Hasi dituzte Larretxo auzategian igogailua jartzeko lanak

Juan Luis Romatet 2025ko ots. 20a, 13:00

Makina hondeatzailea lanean Larretxo auzategian. (Zumaiako Udala)

Igogailu berriak hiru geldiune izango ditu eta hura egiteko lanak zortzi hilabeteko epea izango dutela aurreikusten dute. Lanek irauten duten denboran auzategiko aparkaleku batzuk kenduko dituztela iragarri du udalak.

Muino baten gainean dago eraikita Larretxo auzategia. Maldaz betetako gunea izanik, eta bertako bizilagunen irisgarritasuna hobetze aldera, auzunea beheko partearekin lotuko zukeen bi igogailu jartzeko proiektua diseinatu zuen Zumaiako Udalak. Duela urte batzuk egin zuten Larretxo eta Ardantzabide lotzen dituen igogailua, eta orain Itzurunbidearekin lotuko duenaren obrak hasi dituzte. Makina hondeatzaileak dagoeneko lanean dira Talaimendira eramaten duen mendi magalean. 

Udalak ohar bidez azaldu duenez, igogailu honek auzuneko bizilagunen mugikortasuna hobetzea du helburu. Itzurunbidea pasealekua eta Larretxo lotuko dituen igogailu honek hiru geldiune izango ditu: Itzurunbidea pasealekua, erdialdeko belargunea eta Larretxoko goialdeko pasabidean. Udalaren esanetan, "egitura honek ibilbide irisgarria bermatuko du, eremuaren topografia kontuan hartuta". Gaineratu duenez, lehen eta bigarren pisuko geldiunearen eremuak txukunduko ditu udalak.

Lanek 671.298 euroko aurrekontua izango dute eta zortzi hilabeteko exekuzio epea. Construcciones Urdinberri, S.L. enpresa arduratuko da obra egiteaz. Udalak onartu du, aldaketa batzuk direla medio, lanen hasiera espero baino gehiago luzatu dela. "Hasiera batean aurkeztutako proiektuetan hobekuntzak txertatu behar izan ziren lehenengo, bizilagunen ekarpenak entzun ondoren". Lehen deialdia hutsik geratu zela ere azaldu du udalak, eta proiektuaren aurrekontua igota bigarren deialdi bat atera behar izan zutela. 

Aparkalekuak kendu

Lanek izango dute eragina auzategiko trafikoan. Izan ere, aparkaleku batzuk kendu behar izan dituzte, udalaren esanetan, "obra egiteko beharrezko materiala eta egiturak gordetzeko".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide