Duela hogei urte mundu zabala ezagutzeko hautua egin zuen Ielu bezala ezaguna den Jose Luis Oiarzabalek (Zumaia, 1975). Errutinak alde batera utzi, hegazkinera igo, eta, motxila eskuetan hartuta, Lurreko kontinente, herrialde, txoko eta bazterrak ikusi eta bizitzeari ekin zion. Bere bizitza berriko lehen zazpi urteetan pilatutako esperientziak Giros, vueltas y mundos liburuan bildu ditu. Atzo aurkeztu zuen liburua Alondegiko Oxford aretoan egindako ekitaldian.
Ez zen bakarrik izan Ielu, lagunekin, baizik: Salda DJak musika jarri zuen, eta Ander Hormazurik marrazki bat egin zuen zuzenean. 80 herritar inguruk adi-adi entzun zituzten haren azalpenak, eta era guztietako galderez josi zuten harik eta Hormazurik margolana amaitu zuela adierazi zuen arte. Horrek desertuan irudikatu zuen bere laguna, bakarrik, baina aldi berean, inguruan argitasuna sortuz.
Iazko udan izandako lesio batek eraman zuen zumaiarra liburua idaztera. "Uztailaren 8an, ez dut eguna inoiz ahaztuko, bi meniskoak hautsi nituen, eta gaixo baimenarekin egon nintzen 2025 hasierara arte. Urtarrilean eman zidaten alta. Denbora horrek aukera eman zidan liburua idazteko". Ez hori bakarrik, geldialdiak bizitza birplanteatzera eraman zuela ere adiezari du Oiarzabalek. "Pisu bat nuen Azpeitian. Hura saldu, eta etxe bat erosi berri dut Errioxan [Espainia]. Justu aste honetan sinatu dut kontratua", dio Errioxatik telefono bidez egindako elkarrizketan.
Lehen zazpi urteak
Bidaiatzeari emandako lehen zazpi urteetan izan zituen bizipenak jaso ditu argitalpen berrian. Izan ere, Ieluren esanetan, urte klabeak izan ziren beretzako. Liburuan, munduan zehar egindako bidaia geografikoa jasotzen du, baina baita barne bidaia ere. "Denetarik jasotzen dut, gauza asko dago-eta kontatzeko. Nire bidaiatzeko era nola aldatu zen kontatzen dut, nire burua ezagutzen nola joan nintzen; gertatu zitzaizkidan gauza batzuk ere klabeak izan ziren", dio bidaiariak. Hala, ezagututako lekuetako historia jasotzen du, baita bidean bizi izandako istorioak edo ezagututako jendearen soslaiak ere. "Sukaldeko errezeta pare bat ere sartu ditut, baita izandako susto batzuk ere. Horrez gain, iruzkin batzuk ere egiten ditut, hasiera batean jendeak ez dituenak ulertuko. Baina nik horixe nahi nuen: esandako horien inguruan irakurleak pentsatzea eta bere ondorioak ateratzea".
Bisitatu zuen lehen lekua Jamaika izango zela argi zuen, eta bidaia luzea izango zela. Ondoren etorri ziren Laponia, Hego Amerika osoa ("urte bat baino gehiago pasatu nuen hura ezagutzen"), Turkia eta Irango Kurdistan edo Kanadako irlak. "Batak bestera eraman ninduen, aurrez planteatu gabe, eta azkenean konturatu nintzen urte mordoa neramatzala horretan, bidaiatzen. Oso gustura ibiltzen naiz nire kasa, presarik gabe, sentsazio onekin", azaldu du.
Momentu txarrak ere bizi izan zituen, baina ez dio horri garrantzi berezirik ematen. "Une batzuetan esan izan diot neure buruari ea zertan ari naizen, edo zergatik etorri naizen leku jakin batera. Momentu txarrak pasatu ditut, baina horiek ere pasatu egin behar dira, gauza onak baloratzeko baliagarriak baitira", onartu du.
Gustuko jarduera izanda ere, bidaiatzea bera errutinazkoa bihur daiteke. "Hori sentitzean, nabaritu nuen aldaketa bat behar nuela, eta abentura pixka bat gehiago bilatzen hasi nintzen. Gaur egun, auto-stopean bidaiatzen dut; errepidean jartzen naiz, eta hartzen nauena doan lekura joaten naiz. Gero, lo egiten dut uzten nauten lekuan, kanpin dendan".
Bideko lanak
Sosak lortzeko baino, jana eta ostatua eskuratzeko egiten du lan Ieluk bidaiatzen duen bitartean. "Bidean ikasi dudan zerbait da hori", dio. "Internet bidez lan batzuk aurki ditzakezu, etxeetan edo ostatuetan lan egiteko eskaintzak, agian soldata oso baterako ematen ez dutenak. Horiez gain, badago beste eskaintza mota bat; egunean lau bat orduz lan egitea jana eta ostatuaren truke. Halako lanak egiten ditut nik". Lan egiteko era horrek abantailak dituela uste du Oiarzabalek. "Bidaia batean diru gehien jaten eta lotan gastatzen da. Halako lanekin, jana eta ostatua ordaindu beharrik ez dut, eta kontuan hartuta lana gehienetan goizez egiten dela, beste egun guztia izaten dut niretzako. Hala, dirua aurrezten dut, familia batekin bizi naiz, eta denbora librea dut ingurunea ezagutzeko".
Iazko udan izandako lesioak urte erdian geldirik egotera eraman zuen Oiarzabal, baina horrek ez zion uxatu motxila hartu eta errepidera ateratzeko grina. "Behin sendagileak alta eman zidanean, Tunisiara joan nintzen belaunak probatzera. Desertuan egon nintzen, berberekin, eta belaunekin ere ondo moldatu nintzen".
Beste leku batzuk ezagutzeko grinak beregan segitzen du, eta dagoeneko hasia da hurrengo bidaian pentsatzen. "Ezer gertatzen ez bada, behintzat, uda eta gero bidaia luze samar bat egingo dut Afrikan zehar. Afrikako hegoaldea eta ekialdea ezagutzen ditut, eta orain mendebaldea ezagutu nahiko nuke".