Ekipamenduen gaiak ere garrantzi handia du, izan ere, inbertsio handiko proiektuak jarri ditugu mahai gainean bai aurreko legealdian gobernuan geundenok eta baita oraingoan daudenek ere. EH Bilduren gobernuak komentuaren proiektua du legealdiko erronkatzat eta gu ez gaude proiektu horren aurka, baina azterketa sakon baten beharra duela uste dugu. Horrelako dimentsio handiko proiektu bati ekiten hasi aurretik, zer suposatuko duen jakitea beharrezkoa da, baita zumaiarren lehentasunak zein diren jakitea ere. EAJ udal taldeak argi du gure ustez lehentasuna zein den, etorkizuneko beharrei erantzuna emateko gai izango diren kirol instalazioak egitea eta etxebizitza eskaintza areagotzea. Edozein kasutan, ikuspegiak ikuspegi, uste dugu herritarrek eduki behar dutela honen inguruko erabakimena eta horrela planteatu genion udal gobernuari, herritarrei galdetzea ea zer lehenesten duten, kultur ekipamendu berri bat egitea edo kirol instalazioen arazoa konpontzea. udal ordezkari guztien artean eta herritar eta elkarteen artean lehentasunen inguruan galdetu eta lantzeko proposamena ez digu onartu udal gobernuak, baina badirudi behintzat zerbaitetan kasu egin digutela eta komentuaren inguruko azterketa bat egiten ari dela, izan ere, herritarrei ezer galdetu aurretik zertaz ari garen jakitea ezinbestekotzat dugu.
Ez diogu kulturari kirolari baino garrantzia gutxiago ematen, baina uste dugu egun dauden kultur instalazioak hobetzea eraginkorragoa eta azkarragoa dela, ez dugu aparteko espazio faltarik somatzen, instalazioen egoeran dago gakoa gure ustez. Komentuko proiektua oso korapilatsua izan daiteke, eraikinaren egoeragatik, ezaugarriengatik eta eraikinak duen babesak ezartzen dituen mugengatik. Lehenik eta behin azterketa sakon bat egin behar da, beraz, eraikin horrek ze aukera ematen dituen eta zenbateko inbertsioa aurreikus daitekeen jakiteko. Edonola ere, azterketak, proiektuak eta obrek, bideragarriak balira, urteak beharko lituzkete eta gure ustez egungo kultur instalazioek izan ditzaketen gabeziek epe motzagoan eta inbertsio apalagoekin irtenbide eraginkorragoak izan ditzakete, esan bezala, ez dugulako uste espazio falta denik arazoa, instalazioen egoera baizik.
Kirol instalazioen kasuan aldiz, espazio falta nabarmena ikusten dugu, ez bakarrik kiroldegi barruan, baita zelaietan ere. Gero eta kirol gehiago egiten dugu eta hori oso positiboa iruditzen zaigu eta udalak hemen esfortzu berezi bat egin beharko luke, gainera herrian kirol elkarte eta talde ugari ditugu. Zoritxarrez, kirol taldeek (eskubaloia, futbola…) entrenamenduen antolaketa egiteko arazoak dituzte espazio falta horregatik eta beste udalerri batzuetan entrenatzeko aukera zabaltzeko eskaerak ere helarazi izan dizkiote udalari.
Aurreko legealdian kirol instalazioen inguruko bi azterketa egin eta horien ondorioak azaldu genituen. Aukera desberdinak jarri ziren mahai gainean eta gure asmoa zen legealdi honetan horien inguruan herritarrei galdetzea. Gure kirol instalazioak etorkizuneko beharretara egokitzea beharrezkoa iruditzen zaigu, dimentsioz eta zerbitzuz, adin guztietako eta kirol intentsitate desberdinetako pertsonentzat aukerak emango dituzten instalazioak behar ditugu. Ez dugu uste mota horretako instalazioak egiterik dagoenik interbentzio puntualen bitartez eta beharrezkoa ikusten dugu anbizio gehiagoko proiektu bat lantzea, gure herriak egun eta etorkizunean izango dituen beharrei erantzuna emateko gai izango den proiektu bat.