BSTech enpresa taldeak Zumaian 24 langile kaleratzeko prozesua hasi du

Gorka Zabaleta 2025ko api. 10a, 11:18

Sarrallek Zumaian daukan lantokietako bat, garai bateko Lagun Artea.

Sarralle enpresa taldearena da BSTech eta, 2019an Lagun Artea erosi zuenetik, bere baitan hartzen ditu Auxi (mekanizatua), Assembly (muntaia) eta Rollin-Mill (bulego komertziala) enpresak. Auxiko 14 langileetatik hamar kaleratzeko planteamendua egin dute, Assemblyko 16tik beste hamar, eta Rollin Milleko 18tik lau.

Joan den astean jaso zuten BSTech enpresa taldeko langileek enpresako zuzendaritzaren asmoen berri: lantaldea erdira murriztea enplegua erregulatzeko espediente baten bitartez, "arrazoi ekonomikoak" tarteko. Langileei azaldu dietenez, negozio aurreikuspenak ez dira bete, ez dira gai izan Sarrallek Zumaiako enpresak erostean egindako zorrari buelta emateko.

Prozesuaren lehen urrats formala atzo bertan egin zuten, enpresako zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien arteko mahaiak osatuta. Atzoko bileran, txosteneko informazioari buruzko azalpenak emateaz gain, langileen kaleratze baldintzen inguruko proposamena ere egin zuen enpresa zuzendaritzak, eta ostirala arteko epea eman die erantzuna jasotzeko. Akordiorik ezean, apirilaren 29an jarriko litzateke martxan negoziazio mahaia. Enpresak langileei jakinarazi die atzo egindako kaleratze proposameneko baldintzak bihar bertan iraungitzen direla eta, bestetik, maiatzaren 31n bukatutzat emango dituztela kaleratuen kontratuak.

Enpresaren asmoek kezka eta haserrea eragin dute langileen artean. Taldeko hiru enpresetatik, oraingoz, Auxikoak izan dira zuzendaritzaren erabakiaren kontra irmoen agertu direnak. Ez daude ados emandako arrazoi ekonomikoekin eta enpresaren praktika txarrak salatu dituzte: "Sarralle taldeak enpresa erosi zuenetik, lanez hustu egin du eta bere kudeaketa txarrarekin ekarri gaitu egoera honetara. Azpikontratazioen bidez eta lana desbideratuz, lortu nahi izan du enpresa ixtea. Era berean, langileak gogaitzeko moduko egoerak eragin ditu, langileak lanik gabe utziz".

ELA sindikatutik jakinarazi dutenez, Auxiko langileek lanpostu guztiak mantentzearen alde egiten dute, eta enpresari exijitzen diote jarduerarekin jarraitzea, lan-karga ematea eta bideragarritasuna bermatzea. Era berean, enpresak egindako planteamenduan fede txarra ikusten dute Auxiko langileek, eta kezka agertu dute enpresak geratuko liratekeen lau langileek etorkizunarekin. "Auxiren kasuan, lantaldearen %71 bidali nahi dute kalera, eta lau langilerekin ezin da enpresa hori aurrera atera".

Hori guztia kontuan hartuta, Auxiko langileek erabaki dute "zuzendaritzaren proposamena ez onartzea eta lanpostuak mantentzearen alde borroka egitea". Assembly eta Rollin-Milleko langileek, berriz, oraindik ez dute beraien posizioaren berri eman. Edozein modutara, bihar bilduko dira berriro enpresako zuzendaritzako kideak eta langileen ordezkariak, enpresa bakoitzeko lantaldeak hartu duen erabakiaren berri emateko.

Zailtasunez betetako hamarkada

Zumaiako enpresa garrantzitsuenetakoa izatera iritsi zen Lagun Artea, mende erdiko ibilbide oparoarekin, baina 2011tik aurrera bidea okertzen hasi zitzaien, zenbait bezerok utzitako zorrarekin. Azkenean, likidazio fasean sartu zen, eta 2018ko maiatzean Bascotecnia taldearen esku gelditu zen. Ez zuen asko iraun, ordea, 2019ko abenduan Sarralle taldeak erosi baitzuen. Lagun Arteako taldetik jasotako mekanizatuko empresa (Auxi), muntaiakoa (Assembly) eta bulego komertzial eta teknikoa BSTech multzoan integratu zituen Sarrallek. Burdingintzaren nazioarteko sektorean zuen "lidergoa" indartzeko asmoa azaldu zuen orduan zuzendaritzak, baina bistan da urratsak beste bide batetik joan direla.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide