarra Saria. 45 kilometroko proba korrituko dute bertan. Martxoaren 29an Zestoak hartuko du lekukoa, Zestoako 12. Gurutzeaga Sariarekin, eta Zumaian eta Azpeitian ere egingo dituzte proba bana, biak uztailean. Guztira hamazazpi lasterketa izango ditu kadeteen denboraldiak, tartean Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak.

Berrogei proba edukiko ditu, berriz, junior mailako txirrindularien denboraldiak. Hurrengo asteko asteburuan, martxoaren 2an, izango dute aurreneko hitzordua Eibarren, eta eskualdean lau bider ibiliko dira lehian; aurrena, martxoaren 16an, Azpeitian, 42. San Jose Sarian. 80 kilometroko ibilbidea osatuko dute Azpeitia eta Zestoa artean. Zestoan apirilaren 27an jokatuko dute proba, Aizarnazabalen ekainaren 10ean –Gervaisen Oroimenezkoan izango dira junioarrak ere–, eta irailaren 14an Zarautzen edukiko dute proba. Irailaren 20an amaituko dute denboraldia, Urnietan (Gipuzkoa).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide