Zaintzarik gabe ez dago bizitzarik, ez dago egunerokorik. Guztiok izan gara zainduak eta guztiok zaindu(ko) dugu beste norbait noizbait. Etxe guztietan dago, edo egongo da, zaintzarekin lotutako galdera, kezka eta ezinegon mordoa. Eta hori horrela izanik, zergatik dira zaintza lanak hain ikusezinak, hain etxe barrukoak? Zergatik gutxietsiak eta prekarizatuak? Norentzat da komenigarria zaintza emakumeen bizkar uztea? Nor ari da gure bizitzen kontura aberasten?
Galdera horiek uste baino erantzun errazagoak dituzte. Zaintza krisiak egitura sistemikoa eta gurutzatua du: kapitalismoak zaintza merkantilizatzen du, bizitzeko oinarrizko beharrak diruaren logikan harrapatuz; heteropatriarkatuak emakumeen ardura naturaltzat jotzen du ondokoak zaintzea; eta arrazakeriak, pertsona migranteak eta arrazializatuak esklabutzen ditu gaur egun ere, zuriok egin nahi ez ditugun lanak eskulan merkearen truke egin ditzaten.
Egitura hori ez da batere abstraktua: gure etxeetan, gorputzetan, harremanetan eta komunitateetan gauzatzen da, modu erreal eta egunerokoan. Kapitalaren logika gordinean antolatutako bizimoduak gure denbora, osasuna eta duintasuna lapurtzen ditu. Bizitza bakarra eta finitoa dugu guztiok, eta ezin dugu hori onartu.
Etsipena ez da aukera bat: zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borroka erroko aldaketa baterako bideorri izan daiteke. Zaintza gure bizitza zeharkatzen duen kontua da, eta horrek antolaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala guztiz eraldatzeko aukera eskaintzen du. Zaintza eremu pribatutik, familia nuklearretik eta merkatuaren logikatik atera, eta gizartea bestelako era batean antolatzeko printzipio gidatzaile bihur dezakegu; nahi eta "behar" neoliberalen ordez, guztion bizitza bizigarriak eta zoriontasun kolektiborako giltzarri.
Bide hori hasia dugu Euskal Herrian. 2023ko azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrarekin argi utzi genuen: zaintza ezin da negozio, ezta gutxi batzuen pribilegio (eta beste batzuen zama) bihurtu. Eskubide kolektibo behar du izan. Horretarako, ezinbestekoa da zaintza sistema publiko-komunitario bat eraikitzea.
Ari gara zaintzen duen Zumaia irudikatzen. Zaintza arloko langileekin, elkarteekin, pertsona zainduekin eta bizilagunekin elkarlanean ari gara: pertsonon askotariko beharretan arreta jartzen, kontzientziak astintzen eta zaintzak erdigunean izango dituzten herri eta auzoak imajinatzen. Plazak, kaleak eta auzoak zaintza sare eraldatzaile bihur ditzakegu, elkarren babesa lehenetsiz eta komunitatea berreskuratuz, bizitzen bestelako antolaketa formak eratzeko.
Kontraesanez eta galderez beteta egiten ari gara bidea, baina ari gara. Greba egunez, A8a mozten; bihar mahai intersindikal batean eserita; etzi bizilagunekin auzoan zaintza sareak ehuntzen; hurrengo egunean instituzioei erantzukizunak eskatuz edo soluzio berriak mahai gainean jarriz. Gizonak ere interpelatuko ditugu –askotan gure ondo-ondokoak– beren pribilegioak zalantzan jar ditzaten eta zaintzaren ardura guztion artean banatzeko urratsak egin ditzaten.
Dena aldatzeko leku eta era guztietan egon beharra dugu: kaleetan, mahaietan, auzoetan eta plazetan. Badakigu batzuei eragozpenak sortuko dizkiegula, baina aldaketarik ez dago deserosotasunik gabe. Molestatu egingo dugu tarteka, baina guztion alde ari gara: gehiengoaren bizitza bizigarriak defendatzen eta zaintza erdigunean jarriz.
Zaintza erdigunera. Bizitza bizigarriak guztiontzat.