Hasteko, kontuan izan behar dugu zer den tentsiopeko gune bat: alokairuaren edo hipotekaren prezio altuengatik, etxebizitza bat eskuratzeko zaila den eremua da (herri, hiri edo auzoa bat izan daiteke), biztanleriarentzat eskaintza nahikorik ez duen eremua. Etxebizitza Legeak proposatzen dituen irizpideak oinarri hartuta, neurri horrek bi ardatz nagusi lantzeko aukerak ematen ditu. Alde batetik, alokairuen prezioei mugak jartzea eta, bestetik, etxebizitzaren arazoari konponbide bat emango dion plangintza bat egitea bultzatzen du. Etxebizitzen salerosketak eta erabilera turistikoko etxebizitzak ez dira kontuan hartzen, baina horrez gain, kontuan izan behar da tentsiopeko guneak alokairu kontratuei bakarrik eragingo diela. Legeak bi alokairu modalitate hartzen ditu kontuan, etxejabe txiki eta handien arabera. Euskal Autonomia Erkidegoan jabe txikiek dute presentzia handiena (92.231 jabe daude), horregatik, horiei erreparatuko diegu.
Bi aldaketa ikusi ditzakegu, alde batetik, berritzetan edo alokairu-kontratu berrietan, etxejabeek %3 (2024an) soilik igo ahal izango dute prezioa, edo Gobernuak hurrengo urteetarako ezartzen duen prezioaren arabera (oraindik ez da horretarako indize espezifikorik ezarri). Bestalde, azken 5 urteetan alokatu ez diren etxebizitza-kontratu berriei eragingo die. Azken kasu horretan, gehieneko prezio bat ezarriko da, Erreferentziazko Prezioen Indizean oinarrituta. Indize horrek baremo bat aurreikusten du, eta gehieneko bat finkatzen du, etxebizitzaren ezaugarrietan oinarritua (m2, logela kopurua, igogailua, garajea…).
Politikariek neurri hau zalapartaka aditzera ematen duten bitartean, ez dira gai neurriak dituen mugak adierazteko. Gorago aipatutako neurriak ez dira kasu guztietan aplikatzen, salbuespen batzuk daude: aurreko bi urteetan etxebizitza birgaitzeko hobekuntzak egitean, hobekuntza energetikoak egiten badira, irisgarritasun hobekuntzen kasuen edo 10 urte edo gehiagoko alokairu kontratuak hitzartzen badira. Laburbilduz, nahiz eta prezioen igoerak mugatu nahi dituen, funtsean, prezioen igoera arautuko du. Zumaian, adibidez, 2017tik 2022ra alokairuaren prezioa %23 igo zen, eta tendentzia gorakorra izaten jarraituko duela dirudi.
Ematen duenez politikariek ezin diote arazoari erantzun eraginkor bat eman. Etxebizitzaren negozioaren aurkako neurriak ezartzeko aukera politikorik gabe, kapitalisten markoa erosten dute; horren bidez, arazoa eskaintza-arazo bilakatzen da, eta erregulazio partzialeko neurri bat aldarrikatzen dute, eskaintza hori handitu dezaketen interes kapitalistak inola ere kaltetu gabe.
Legeak joan legeak etorri, etxebizitzaren arazoa handitzen doa, eta, promesak promesa, alderdiek ezin dute arazoa konpontzeko neurri eraginkorrik aplikatu. Aitzitik, neurri horrek ez du ekidingo langileek alokairura gero eta diru gehiago bideratu behar izatea. Are gehiago, orain dela pare bat egun argitara eman duten webgunean jartzen duenez, aldaketak “etxejabe eta maizterren interesak babesten ditu”. Zeinen mesederako izango da, beraz, tentsiopeko gune izendatzea? Benetako aldaketak ekarriko al ditu?