Balenciaga ontziolako lan gatazka

Enpresa zabalik mantentzeko presioa egitea eskatu dute Balenciagako langileek Batzar Nagusietan

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 3a, 13:50

Balenciagako langileak, gaur Batzar Nagusietan. (BN Gipuzkoa)

Balenciaga ontziolako langileen ordezkaritza bat Donostian izan da gaur, Batzar Nagusien egoitzan. Batzarkideei enpresaren alde borroka egitea eskatu diete, ontziolaren etorkizuna kinka larrian dagoelako. 

Balenciaga ontziola zabalik mantentzeko mugimenduak azken txanpan sartu dira. Martxoan zehar aldaketarik ez bada, hilaren 31n enpresa itxiko duten arriskua dago, ordura arte luzatu zuelako hartzekodunen lehiaketako administratzaileak langileen aldi baterako erregulazio espedientea. 

Langileen ordezkaritza bat Gipuzkoako Batzar Nagusiek Donostian duten egoitzan izan da gaur goizean, Zumaiako enpresak bizi duen lan gatazkaren berri emateko. Langileek batzarkideei eskatu diete Cofides funts publiko-pribatuari presioa egiteko. Izan ere, enpresaren bideragarritasun plana blokeatzen jarraitzen du ontziolaren hartzekodun handiena den, eta Espainiako Gobernuaren partaidetza duen funts horrek. 

Horrekin batera, enpresaren etorkizuna bermatuko lukeen inbertitzaileak bilatzen jarraitzea ere eskatu dute langileek gaur egindako agerraldian. Eusko Jaurlaritzari, bere aldetik, eskatu diote finantziazio bideak aurki ditzala ontziola martxan jarraitzeko. 

Balizko inbertitzaileak

Batzar Nagusietan egindako bilkuran, PSE-EEko batzarkide Maria Jesus Egidok adierazi du Balenciagako jarduera hartzeko bi inbertitzaile daudela, eta "oso interesatuak" daudela. Irtenbide bat "hurbil" egon daitekeela ere azaldu du alderdi sozialistako batzarkideak. Gaineratu du Ekonomia eta Industria Ministerioa ontziolaren bideragarritasuna bermatuko duen irtenbide bat aurkitzeko lanetan ari dela, eta horretarako beste instituzioek ere lagundu beharko dutela. 

Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza ere Batzar Nagusietan izan da gaur goizean, Balenciagako langileek bere eta udalaren elkartasuna adierazteko. Ministerioari eskatu dio ez izateko oztopoa ontziolaren etorkizunean, eta aldundiari zein Eusko Jaurlaritzari eskatu die, haien inbertsio funtsen bidez, laguntza eskaintzeko ontziola zabalik mantentzeko agertu daitezkeen proposamenei. "Lanpostu horiek mantentzea eta enpresa etorkizuna izatea nahi dugu", gaineratu du Ostolazak. "Enpresa garrantzitsua da lurraldean, eta Gipuzkoak mota honetako enpresak behar ditu".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide