Naturaren isla margoen bidez

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 4a, 09:58

Amaia Aranzabal, Oxfordeko erakusketara ekarritako koadroekin. (Juan Luis Romatet)

Akuarelak erabiliz sortutako lanen erakusketa zabaldu du Amaia Aranzabal margolari arrasatearrak Zumaian, Alondegiko Oxford aretoan. Martxoaren 16ra arte bisitatu ahal izango da.

Ingurumenarekin harreman estua du Amaia Aranzabalek (Arrasate, Gipuzkoa, 1955); izan ere, betidanik naturak haren interesa piztu du. Biologia ikasi zuen eta lanbidez irakaslea izan da, duela urte batzuk erretiroa hartu zuen arte. Orain, naturak eskaintzen dizkion eta berak hainbeste maite dituen paisai horiek margoen bidez jasotzen ditu paper edo mihiseetan. Aranzabalek azken urteetan egindako 30etik gora lan ikus daitezke egunotan Zumaian, Alondegiko Oxford aretoan muntatutako erakusketan. 

Aranzabalen margoetan itsasoko irudiak ikus daitezke, portuetakoak edo itsasadarretakoak ere bai, baita dunetakoak eta basoetakoak ere. Hondartza kolpatzen duten olatuen irudiak margotu ditu, baina baita denborak kostaldean kateatuta geratu den ontzi batean duen eraginarena ere. Erakusketa Zumaian izanik, Algorriko labarretako koadro bat ere erakutsi nahi izan du margolariak. Tamaina txikiagoko koadro batzuetan, berriz, landareak ere margotu ditu artistak. 

Natura maite

Beste gai batzuen inguruko lanak ere egin izan ditu Aranzabalek: "Bodegoiak ere asko margotu ditut; erretratuak egitea, berriz, ez dut hain gogoko", dio. Dena den, paisaiek bultzatzen dute arrasatearra pintzelak hartu eta koadroak egitera. Horretarako, lekura bertara joan beharrean, argazkiak erabiltzen ditu koadroetarako oinarri bezala. "Argazki batzuk lagunek ateratakoak dira, eta beste batzuk Interneten aurkitu ditut", adierazi du margolariak.

Oxfordeko erakusketara ekarritako koadro guztiek badute beste berezitasun bat: horiek margotzeko erabilitako teknika. Hain justu, akuarelaren bidez egiten ditu Aranzabalek lan guztiak. Margo mota hori bere ezaugarrietara hobeto egokitzen dela uste du. "Olioarekin ere lan egin izan dut, gehienbat margotzen hasi nintzenean. Baina olioak denbora asko behar du lehortzen; akuarelarekin azkarrago lan egiten da, eta behin lan bat hastean amaitu egin behar duzu". Egindako lanak karpeta desberdinetan gordetzen dituela dio. "Zumaiako kasuan bezala, erakusketa bat jartzea proposatzen badidate, karpeta hartu eta han izango ditut azkenaldian egindako lanak", dio irribarre batekin. 

Erretiroa hartu eta gero hasi zen Aranzabal koadroak margotzen. "Lehen, lana zela eta, ez nuen horretarako denborarik, baina, erretiratu nintzenean, margotzeko denbora hartzen hasi nintzen". Zaletasuna pasio bihurtzen denean, batzuk etengabe aritu ohi dira horretan, baina ez da hori Aranzabalen kasua. Hark kontatu duenez, astean pare bat egunez aritzen da margotzen. "Bestela, egindako guztia gordetzeko lekurik ez nuke izango!", dio.  

Kolektibotik banakakora

Aranzabal bere jaioterriko beste artista batzuekin aritzen da lanean, espazio berean. Margotzen hastea gauza bat da, baina oso bestelakoa egindako lan hori herrikideei erakustea. Hala, Arrasaten bertan erakusketa kolektibo batzuetan parte hartu izan du Aranzabalek, baita Debagoienako beste herri batzuetan edo Gasteizen ere. Orain, hurrengo pauso gisa, banakako erakusketak egiten hasi da. Hori horrela, 2023ko udazkenean Itsasoa, mendia, hiria izeneko erakusketa zabaldu zuen Urretxun (Gipuzkoa). Zumaiakoa du, oraingoz, agendan duen azken hitzordua, nahiz eta edozein proposamen ongietorria izango dela dioen.

Erakusketa martxoaren 16ra arte bisitatu ahalko da, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Asteburu eta jaiegunetan, eguerdietan ere ikusteko aukera izango da, 12:30etik 14:00etara.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide