Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako hiriburu Rabuni bisitatzeko eguna izan dute gaur zumaiarrek. Autobusetan atera dira goizean goiz, ogitartekoak eta eguna pasatzeko beharrezkoak gainean hartuta.
Rabuniko biltegira jo dute lehenbizi. Han jasotzen dituzte hilero laguntza humanitarioaren bidez nazioartetik heltzen diren elikagaiak, Acnur eta beste hainbat elkarteren eskuetatik, eta behin inbentarioak eginda, wilayetara eramaten dituzte. Horiek arduratzen dira familietara banatzeaz, biltegiko arduradunak azaldu duenez. Eskertu nahi izan du Euskal Herritik heltzen den laguntza; haren hitzetan, "oso txukun" jasotzen dituztelako produktuak. Irina, lekaleak eta kontserbak jasotzen dituzte, batik bat.
Goizaren bigarren zatia Saharako Erresistentziaren Museo Nazionalean igaro dute. Paco Sidha Frente Polisarioko kideak egin die harrera ikasleei, eta Saharako herriarekiko 50 urteren ondoren laguntzen jarraitzeagatik eskerrak eman nahi izan dizkie, hasteko. Mezu bera helarazteko eskatu die Sidhak bertan egon ez diren zumaiar eta Euskal Herritarrei ere, "munduan bakearen alde egindako lanagatik eta erakutsitako elkartasunagatik".
Herri bat erresistentzian
Museoan sartu aurretik, zenbait azalpen historiko eman ditu Sidhak. Gogorarazi du saharar herria bazela Espainiaren kolonia izan aurretik ere, nahiz eta nomadak izan. Haimak erresistentziaren sinbolo direla ere azaldu die gazteei. Haren hitzetan, kokapen geografikoak komertziorako eta arrantzarako zabaltzen zituen aukerek eragin zuten nazioartean lur horiek kolonizatzeko interesa, eta Europak beti izan du horretarako joera.
1973an Fronte Polisarioa sortu zenetik eskakizun berak dituztela esan du Sidhak, eta Marokorekin batera, Espainiako eta Frantziako estatuek erantzukizun zuzena dutela gaineratu du, bestalde. 1991n sinatu zuen Fronte Polisarioak su etena Marokorekin, baina azken honi egotzi dio orain gerran egotearen ardura.
Maketa baten bidez lurraldearen zatiketa irudikatzeko aukera izan dute gazteek museoan, eta guda ekipamenduak ikustekoa ere bai: minak, jaurtigailuak, fusilak, etab. Bisita amaitu ondoren, bazkaltzeko eta indarrak hartzeko tartea izan dute ikasleek, ospitale nazional aldera jotzeko gero.
Bisita azkarra izan da ospitalekoa. Zenbait azalpen jaso dituzte hasieran: hamazazpi kubatarrek egiten dute lan gaur egun, eta sendagai guztiak GKEei esker heltzen dira bertara. Autobusera igo aurretik, ospitaleko instalazioak bisitatu dituzte ikasleek.
Zug herrian bertan geratuko dira bihar, asteazkena. Eskolan tailerrak egingo dituzte goizean; marrazkiak, jolasak, dantzak eta esku lanak, besteak beste. Arratsalde partean, Jira Bulahi eta Omar Abdeslami esker, kanpalekuetako funtzionamenduari eta gatazkaren ondorioei buruzko hitzaldia jasoko dute Zugeko dairan.