Zumaia aukeratu dute Euskal Herri mailan egindako Oporrak bakean kanpainari amaiera emateko. Eguerdi partean egin dute programaren bukaerako ekitaldia, Alondegia kultur etxeko Oxford erakusketa aretoan. Bertan izan dira, besteak beste, errefuxiatuen kanpalekuetako haurrak bere etxean hartuko dituzten familia batzuetako kideak, baita kanpainaren arduradunak eta Fronte Polisarioko eta Zumaiako Udaleko ordezkariak ere.
Oporrak bakean kanpainak, Tiindufeko (Aljeria) desertuko errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren haurrei Euskal Herrian oporrak igarotzeko aukera ematen die, desertuko bero eta baldintza bortitzetatik bi hilabetez bada ere ihes egiteko parada eskainiaz. Hemen pasatzen duten denboran, elikadura egokia emateaz gain, osasun azterketak ere egiten zaizkie haur hauei.
2025eko kanpaina duela bi hilabete hasi zuten, eta gaurko ekitaldian nabarmendu dutenez, 200dik gora haur etorriko dira uztailean Euskal Herrira. Horietako batzuk harrera familietan biziko dira, eta besteak Bizkaiko eta duela gutxi Gipuzkoan zabaldu duten udalekuetan. "Urtez urte erakusten du Oporrak bakean kanpainak indarra duela, ez Zumaian bakarrik, Euskal Herri osoan baizik", nabarmendu du kanpainaren arduradunetako batek. Eskerrak eman dizkiete komunikabideei kanpainaren berri emateagatik, laguntza eskaini dieten erreferentziazko pertsonei –Aner Peritz edo Karlos Argiñano zarauztarrak, esaterako–, eta harrera familiei, "haiek gabe ezingo zen eta Oporrak bakean kanpaina egin", azpimarratu du.
Fronte Polisariok Euskal Herrian duen ordezkari Fatma Labiadek ere hitza hartu du ekitaldian. Eskerrak eman nahi izan die programan parte hartu duten guztiei. Kanpainaren hasieran jarritako aurreikuspenetara heldu ez badira ere, egindako esfortzua txalotu du Labiadek. Ama eta emakume bezala ere hitz egin du, eta esan du saharar ama bati egiterik dagoen oparirik handiena, ume horiei oporrak hemen igarotzeko aukera ematea dela. "Haur hauei ez zaizkie soilik etxeko ateak zabaltzen, kultura eta erlijio desberdineko umeei familien bihotza ere zabaltzen diete familiek", eskertu du.
Errefuxiatuen kanpalekuetan bizi den herriak pairatzen duen injustizia ere gogoratu Fronte Polisarioko ordezkariak. "Haur bakoitzaren atzean saharar herriarekin izandako injustizia dago". Espainiako gobernuek Mendebaldeko Sahararekin duen zorra kitatu ez duela ere esan du Labiadek, eta aldarrikapen batekin amaitu ditu bere hitzak: "Saharar herria ez da inoiz errendituko. Marokoren banderapean bizitzea ez da inoiz gertatuko. Gu Mendebaldeko Sahara gara, ez gara ez espainiarrak, ez marokoarrak, ezta mauritanarrak ere".
Zumaiatik bidaia apirilean
Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak ere hitza hartu du ekitaldiaren hasieran. Zumaiak eta kanpalekuetan bizi den herriak harremana dutela gogoratu du, eta urte hauetan guztietan errefuxiatutako herriaren aldeko ekintzak egin direla Zumaian, Darahli elkartearen eskutik. Apirilean Zumaiako talde handi bat kanpalekuetara joango dela azaldu eta gero, Zumaiako Udalean egon diren gobernu desberdinek saharar herriaren alde izandako konpromiso politikoa nabarmendu. "Haien aldamenean beti izango gara", esan du Ostolazak.
Musikak ere bere presentzia izan du gaurko ekitaldian. Batetik, Esezin kantautoeak bi abesti kantatu ditu. Ekitaldi amaieran, berriz, Zumaiako Herri Eskolako batxilergoko ikasleek osatutako Zumarea taldek beste bi abesti jo ditu.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!