Mari Carmen Lopez Rubioren familia Zumaiara iristean, aita fundizioan eta ama Pollos Oikinan hasi ziren lanean; horregatik, berak etxekoen zaintzan lagundu behar izan zuen. "Eskola nazionaletan" ikasi zuen, eta oso gazterik hasi zen lanean. Egun, bi semeren ama eta Jareren eta Udaneren amona da. Geldirik egoten ez den emakume indartsu eta konprometitua da.
Zer da euskara zuretzat?
Beti pentsatu dut herri bakoitzak bere kulturari, hizkuntzari eta identitateari eusteko eta horiek defendatzeko eskubidea duela. Nire aitak zera esaten zigun: "Gu etxean andaluziarrak gara, baina kalean bertakoak izan behar dugu".
Senarraren aita euskaldun peto-petoa zen, eta garaiko errealitatea medio, ezin izan zion bere semeari, nire senarrari, euskara irakatsi. Horregatik, nire senarrak eta biok semeak euskaldunak izango zirela erabaki genuen; orduan, semeak ikastolara eraman genituen, aitonarekin euskaraz hitz egiteko aukera izan zezaten. Garai hartan hartu genuen erabakiaz oso harro nago.
Noiz eta zergatik hasi zinen euskara ikasten?
AEKn nabilen bosgarren urtea da aurtengoa. Nire familian dena euskaraz egiten da, eta bilobekin euskaraz egin ahal izatea da nire ametsetako bat. Lanean nenbilenean zaila egiten zitzaidan euskara ikasteko denbora hartzea, zaintza lanak ere egin behar izan bainituen. Erretiroa hartu nuenean, nire buruari esan nion: "Orain zergatik ez?".
Ikastea asko gustatzen zait, eta nahiz eta badakidan hizkuntza bat ikastea zaila dela, oso pozik nago ikasi dudan guztiarekin. Orain nire bilobei dena edota ia dena ulertzen diet, eta haiei euskaraz hitz egiteko gai ere banaiz.
Zer moduz sentitzen zara euskaltegian?
Gustura eta eroso sentitzen naiz, eta asko hobetu dudala uste dut. Bizitzak buelta eta kolpe asko eman dizkit azken urteetan, eta euskaltegira joatea ohetik atera eta aurrera egiteko arrazoietako bat izan da. Bertan, euskara ikasteaz gain, adin eta leku askotako jendea ezagutu ahal izan dut.
Euskaraldian parte hartuko al duzu?
Bai, belarriprest izango naiz. Niri euskaraz hitz egitera animatu nahi dut jendea, eta ni ere saiatuko naiz haiei euskaraz erantzuten.