Galesekoa eta Ingalaterrako hego-kostaldekoa ditu aita eta ama Olwen Mearsek (Londres). Hogei urteren bueltan daramatza Zumaian bizitzen. Ingeles eskolak ematera etorri zen Euskal Herrira, eta euskara ikasi du. Mintzalagun saioetan parte hartzen du egun.
Zergatik etorri zinen Euskal Herrira?
Britainiar Kontseiluan plaza bat eskatu nuen ingeles eskoletan natibo bezala laguntzeko. Berara (Nafarroa) bidali ninduten lehenengo, inguru oso euskaldunera. Lesakako eskolan egin nuen denboraldi txiki bat, eta Berako eskolako Lehen Hezkuntzan eta Toki Ona institutuan gero. Beste irakasle batzuekin elkarbanatzeko egoitza doan eskaini zidaten, eta han ezagutu nuen nire senarra dena.
Euskal Herria ezagutu aurretik, ba al zenuen euskararen berri?
Zerbait bai. Duela hogeita hamar urte Bartzelonan bizi zen pertsona bat ezagutu nuen, eta hark esan zidan Euskal Herrian hizkuntza oso desberdin bat hitz egiten zela. Londresko etxean Toki Ona institutuari buruzko informazioa jaso nuenean konturatu nintzen izenak ez zirela gaztelerazkoak bezalakoak. Lehengik neukan susmoa areagotu egin zitzaidan orduan.
Nola piztu zitzaizun euskara ikasteko grina?
Hizkuntzak gustatu egiten zaizkit. Hasieran gogorra egin zitzaidan, eta horri lotuta, ulertzen ditut jokoz kanpo sentitzen direla esaten duten atzerritarrak. Izan ere, ni ere horrela sentitzen nintzen hasieran. Dena den, lagunek esfortzu handia egin zuten nirekin, eta haiei oso eskertuta nago. Beti izan dut euskara ikasteko gogoa, baina ez da erraza. Gainera, hasiera batean, gaztelania hobetzea zen nire helburua.
Langabezian geratu nintzenean denbora soberan izaten nuen, eta orduan hasi nintzen lagun batekin euskara ikasten, Zarautzen. Handik denbora batera, haurdun nengoela, Zumaiara lekualdatu ginen, eta semea txikia zela eman nuen AEKn izena. Hiruzpalau urtez joan nintzen euskara ikastera, eta B1 maila egiaztatu nuen. Helburua kanpoan ez sentitzea zen, eta tabernetan nahiz lagunartean saiatzen naiz euskara praktikatzen.
Orduan ezagutu al zenuen Mintzalagun programa?
Bai. Itziar Urangarekin aritu nintzen lau urtez Mintzalagunen. Oso gustura joaten nintzen hitzorduetara, eta pena handia eman zidan saioak emateari utzi zionean. Dena den, jarraitzea erabaki nuen, garrantzitsua delako euskara hitz eginez praktikatzea. Luis Zulaikarekin aritzen naiz orain.
Zer egiten duzue saioetan?
Bakoitzak bere bizitzari buruz hitz egiten du. Hala ere, saio guztiak desberdinak izaten dira.
Mintzalagun gomendatuko al zenioke euskara ikasten ari den norbaiti?
Hitz egitea kostatzen zaion jendea badago. Nik, adibidez, ondo hitz egiteko zailtasunak ditut, baina hitz egiteko, ez. Oso gustura joaten naiz saioetara, giro ona baitugu gure artean. Garrantzitsua da hori, eta uste dut bidelagunaren lana dela sentsibilitatea izatea eta norbere mailara egokitzea, guztiok taldean integratuta egon gaitezen.