'Flyscha haurrekin', Geoparkearen bisita gidatuen aurtengo berrikuntza

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 18a, 16:00

Geroparkeko eta Mutrikuko Udaleko ordezkariak, gaur Mutrikun egindako agerraldian. (Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Euskal Kostaldeko Geoparkeak gaur aurkeztu du aurtengo irteeren eta bisita gidatuen eskaintza, Mutrikuko Nautilus zentroan egindako agerraldian. Gaurtik aurrera, irteerak ia egunero egingo dituztela iragarri dute bertan.

Ingurumenarekin lotutako Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo eskaintzak biltzen dituen Euskal Kostaldearen Geoparkeko bisita gidatuen eta irteeren programazioa berrikuntzekin dator. Dagoeneko ohikoak diren ekintzei Flyscha haurrekin izeneko bisita gehituko zaie hemendik aurrera. Horren berri eman dute gaur goizez Mutrikuko Nautilus zentroan egin duten agerraldian. Bertan izan dira Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerente Leire Barriuso; Mutrikuko alkatea, Ainhize Azpiazu; Mutrikuko Turismo teknikaria, Marta Amonarriz; eta Flyscha haurrekin bisita berria zuzenduko duen gidarietako bat, Ainhoa Erkizia.

Gaur aurkeztu duten jarduera berria 4 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dagoela azaldu dute. Mineralak eta flyscheko fosilak ezagutzeko tailerrean eta itsas-zeharkaldian parte hartzeko aukera izango dute haurrek zein gaztetxoek, eta bi ordu eta erdiko iraupena du. Bisitaren arduradunek informatu dutenez, mineralak eta fosilak ezagutzeko hainbat jolas eta eskulan egingo dituzte ordubete inguruz. Mutrikuko amonite erraldoien sekretuak ezagutzen aritu ondoren, itsasontziz zeharkaldia egitera abiatuko dira. Flysch beltzaren labarrak itsasontzitik eta bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, Mutrikuko portua eta Saturrarango hondartzaren artean dagoen gunean. 

Urria amaiera bitartera, larunbat arratsaldero eskainiko da, eta uda sasoian, berriz, astean birritan.

Geoparkearen alderik ezezagunetako bat familien eskura jartzeko Mutrikuko Udalak egin duen "apustu sendoa” eskertu du Leire Barriusok. Gogoratu du, bera kudeatzaile den erakundearen aurengo erronka Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako bisiten arteko oreka aurkitzea eta kalitatean eragiten jarraitzea dela.

Bisitak ia egunero

Gaur bertan hasi eta urte amaieraraino ingurumenarekin lotutako jarduerak ia egunero antolatuko dituztela ere esan dute gaurko prentsaurrekoan. Guztira, hamabost bisita gidatu desberdin jartzen ditu Geoparkeak bisitarien eskutan. Urtean zehar mila bisita inguru antolatzen dituztela ere nabarmendu dute. Bisita gidatuak euskaraz eta gaztelaniaz egiten dira, eta eskaera handiagoa den irteeretan audio gidak daude eskuragarri ingelesez, frantsesez eta baita alemanez ere. Haien inguruko informazioa eta erreserbak egiteko aukera geoparkea.eus webgunean aurki daitezke.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide