Espero al zenuten enpresak hainbeste kaleratze planteatzea?
Aspalditik ikusi dugu enpresaren asmoa ez zela tailer honekin aurrera jarraitzea. Tailer honetara lana ekartzeko inolako interesik ez dute izan. Neurri batean, espero genuen mugimenduren bat, baina ez tamaina honetakoa.
Lagun Artearekin konkurtsoan sartu ginenean, Sarrallek bere eskaintza egin zuen, eta orduan garbi adierazi zuen mekanizatuko tailerra ez zuela nahi. Horregatik aurkeztu zuen eskaintza Izadirekin batera, mekanizatua haren esku uzteko. Lagun Artearen patentea, marka eta jakintza nahi zuten, ingenieritza eta muntaia bakarrik interesatzen zitzaien. Sarrallek ez du inoiz izan Auxi aurrera ateratzeko interesik.
Zertan oinarritzen zarete esateko Sarrallek Auxi itxi nahi duela?
Lana Auxira ekarri beharrean kanpoko beste enpresa batzuetara desbideratu dute, behin eta berriz. Talde barruko beste enpresa batentzat ziren lanak ere bai, nahiago izan dute kanpoan azpikontratatu. Horrez gain, lan komertzialik ere ez dute egin. Auxik potentzial handia dauka, dauzkan makinengatik eta langileen kualifikazioagatik, baina ez dute hori baliatu nahi izan. Urte hauetan guztietan ez dute inbertsiorik egin, ez eta mahai gainean zeuden lan jakin batzuk lortzeko ere. Ez dute nahi izan. Guk uste dugu hasieratik izan dutela hau pixkanaka hiltzen uzteko helburua, eta epe jakin batzuk betetzen ari direla, enpresa itxi arte.
Gertatu izan da, guk eskaintza merkeagoa egin eta hala ere lana kanpoan azpikontratatzea. Horrelakoetan, kontu eske joan garenean, beti aitzakia izan da lan horrek presa zeukala, ez dakit noren akatsa izan dela, edo Azpeitiko zentralaren erabakia izan dela… Eta hurrengoan, berriro gertatzen da. Auxiri ez diote aukerarik eman nahi izan. Gutxieneko mantenu lanak ere ez dira egin, eta orain makina gehienek dute matxuraren bat.
Nola bizi izan duzue hau guztia zuen egunerokoan?
Agonia bat izan da. Lanik gabe utzi gaituzte eta tailerrean ordu asko pasa ditugu zer egin jakin gabe. Eta bitartean ikusi dugu lan asko, pieza asko, kanpora bideratu direla, aurrena hemendik pasa gabe. Psikologikoki oso gogorra izan da, ikustea enpresa taldeak lana daukala, zu geldirik zaudela, eta hala ere lana kanpora bidaltzen dutela. Guri Sarralleko zuzendaritzatik esan zitzaigun taldean sortutako mekanizatuko lanetarako Auxik aukera izango zuela eskaintza egiteko, aurrena hemendik pasako zirela lan horiek. Kontrakoa egin dute. Eta okerrena da kanpora ateratako lan horietako asko ez dituztela ordaindu, zorra pilatu dute inguruko enpresa askorekin.
Hori bai, Sarrallen larrialdi bat sortzen denean, momentua erantzun behar denean, orduan guregana jotzen dute, lehentasuna eman behar diegula esaten digute, beste guztia alde batera utzita. Betiko bezeroei ezetz esan behar izan diegu Sarralleren larrialdiei erantzuteko, eta azkenean galdu egin ditugu. Ez da Sarrallek lanik ez duela ekarri: lana kendu egin digu. Auxik bezero eta lan gehiago zeukan Sarralle sartu aurretik. Bezeroak uxatu egin ditu.
Lehen ere izan dira kaleratzeak Auxin.
Sarrallek erosi eta hiru urtera sei langile bidali zituzten, eta orain beste hamar. Guk uste dugu dena planifikatuta dagoela, itxiera edo salmenta daukatela helburu. Ziurrenik orain ez zaie interesatzen formalki ixtea, aktibitate itxura mantentzea hobea delako merkatuari begira, salmenta bati begira. Guk ez daukagula informazio zehatzik hori horrela dela ziurtatzeko, baina itxura guztia dauka.
Hemen lau langile gelditzen badira, tailer hau bideragarria da?
Enpresa hau ezin da aurrera atera lau langilerekin, ezinezkoa da. Hasteko, zortzi makina daude. Baina ez da hori bakarrik. Kate osoa moztu dute. Lan bat egin ahal izateko, aurrena jakin behar dugu egingarria den; gero, prezioa jarri behar zaio eskaintzari; bezeroak onartzen badu, programazioa egin behar da; non eta nola egin erabaki… Baina horra iristeko, norbaitek ekarri behar du lan hori, norbaitek erosi behar du materiala, norbaitek egin behar du pieza… Denak kalera bidali badituzu, nork egingo du? Demagun hori dena kanpotik kudeatzen dela: nork mekanizatuko ditu piezak, langileak kaleratu badituzu? Ez dauka ez hankarik ez bururik.
Enpresaren proposamena da hamar lagun kaleratzea Auxin, eta beste 14 BSTech taldean. Zer eskaini dizuete?
Kaleratzeko eskaintza izan da 45 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko, baina 12 urteko topearekin. Lehen ordainketan, kaleratzearekin batera, 20 eguneko kalte-ordaina emango ligukete; gainontzekoa epeka, 2027ra arte, sei hilabeteroko lau alditan. Baina bigarren parte hori ordainduko digutenik ez dago bermatuta. Enpresak kiebra jotzen badu, orduan nork hartuko du bere gain gastu hori? Ez dute erantzun garbirik. Eta Idatzizko proposamen formalik ez dugu jaso. Gutako bakoitzari esan digute zer kopuru jasoko genukeen, baina ez dago sinatuta, ez da ezer formala eta ziurra. Gainera, mehatxu egin digute, ez badugu orain onartzen, apirilaren 29an negoziaketa mahaia martxan jartzen denean eskaintza 20 egunekoa izango dela.
Zer arrazoi eman dizkizuete arazo ekonomikoak justifikatzeko?
Guk behin eta berriz eskatu diegu azaltzeko enpresaren egoera zein den, eta sekula ez digute informazio garbirik eman. Zenbakiak negatiboak direla urtero. Martxoaren 17an eskatu genien azken aldiz enpresaren egoerari buruzko informazioa, kontuak nola dauden eta bideragarritasun plana. Erantzuna apirilaren 1ean etorri zen: enpresa taldean 24 langile kaleratzea, Auxin 14tik 10.
Auxiko langile taldeak erabaki duzue proposamena ez onartzea. Zein da zuen helburua?
Guk enpresa eta lanpostuak defenditu nahi ditugu, hori da gure lehentasuna. Sarrallek ez badu interesik mekanizatuko tailer honetan, har ditzala erabakiak Auxi benetan independientea izan dadin eta bere potentziala garatzeko aukera izan dezan. Lan komertziala egiteko baliabideak jarriz gero, inbertsioa eginez gero, Auxik aurrera egin dezakeela sinesten dugu. Langileen gaitasunean sinesteko eskatzen diegu.
Borrokatu egin behar da, guregatik eta gazteengatik, ondorengoek lan egiteko aukera izan dezaten. Gero eta tailer gutxiago geratzen dira eta lanpostuak defenditu egin behar dira. Zenbakiez baino ez dute hitz egiten, pertsonak ez dituzte aintzat hartzen. Ondorengoek non egingo dute lan? Enpresak jabearenak dira eta bere erabakiak hartzeko eskubidea daukate, noski; baina gu langileak gara eta gure eskubideak defendituko ditugu.