Itzulpen automatikoa euskal hedabideetan: amarrua edo amua?

Maria Maya Manterola 2025ko mar. 13a, 13:21

Atzoko solasaldiko irudi bat. (Maria Maya Manterola)

Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloaren bigarren saioa izan zen atzo, Oxford aretoan. Euskal hedabideetan itzulpen automatikoa ezartzearen abantailez eta arriskuez aritu ziren solasean Irene Arrarats eta Iban Arantzabal, Gorka Zabaleta UKTko zuzendari nagusiak gidatuta.

Larraina euskara elkarteak antolatzen duen Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloaren barruko bigarren saioa izan zen atzo, asteazkena, Oxford aretoan, Euskal hedabideak eta itzulpengintza automatikoa izenburupean. Iban Arantzabal Goienako zuzendaria eta Irene Arrarats Berriako euskara arduraduna jarri zituzten parez pare, eta Gorka Zabaleta UKTko zuzendari orokorrak izan zuen elkarrizketa norabidetzeko ardura. Hasi aurretik, gaia kokatzeko, Zabaletak kontatu zuen batek baino gehiagok esan izan diola "gazteleraz eta gaizki" irakurri izan duela Zumaiako Baleike aldizkaria –orain Zumaia Guka–.

Interneteko nabigatzaileek –esaterako, Googlek– aukera ematen dute edukia zein hizkuntzatan jaso erabakitzeko, eta ondorioz, Zabaletaren hitzetan, jende askok gazteleraz irakurtzen ditu euskal hedabideetako edukiak. Dena den, badira itzulpen zerbitzuak eskaintzen dituzten eta Euskal Herrian garatutakoak diren tresnak ere: tokiko euskarazko hedabideak batzen dituen Tokikom elkarteak, adibidez, badauka taldeko partaide diren hedabideei eskaintzen dien itzulpenetarako tresna bat. Arantzabalek azaldu zuenez, Goienak itzulpen automatikoaren aukera eskaintzen die irakurleei –albistearen titularra eta sarrera bost hizkuntzara itzulita irakur dezakete erabiltzaileek–. Berria-k, berriz, ez du halako aukerarik eskaintzen.  

Baina zer-nolakoa izan da erabaki hori hartzera iristerako bi hedabideek egin duten gogoeta prozesua? Arraratsek hartu zuen hitza lehenbizi, eta hark azaldu zuen euskaltzaletasuna teknologiaren atzetik doala iruditzen zaiola. Teknologiak egiten uzten duenaz baino teknologiarengandik zer jaso nahi den hausnartu behar dela aipatu zuen hark. Era berean, "olatu teknologikoa akritiko" besarkatu izanaz aritu zen: "Teknologia enpresa handiek kontrolatzen dute dena, eta egin daitekeen guztia ez da egin behar, komeni dena baizik. Hiztun komunitate txikiek joko arau batzuk jarri behar dituzte, eta hedabideetara bueltatuta, irizpide batzuk markatu eta betearazi".  

Itzulpen automatikoa ez eskaintzeak arrazoi asko ditu, Arraratsen arabera, baina nagusiki bat aipatu zuen: Berria euskal hedabideen esparrua eta euskal komunitatea aberasteko eta sendotzeko ari dela lanean. Gainera, haren ustez, jendeak badaki kopiatzen eta itsasten, eta edukia nahi duen hizkuntzara itzul dezake: "Nahi duenak egingo du, erraztu beharrik ez dago".  

Berriako euskara arduradunak aipaturiko "ia guztiarekin" ados agertu zen Arantzabal, "azken puntuarekin izan ezik". Haren susmoa da euskarazko hedabideak "berandu" dabiltzala teknologiaren esparruan. Itzulpenetan gizakia ordezkatzerik ez dagoela uste duen arren, aipatu zuen jende dezente joan izan zaiela erredakziora, Goiena "gazteleraz eta gaizki" irakurtzen zutela esanez. "Errealitate hori ikusita hartu genituen erabakiak. Titularra eta sarrera bakarrik itzultzea erabaki genuen, amu bihurtzeko", azaldu zuen. Tokikomen tresna erabiliz eskaintzen ditu itzulpen horiek Goienak.

Erabaki hori hartzerako, baina, gogoeta prozesu "luzea" egin zutela esan zuen Arantzabalek. Izan ere, Goienako errektore kontseilukideek "zalantzaz" ikusten zuten gaia: "Euskara elkarteena da kontseilu hori. Horiez gain, foro bat sortu eta kide gehiago gonbidatu genituen, tartean, Goienako langile batzuk, Tokikomeko teknologia arduraduna, Ikerlaneko kide bat, Emuneko bat eta Euskaltzaleen Topaguneko Kike Amonarriz. Denbora dezente eman dugu hausnartzen, eta zuzena ala okerra izan, hausnartutako erabakia da hartu genuena". Arantzabalen hitzetan, "periferiako jendeari" egindako keinu bat da, bestalde, itzulpen automatikoaren aukera eskaintzea. "Keinu moduan ulertzen dugu Elgetako AEKn euskara ikasten ari den galiziarrari albisteak irakurtzeko aukera emateko botoi bat jartzea", gaineratu zuen hark.

Sorkuntza eta itzulpena

Euskara eta kazetaritza daude euskal hedabideen oinarrian. Itzulpen automatikoak nola eragiten du, ordea, bi ardatz horietan? Zerk definitzen du euskal hedabide bat gaur egun, erdal hedabideek itzultzaile automatikoen bidez beren edukiak euskaraz eskaini ditzaketenean? Zabaletak egindako galdera horiei tiraka sakondu zuten gaian Arraratsek eta Arantzabalek.  

"The New York Times-ek itzulpen automatikoa baliatuko balu ere, ez lioke ingelesezko komunikabide izateari utziko", adierazi zuen Arraratsek. Beraz, haren hitzetan, euskal hedabideak zentzu horretan "ez daude arriskuan". Bat zetorren Arantzabal ere: "Sorkuntzak bereizten gaitu, ez itzulpenak. Euskal Herriko mapa ikusten dugu, hortik jarduten dugu, eta horrek definitzen gaitu". 

Arrarats, bestalde, edukiak euskal ikuspuntutik sortzeko ahaleginaz aritu zen solasean. Izan ere, haren hitzetan, nazioarteko gai bat ez du modu berean ikusiko kontzientziadun euskaldun euskaltzale batek edo Salamancan bakean bizi izan den pertsona batek: "Erdal mundua, inplizituki, beti kontra daukan hizkuntza gutxitu batean bizi bazara, eta kultura horretan egiten baldin baduzu kazetaritza, nahi eta nahi ez desberdina izango da kazetaritza".

Erakartzeko bide bat? 

Komunitatetik sortutako hedabideak dira Guka, Goiena eta Berria. Hori kontuan izanik, itzulpengintza automatikoa unibertso horretara erakartzeko bide izan al daitekeen galdetu zien Zabaletak hizlariei. Arantzabalen ustez, "laguntza txiki bat" besterik ez litzateke itzulpengintza automatikoa. Izan ere, argi du jarduna dela gakoa, eta aipatu zuen kontua ez dela herritarrak komunitatera erakartzea, komunitatea haiekin sortzea baizik.  

Arraratsen ustez ere, badira herritarrak komunitatera erakartzeko "estrategia hobeak", baina azaldu zuen bera euskal komunitatea handitzeak ez ezik, hori indartzeak kezkatzen duela: "Euskaldunon komunitatea ezin da zabaldu erdaldunari euskaldun deituta". Hein batean, Arantzabal bat etorri zen haren esanarekin, baina zehaztu zuen ez dela bata edo bestea: "Tokiko hedabide baten anbizioa ere bada masiboa izatea, eta are eta jende gehiagorengana heltzea".  

Erabilera datuak eta beste

Itzulpen automatikoaren aldeko hautua egin aurreko gogoeta prozesuaz ere aritu zen Arantzabal, eta behin erabiltzeko erabakia hartuta, horrek kexarik eragin al duen eta datuek zer dioten aletu zuen. Arantzabalen hitzetan, oraindik "laborategi batean" baleude bezala ari dira gaia aztertzen, atzera egiteko aukera beti izango dutela jakinik. Dena den, kexarik ez du ekarri gaiak, hark esan zuenez: "Ez dugu jaso kexarik, adostua izan baita erabakia". Gehien itzuli diren albisteak ere aipatu zituen hark, adibideak jartze aldera: Goienako irakurleen artean itzuliena Aretxabaletako desfilearen albistea izan da; eduki hori irakurri duten 5.000 lagunetik 150ek itzuli dute, hau da, irakurleen % 3ak.

Arraratsen kezka, ordea, bestelakoa da: erdarazko edukiak euskarara itzultzeak arduratzen du. "Itzultzaile automatikoarekin itzulitako testuak uniformeagoak dira, eta asko erabiltzen baldin bada, arriskutsua eta kezkagarria izango da egoera. 'Que te pasa?'', galdetuz gero, 'zer gertatzen zaizu?', itzuliko du makinak, baina bada hori esateko beste modu bat ere: 'Zer duzu?'. Makinak bere burua elikatuko du, eta esango du ez dugula 'orain' esaten, 'une honetan' baizik. Batuari egotzi izan zaio uniformetasun hori". Lehengo itzultzaile automatikoen aldean "ondo" egiten dute lana gaur egungoek, baina Arraratsek azaldu zuenez, itzulpena gramatikala izatea ez da nahikoa.  

Zabaletak Oxford aretora bertaratutakoei eman zien hitza solasaldia amaitu aurretik, eta hizlariei galderak egiteko nahiz iritziak plazaratzeko beta izan zuten hara joandako herritarrek. Ondorioa zera da: itzulpen automatikoa euskal hedabideetan ezartzea tranpa izan daiteke batzuentzat; eta amu besteentzat.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide