Larretxoko igogailuaren inguruko eztabaidak ere bere lekua hartu zuen Alondegian herritarrekin egin genuen bileran. Azaldu genuen bezala aurreko legealdian proiektua egin zen eta igogailua kokatzeko lursaila eskuratzeko adostasun batetara heldu ginen jabegoarekin. Erosketa gauzatzeko kreditu gehigarria ere onartu zen legealdi bukaeran eta 2019an plan berezia egin eta lursailaren erosketa gauzatu ondoren 2020ko aurrekontuetan sartu eta exekutatzea zegoen aurreikusita. Badakigu igogailuak ez dituela Larretxoko irisgarritasun arazo denak konpontzen, baina pauso garrantzitsu bat da, zalantzarik gabe. Larretxo garatu zen garaia ikusirik, bertakoak adinean gora doazela kontutan hartu behar dugu eta irisgarritasuna erraztea premiazkoa da. Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza baten bidez irisgarritasun plana egiteko asmoa ere bazegoen eta 2019an egin ez bada ere, udal teknikariengandik jaso dugun informazioen arabera, luzapena eskatu da eta asmo horri eutsi zaio udalean, baina horrek luzerako joko du eta uste dugu igogailua eta irisgarritasun plana egitea bateragarriak direla eta epe motzean egoera hobetuko lukeen aukera dela igogailua.
Tamalez, 2019an ez da plan berezirik egin eta ez da lursailaren erosketa gauzatu eta 2020ko aurrekontuetan ere ez da jaso igogailua egiteko proposatu genuen partida, baina oraindik ere badago, gerakinetik dirua gorde eta proiektua lehen bai lehen martxan jartzeko aukera, betiere udal gobernuaren aldetik borondate politikorik bada. Guretzako lehentasunezkoa da eta gure esku dagoen guztia egingo dugu irisgarritasun plana bukatu arte itxaron beharrean proiektu hori lehen bai lehen martxan jartzeko.
Zure iritzia garrantzitsua da guretzat eta bai gai honen inguruan edo beste edozein gairen inguruan ekarpenik egin nahi badiguzu, zure eskura dituzu gure whastapp zenbakia (943 111 117) eta eaj@zumaia.eus helbide elektronikoa.