Literaturaz gozatzeko beste hiru proposamen izango dituzte irakurle taldeko kideek udaberrian

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 18a, 10:56

Uxue Alberdi taldeko gidaria eta apirilean bisitan izango duten Joseba Zulaika. (Facebook)

Apirilean, maiatzean eta ekainean aztertuko dituzten liburuen berri eman dute. Bi saiotan, apirilean eta ekainean, idazleen bisita ere izango dute. 

Literaturaz gozatzeko aukera gehiago izango dute Irakurri matte Zumaiako irakurle taldeko kideek. Datozen hiru hilabetetan, apirilean, maiatzean eta ekainean, irakurri eta aztertuko dituzten hiru liburuak iragarri ditu Uxue Alberdik gidatzen duen taldeak. Hiru saio horietako bitan, gainera, liburuen idazle beraien bisita izango dute. Saio guztiak Alondegia kultur etxeko Moila gelan egingo dituzte, 18:00etan hasita.

Apirila hastearekin batera, hilaren 1ean, izango dute lehen saioa. Joseba Zulaikaren Aberriaren inpaseak saiakeraz arituko dira, idazlearekin batera. Ez aurrera eta ez atzera egoteak sortzen duen ezinegonetik abiatu da Joseba Zulaika antropologo, pentsalari eta idazlea, gure gizartearen bilakaeraz kezkatuta dagoen edozeini interesatuko zaion liburua osatzeko. 

Japoniara bidaia bigarren saioan

Yukio Mishima poeta eta idazle japoniarraren Maskara baten atzean nobela izango dute hizpide maiatzaren 13an egingo duten saioan. XX. mendeko autore nagusietako bat da Mishima, Literaturako Nobel Sarirako hirutan izan zen hautatua, inoiz jaso ez bazuen ere. Nobela honetan Kochan nerabeak Japonia Inperialeko giro itoan atera beharko du aurrera, orein zauritu baten antzera, garaiko gizarteak inposaturiko moldeetara egokitzeko ahalegin betean. 

Irakurri matteren kurtsoko azken saioa ekainaren 10ean izango da, eta Jule Goikoetxearen bisita izango dute. Izan ere, hark idatzitako Politeismo bastarta. Lau egun Angela Davisekin errealitatean oinarritutako nobela izango dute hizpide. 2024ko maiatzean kokatutako istorioa da. Jule Goikoetxea Angela Davisekin elkartzeko prestatzen ari da kategoriako hotel bateko bere gelan. Davis Bartzelonara heldu berri da, bere 80 urteekin, gorputz sendo garaiarekin eta emantzipazio borrokaren aldeko determinazio agerikoarekin. Pentsalari feminista-marxistak lau egun igaroko ditu hirian, Fira Literal ideia eta liburu erradikalen azokan, eta Goikoetxea haren bizkartzain lanetan arituko da, etorkizuneko jainkosak zer behar, bera han.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide