2024. urtean indarkeria matxista jasan zuten 5.634 kasuren berri izan genuen. Urtea hasi denetik, 565 indarkeria kasu baino gehiago salatu dituzte EAEn, eta bi erailketa matxista gertatu dira Euskal Herrian. Sei irakasle erasotzaileren berri ere eman dute azken egunetan, bai unibertsitatean, bai bigarren hezkuntzan. Urrunera joan gabe, gure eskualdean bertan islatzen da indarkeria matxistaren gorakada nabarmena. Zarautzen, terapia-kontsulta bat duen gizon bat atxilotu zuten sexu erasoa egotzita eta Orion, Mola Mola tabernako zerbitzari batek hainbat gazteri egindako zenbait sexu eraso salatu dituzte.
Biolentzia matxista areagotzeaz gain, jarrera erreakzionarioen gorakada bat ere ari gara ikusten gure kaleetan. Zarautzen bertan, LGTB+ kolektiboaren aurkako mezu bat agertu zen. Hauxe da bizi dugun errealitatea. Emakumeontzat eguneroko ogia dira halako albisteak, eta, zoritxarrez, gero eta normalizatuago ditugu. Zifra eta gertaera horiek benetan beldurgarriak dira, baina egoeraren aurkako erantzuna ez dator bat gertakarien larritasunarekin. Bestela esanda, urgentziazko egoera honen aurrean, desmobilizazio orokor baten aurrean gaude.
Areagotzen eta normalizatzen ari dira ideia erreakzionarioak eta matxistak gure inguruan: kalean, instituzioetan zein sare sozialetan. Ultraeskuina testuinguru hori baliatzen ari da mezu matxistak eta erreakzionarioak zabaltzeko eta ideologia matxistaren hedapenari bide emateko. Modu ezberdinetan ukatu eta zuzenean erreproduzitzen dute indarkeria matxista, ultraeskuineko influencer edo youtuberretan barrena, sare sozialen bidez adibidez: Llados, emakumeak objektu bilakatzen ("Mi mujer es una extensión de mí"); "Dandy de Barcelona", prostituzioa normalizatzen ("Me he gastado 500.000€ en samaritanas del amor", "La prostitución debería ser una necesidad de los hombres"); Xokas, bortxaketaren kultura sustatzen ("Ligar es mucho más fácil con pibas colocadas"). Hori guztia, haiek matxistak ez direla premisatzat hartuta.
Emakume langileok jasaten dugun zapalkuntzak forma asko hartzen dituen arren, arazoa egiturazkoa da. Gizarte kapitalistak bere klase-interesak defenditzeko gizarte sektore azpiratuak behar ditu, eta jakina da emakume langilea horietako bat dela. Ekonomikoki eta kulturalki ez ezik, estetikaren industriak emakumea subjektu debaluatu bihurtzen du, haren sexualizazioaren eta gorputzaren merkantilizazioaren bidez. Esan gabe doa, horren ondoriorik gordinena matxismoaren espresio desberdinena dela. Horren aurka antolatzeak ezinbestean eskatzen du estatu kapitalistaren eta hura defenditzen duten alderdi politikoetatik kanpo antolatzea.
Testuinguru honetan, gainera, segurtasunaren izenean gorputz poliziala indartzen ari direla ikusten ari gara. Baina segurtasun premisa faltsuen aurrean, gogora ekarri behar da azken udarako eraso matxisten %15 poliziek egin zituztela. Argi dago ez gaituztela babesten. Horregatik, premiazkoa da instituzioetatik kanpo antolatzea eta arazoaren sustraira doan proposamen politiko bat garatzea; horrela bakarrik amaituko dugu indarkeria matxistarekin.
Gure ardura da bizi dugun egoera salatzea eta diskurtso matxista eta faxistei aurre egitea, matxismoari aurre egiteko tresnak garatzeaz gain. Horregatik guztiagatik, Urola Kostako Itaiak martxoaren 8an, 19:00etan, Udaletxe Plazan deitu duen elkarretaratzera joateko deia egiten dugu.
Martxoaren 8an kaleak har ditzagun!
Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara!