Montse Sanchez: "Nire buruari euskaraz bizi naitekeela erakusteko balio izan dit Mintzalagun programak"

Irati Txapartegi Zumeta 2025ko api. 6a, 11:00

Montse Sanchez, Mintzalagunen saioan. (Utzitakoa)

Duela lau urte hasi zen euskara ikasten Montse Sanchez, eta B2 azterketa prestatzen ari da dagoeneko. Praktikatzearen garrantziaz jabetuta, Mintzalagun egitasmoan izena eman zuen, eta parte hartzen jarraitzen du, bere ahizparekin batera.

Montse Sanchez Zarautzen jaio zen duela 50 urte, baina txikitatik bizi izan da Zumaian. Gurasoak Extremaduratik (Espainia) etorri ziren, oso gazte zirela: ama, Castueratik, 16 urte zituela, bere gurasoen lanagatik; eta aita, Zalamea de la Serenatik, 20 urte zituela. 

Ikasketaz ingeniaria da Sanchez. Familia ederra osatu du Zumaian, eta "pozik" bizi da bertan. Zumaiako AEK euskaltegian euskara ikasten hasi zen duela lau urte, eta maila txukunean jarduteko gaitasuna du dagoeneko. Iaz, euskarako B1 titulua atera ondoren, aurten B2 tituua eskuratzeko prestatzen ari da. Euskara ikasteaz gain praktikatzearen garrantziaz oharturik, iaz Mintzalagun egitasmoan izena ematea erabaki zuen, eta han jarraitzen du.

Duela 50 urte inguru euskaraz ikasteko aukerak gaur egungoak adinako ez zirenez, Sanchezek ikasketak gaztelaniaz egin zituen. Maria eta Jose ikastetxean hasi zen, Zarauzko Antoniano ikastetxean jarraitu zuen, eta Donostiako Ingeniaritzako Eskolan egin zituen unibertsitatean ikasketak, gaztelaniaz. 

Lagunen arteko hizkuntza ere gaztelania izan du, baina beti sentitu izan ditu euskara ikasteko gogoa eta beharra. 

Zerk sortu zizun euskara ikasteko gogoa?

Hemen bizi naiz, Euskal Herrian, eta hemengo hizkuntza ikastea eta erabiltzea garrantzitsua dela pentsatzen dut. Aspalditik izan dut euskara ikasteko gogoa, eta erabakia hartu nuenetik eta nire burua euskararekin erosoago sentitzen dudanetik, oso pozik nago. Euskara ez erabiltzearen arrazoi nagusia lotsa izan da eta, pixkanaka, lotsa galdu ahala, erosoago sentitzen naiz ingurukoekin euskaraz hitz egiterakoan.

Nola izan zenuen Mintzalagun egitasmoaren berri?

Euskaltegiko irakasleak eman zigun egitasmoaren berri. Hasiera batean, lotsa zela eta, ez nintzen oso motibatuta sentintzen. Dena den, beste ikaskide batzuk ere animatu ziren, eta nik ere izena ematea erabaki nuen. Iaz hasi nintzen, euskaltegiko beste hiru ikaskiderekin batera, eta nire ahizpa ere animatu zen; bidelagunarekin batera talde polita sortu genuen. 

Eta gaur egun, jarraitzen al duzu?

Aurten ere taldean nabil, bai, ahizpa eta biok gabiltz gure bidelagun Jonerekin. Ostiralero kafetxo bat hartzeko eta euskaraz mintzateko geratzen gara. Oso pozik joaten naiz, eta euskara ikasteko eta praktikatzeko oso ondo datorkidala iruditzen zait. Nire kasuan, Joneri akatsak zuzentzen laguntzeko eskatu diot batez ere, eta esan beharra daukat asko laguntzen didala.

Jendea Mintzalagun izatera animatuko al zenuke?

Bai, noski, euskara praktikatzeko modu atsegina dela iruditzen zait. Jendea ezagutzeaz gain, nire buruari euskaraz bizi naitekeela erakusteko balio izan dit. Akatsak akats, eta lotsak kenduta, kafe baten bueltan euskaraz aritzeko nahikoa maila dudala ohartu naiz Mintzalagun egitasmoari esker.

Noraino iritsi nahi zenuke euskarari dagokionean?

Herrian, lagun artean, euskaraz hitz egitera iritsi nahi nuke. Oraindik hitz egiteko jariotasuna falta bazait ere, dena ulertzen dut, eta poliki eta pazientziaz, gai naiz euskaraz komunikatzeko. Ea lortzen dudan! 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide