Balenciaga ontziolako lan gatazka

Balenciagaren zorra jaistea onartu du Cofides sozietateak

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 7a, 09:12

Langileak, Balenciaga ez ixteko eskatzen duten pankarta jartzen. (Balenciaga Ez Itxi)

Zumaiako ontziolak duen hamabost milioiko zorra 8,5 milioi eurora jaistea onartu du Cofides funtsak. Martxoaren 31ra arteko epea dute ontziolaren kudeaketa bere gain hartuko duen inbertitzailea aurkitzeko. 

Mugimenduak izan dira azken orduetan Balenciaga ontziolaren inguruan. EITBk aurreratu duenez, Espainiako Ekonomia eta Industria Ministerioa partaide den Cofides sozietate publiko-pribatuak Balenciagak harekin duen zorra jaisteko erabakia hartu du. Gaur gaurkoz, hamabost milioi euroko zorra du Zumaiako enpresak funts horrekin, eta kopurua 8,5 milioi eurotara jaistea onartu du Cofidesek. Kitapen horrek hartzekodunen konkurtsoaren administratzailearen oniritzia ere jaso duela iragarri du.

Gogoratu behar da orain arte Cofides izan dela Balenciagaren etorkizuna bermatzeko unean oztopo nagusiena, udazkenean onartutako berregituraketa planari ezezkoa eman ziolako. Erabaki haren ondorioz, hartzekodunen lehiaketan sartu zen Balenciaga joan zen azaroan.

Orain, baina, zorraren kitapenak ontziolaren kudeaketa hartuko lukeen inbertitzaileen interesa piztea erraztu dezakeela uste dute lan gatazkan inplikatutako erakundeek. Horren harira, Balenciaga bere gain hartzeko bi inbertitzaile "oso interesatuta" daudela iragarri zuen Maria Jesus Egido PSE-EEren Gipuzkoako batzarkideak astearen hasieran, Balenciagako langileen ordezkaritzak Gipuzkoako Batzar Nagusietara egindako bisitaren atarian. 

Tartean, hartzekodunen konkurtsoko administratzaileak martxoaren 31ra arte luzatu zuen langileen aldi baterako erregulazio espedientea. Ondorioz, data horretara arteko epea dute ontziolarako inbertitzaile bat aurkitzeko.

Poza eta kezka

Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak "poza eta kezka" adierazi ditu zorraren kitapenaren berri izan eta gero Euskadi Irratiari eman dion elkarrizketan. Pozik agertu da kitapenagatik, baina oraindik sinatu gabe dagoela ohartarazi du hark. "Filtrazio bat izan da, eta horrek ez du aurrera egiten laguntzen", alkatearen arabera. Ontziolarako inbertitzaile posibleak egon badaudela gaineratu du, baina gogoratu du denbora askorik ez dela geratzen ontziolaren likidazioa saihesteko. Balizko inbertitzaile horiek erakartzeko oraindik lan asko egin behar dela ere adierazi du Ostolazak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide