Zumaiako EAJ udal taldeak 15 emendakin aurkeztu ditu udal aurrekontu proiektua hobetzeko asmoz

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2019ko abe. 11a, 13:15

Gizarte zerbitzuen, hirigintza eta lurralde antolamenduaren, auzoen, merkataritzaren eta ingurumenaren inguruan egin ditu ekarpenak EAJk. 15 emendakin horiek aurrekontuetako 418.395 euro aldatzea suposatzen dute eta jeltzaleek horien gainean hitz egiteko borondatea azaldu diote udal gobernuari.

Zumaiako EAJren udal taldeak ekarpenak egin ditu udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektua hobetzeko asmoz. Jeltzaleak ez datoz bat gobernu taldeak aurkeztu duen proiektuak erakusten duen norabide aldaketarekin, baina udalean dauden gehiengoak ikusirik, osoko zuzenketa bat aurkeztea baina eraginkorrago iritzi dio neurri batean proiektua hobetu dezaketen ekarpenak egiteari. “Aurrekontuen lehenengo kapituluan proposatzen den igoera ez dator bat eraginkortasunaren eta udal baliabideen zuhurtziazko kudeaketa baten gure filosofiarekin, beraz, ezin diogu aurrekontuari gure onespenik eman, baina ahal den neurrian hobetzen saiatzea gure erantzukizuna dela uste dugu” azaldu du udal taldeak. Jeltzaleek 5 ardatzen baitan egin dituzte beren proposamenak, gizarte zerbitzuak, hirigintza eta lurralde antolamendua, auzoak, merkataritza eta ingurumena.

Bidelagun programaren bigarren fasea martxan jartzea, zahurgarritasun egoera kronifikatuan dauden pertsona horiei gizarteratzen eta lan mundura sartzen laguntzeko 7.000 euroko kontu-saila proposatu dute. Komentua parte-hartze prozesurako jasotako aurrekontua, zumaiarren beharrei erantzuna emango dien kirol instalazio berrien inguruko parte-hartze prozesura bideratzea proposatzen dute, “izan ere, aurreko legealdian landu ziren aukera ezberdinak eta herritarrek, kirol elkarteek, bazkideek eta erabiltzaileek izango dute beren iritzia emateko nahikoa informazio”. Bestalde, Santiago hondartzaren erabiltzaileei ahalik eta zerbitzu egokiena eskaini ahal izateko, kantina eta komun definitiboak egiteko beharrezkoa den proiektua eta plan berezia egiteko 20.000 euroko kontu-saila proposatu dute, udaraz haratago, komun publiko horiek urte osoan emango liekete zerbitzua herritarrei. “Joan den udan Erdikohaitzan jarri ziren kantina eta komun probisionalak herritarrei emandako zerbitzuaren balorazio positiboa egiten dugu eta kokapena egokia dela ikusi dugu, horregatik behin betikoak egitea garrantzitsua dela uste dugu”.

Udalaren ondare diren lokalen azterketa egitea ere beharrezkoa ikusten dute jeltzaleek, horien ezaugarriak eta egoera, baita herrian dauden behar eta eskaerena ere. Helburua, lokalei ahalik eta erabilera egokiena ematea, era eraginkorrean kudeatzea eta, noski, herriko beharrak ahalik eta era egokienean asetzea. Txiribueltaren beharrei behin betiko erantzuna ematea ahalbidetuko luke honek.  Zuntz optikoa herrigunera zabaltzea edota TAO zerbitzua hobetzeko kontu-saila ere proposatu dituzte.

Baserri bideen partida bere horretan uztea eta ez jaistea ere eskatu dute “baserri bideak egoki mantentzea ezinbestekoa iruditzen zaigu eta partida zegoen moduan mantentzea proposatzen dugu, jaitsierarik gabe” baita irisgarritasun partida berreskuratzea ere, “partida hori Zumaian sortu zen “Zumaia irisgarria” taldeak aurkeztutako herriko planoari erantzuten joateko eta uste dugu oraindik badela zer eginik”.

Auzoei dagokienez hainbat dira jeltzaleen eskaerak, hala nola, “Estazio auzoan ordenazio berriaren proiektuaren idazketa, Oikia eta Joxe Mari Korta poligonoa lotzeko bidegorriaren proiektua, Etxezarreta kaleko bulebarizazio proiektua, irisgarritasuna hobetu eta aparkalekuak sortzeko, oinezko eta txirrindularien segurtasuna bermatzeko, Axular Ibiltokiko bidegorria Zubi Txikia eta Zumaiena ikastetxearen hertzeraino egokitzea edota irisgarritasuna eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko, San Telmo kalea eraberritzea.

Bestalde, herriko merkataritzaren inguruko analisi eta diagnostiko baten beharra dagoela uste dute jeltzaleek, Basadi auzoan, Erribera kalean, Itzurun Zuhaitzbidea, Etxezarreta eta Alai merkatal gunetan Zumaiako herriak dituen berezitasunak identifikatu eta ondoren, merkatariekin elkarlanean, tokiko merkataritza biziberritzeko plana egin ahal izateko eta horregatik proposatu dute horretarako kontu-saila. Eta azkenik, aldaketa klimatikoari aurre egin ahal izateko argiteria LED teknologiara egokitzeko bigarren fasea martxan jartzea ere eskatu dute jeltzaleek “aurreko legealdian IDAEtik lortutako maileguari esker, 861 argi puntu LED teknologiara aldatzen hasi ginen, baina lan horrek jarraipena izan behar du gure herriko eraginkortasun energetikoa areagotu eta karbono aztarna gutxitzeko”. 

Proposamen guztiok egin ditu EAJ udal taldeak aurrekontua ongi aztertu ondoren eta herriari ahalik eta erantzunik onena emango dien aurrekontu bat osatzeko asmoz eta horien inguruan hitz egiteko prestutasuna adierazi diote udal gobernuari, biharko osoko bilkuran onartuko diren aurrekontuak zumaiarrentzat ahalik eta egokienak izan daitezen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide