Lide Arrizabalaga: "Lesiotik osatzeko egindako lana bere fruituak ematen ari da"

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 30a, 10:00

Lide Arrizabalaga, irabazitako dominekin. (Juan Luis Romatet)

Lide Arrizabalaga Pulpo eskubaloi taldeko jokalaria da. Zilarrezko domina irabazi zuen urte hasieran Euskadiko selekzioarekin, Espainiako Selekzio Autonomikoen txapelketan. Otsaileko Zumaia Guka aldizkarirako egindako elkarrizketa da honakoa.

Espainiako Selekzio Autonomikoen Txapelketan zilarrezko domina lortu zuen urte hasieran Lide Arrizabalagak (Zumaia, 2008) Euskadiko selekzioarekin, eta iazko udan urrezkoa Hondartzako Eskubaloiko Espainiako Txapelketan. Espainiako federazioak urtarrilaren amaieran egindako teknifikazio saioetara ere deitu zuten Pulpoko jokalaria.

Espero al zenuen autonomien arteko txapelketan hain ondo ibiltzea? 

Itxaropena bagenuen, baina lehen bi partidak ez ziren oso ondo joan. Ez dut uste gure mailagatik izan zenik; erakutsitako jarrerarengatik, baizik. Txapelketa horretara beste selekzioak, Katalunia edota Andaluzia, esaterako, beste harrokeria batekin joaten dira. Uste dut jarrera hori falta zitzaigula eta ez genuela %100 eman.  

Lehen faseko azken partida galdu izan bagenu, Kopa jokatuko genukeen, ezingo ginatekeen txapelketaren borrokan ibili, eta hori ez zen aukera bat guretzako. Partida hartan, bereziki azken hamabost minutuetan, dena eman genuen; txispa hori atera eta txapelketaren amaieraraino mantendu genuen.  

Pena ezin izan zenutela lortu urrezko domina. 

Nekea pilatu zitzaigun. Burua eta gorputza oso nekatuta genituen, eta efikazia galdu genuen. Urrea nahi genuen, baina zilarra ez dago gaizki. 

Ezker alboko postuan jokatzen duzu Pulpon, baina pibote bezala Euskadiko selekzioan. 

Betidanik alboko postuan jokatu dut, baina txikitan, infantil kategorian, entrenatzaileak batzuetan pibote postuan jartzen ninduen. Orain, Euskadiko selekziora deitzen nauten bakoitzean, postu horretan jokatzen dut; alboko postuan ez dut inoiz jokatu selekzioarekin. Euskarri postuan jokatzea asko gustatzen zait. Bi postuak oso ezberdinak dira, eta Pulpon alboan jokatzeko aukera badut, selekzioan postu horretan jokatu beharrik ez dut sentitzen. 

Iazko udan Hondartzako Eskubaloiko Espainiako Txapelketa irabazi zenuen Euskadiko selekzioarekin. Oso desberdinak izango dira bi modalitateak, ezta? 

Bai, oso desberdinak dira. Hondartzan askoz gehiago nekatzen zara. Horrez gain, partidak hogei minutukoak dira, eta ez, pistan bezala, ordubetekoak. Baina hondartzako eskubaloia asko gustatzen zait.  

Pistan irailean hasten gara entrenatzen, eta denboraldiko azken hilabeteotan igandeetan goizez eta arratsaldez entrenatzen dugu. Hondartzako eskubaloiko txapelketara, berriz, sei entrenamendu eginda joan ginen. Itxaropena bagenuen, baina garaipena ez nuen hain gertu ikusten. Partidaz partida aurrera egin genuen, eta orduan bai, irabazi egin genuen.  

Duela bi urte belauneko lesio larri bat izan eta denboraldi oso bat galdu zenuen. Nola bizi izan zenuen garai hura? 

Garai hura ez nuke ezabatuko. Denboran atzera egingo banu, ez nituzke gauzak aldatuko. Lesio hark ikasketa asko eman dizkit. Fisikoki lan handia egin nuen errekuperatzeko, baina psikologikoki ere gauza asko ikasi nituen. Bizitzan izan dudan pasarte gogorrenetakoa izan da, eskubaloia delako niri gehien gustatzen zaidana. Ezin izan nuen taldearekin jokatu, baina ez nuen partida bat galdu. Taldeko kide izaten jarraitu nuen, eta gurpil aulkian nengoenean ere aitarekin aritzen nintzen paseak egiten. Lan asko egin nuen errekuperatzeko, eta lan hori bere fruituak ari da ematen.  

Inoiz burutik pasatu al zitzaizun eskubaloian inoiz gehiago ez zenuela jokatuko? 

Oso burugogorra naiz, eta eskubaloian gehiago ez aritzea ez zen aukera bat niretzat. Itzuli aurretik helburuak jarrita nituen, eta hori ez zegoen aukeren artean. 

Nabari da eskubaloia maite duzula. Non ikusten duzu zure burua etorkizunean? 

Oraingoz ez naiz etorkizunera begira jarri. Pausoz pauso ari naiz lanean. Noski, goi mailan jokatzea gustatuko litzaidake, baina beste taldeek deitzen ez badidate, Pulpon jarraituko dut jokatzen. Eskubaloian jokatzen jarraitzeko asmoa daukat, hori bai. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide