Euskaraldia 2025

Maddi Etxabe: "Nahi dugu gaztelaniarako joera duen jendea ere Euskaraldiaren parte izatea"

Juan Luis Romatet 2025ko ots. 24a, 12:00

Maddi Etxabe Euskaraldiko dinamizatzailea, pasa den astean, Alondegian. (Juan Luis Romatet)

Maiatzaren 15etik 25era bitartean egingo dute aurtengo Euskaraldia. Euskara ardatz duen ariketa sozialaren dinamizatze lanetan arituko da Maddi Etxabe Zumaian zein Getarian. Aurtengo edizioak izango dituen berrikuntzez eta helburuez aritu da honako elkarrizketan.

Euskaraldia antolatzen dela laugarren aldia da aurtengoa. Zer berrikuntza izango ditu? 

Berrikuntza nagusia data bera da. Lehen abenduan egiten zen, eta orain pasatuko da maiatzera. 11 egunetan oinarrituko da, maiatzaren 15etik 25era, eta maiatzean egunak luzeagoak direla aprobetxatu nahi da. Txapen erabilera sustatzea ere neguan zailagoa zen. Hori ere sustatu nahi da eta probatze aldera hartu da data aldatzearen erabakia.  

Logoari dagokionez ere berria da. Logo horrek mugimendua irudikatu nahi du. Horretarako koloreak erabili dira, baita beste formatu batzuk; collageak, esaterako.  

Xaxatzaile figura ere izango da aurten, 16 urtetik beherakoei zuzenduta, gazte horiek legalki ezingo dute eta parte hartu Euskaraldian. Gero, beste hizkuntza batzuek hitz egiten dutenekin ere lanketa egin nahi da, Euskaraldia zer den azaltzeko eta euskara ulertzen ez duten pertsona horiek kanpoan ez uzteko.  

Dinamikan izango al da aldaketarik? 

Txapak ez dira aldatuko. Ahobizi eta belarriprest figurak izango dira aurten ere, aurreko edizioetan egon diren berberak. Hikaldia ere egin izan da aurreko edizioetan, hamaikakoa ere bai, eta horri heldu nahi izan zaio aurten ere.  

Zumaian eta Getarian arituko zara Euskaraldia dinamizatzen. Zein izango dira zure ardurak? 

Batzordeak prestatzea, batzordeetara jendea animatzea, eta herriko ekimenak sustatzea. Zumaiako kasuan, Astindu dantza elkarteak prestatutako koreografia herrira ekartzea, eta zer datetan egingo den ere erabakitzea ere. Getariako kasuan, berriz, bertan agertuko diren beste ekintza batzuk sustatzea izango da ardura. Azken finean, herria girotzea eta ikusgarria egitea izango da lana, Euskaraldia herriko zerbait dela kontuan hartzeko.  

Agian hori izango da zailena, Euskaraldia zerbait propioa dela barneratzea. 

Hori da. Azkenean, Euskaraldiaren helburua bada hizkuntza ohiturak aldatzea, eta behin datak igarota, euskararen aldeko apustua Euskaraldiaz haratago segitzea. Erronka zailena izango da hori.

Parte hartzeko izena eman beharko da? 

Entitateentzako dagoeneko zabalik dago izen ematea, Euskaraldiko webgunean. Entitate bezala bi aukera izango dira, sakona bat, eta oinarrizkoa bestea. Sakonaren kasuan, apirilaren 20 aldera itxiko da, eta oinarrizkoarena, aldiz, maiatzaren hasieran. Norbanakoen kasuan, martxoaren 15ean irekiko da izen ematea. Online egingo da, eta gero herri batzordeek erabakiko dute izenak emateko mahaia noiz eta non jarri.  

Euskaraldian parte hartuko dutenei zer konpromiso eskatzen zaie? 

Lehenengo eta behin, zintzotasunez jokatzea. Bi aukera egongo dira, ahobizi eta belarriprest. Mezua bientzako bera da: "nirekin egin ezazu euskaraz". Norberaren aukerak, gaitasunak eta baliabideak ikusita, zintzotasunez aukeratzea eskatuko zaie.   

Dagoeneko konbentzituta dagoena erakartzea erraza izango da. Zailagoa izango da "kanpoan” sentitzen den Euskaraldira hurbiltzea, ezta? 

Hori da batzordeek duten erronka nagusienetakoa. Betiko jendea, euskara dakitena eta erabiltzen dutena, hori erakartzea erraza izango da. Baina gaztelaniarako joera duen jendea hurreratu nahi dugu. Nahi dugu pertsona horiek ere Euskaraldiaren parte izatea, eta haien hizkuntza ohiturak zertxobait astintzea.  

Zer mezu bidali daiteke Euskaraldian parte hartzera animatzeko? 

Bakoitzak ahal duen horretatik konpromiso txiki bat har dezatela. Batzuentzako erraza izango da 11 egunetan euskaraz egitea. Erraza egiten ez zaienei, berriz, proba egitea eskatzen zaie, jolas bat bezala hartzea, lotsak eta beldurrak kenduta. Esperimentazio horretan bustitzea, alegia. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide