Hizkuntz profila betebeharra atzeratzea. Atzoko plenoko gure ezezko bozkaren zergatia.
Labur esanda, horrek ez duelako udaltzaingoan dugun pertsonal falta konponduko.
Bere egunean esan genuen bezala ez dugu beharrezkoa ikusten erdiko mandoen 3 postuen sorrera, bat izatearekin nahikoa izango litzateke, kontutan izanda ofizial-orde udaltzainburu postua ere badagoela.
Zuzendaritzako erdi mailako postuak sortzeak ez ditu konpontzen txandak betetzeko egun dauden zailtasunak eta uste dugu hori dela lehenik eta behin konpondu beharreko arazoa. Esan genuen bezala, udaltzaingoan dugun absentismo altuaren inguruan hausnarketa sakon bat egitearen aldekoak gara eta horrela eskatu genuen lehen ere, baina ez da ezer aurkeztu horren inguruan.
Bitarteko udaltzainekin arazo bat dugu eta premiazkoagoa dela uste dugu hutsik geratuko diren udaltzain arrunt plazak betetzea.
Behar duten formakuntza espezifikoagatik, udaltzaingo plazak betetzeko arazoak ez daude Zumaian bakarrik, baina guri Zumaiako arazoak konpontzea dagokigu. Aurreko legealdian udaltzaingoak zituen ardura administratiboak arintzeko eta beren lana beraien betebeharretara bideratzeko pausoak eman genituen.
-
Pertsona bat kontratatu zen isunak tramitatzeko, ordura arte udaltzainek beraiek tramitatzen zituzten.
-
TAO zerbitzua indarrean sartu zenetik ekainaren 15tik irailaren 15rarte, kontrolatzaileen ardura da herri guztiko aparkalekuen gaia, 6 kontrolatzailetik 2019ko udara arte, esleitu den kontratu berria, 2020ko udaberrian 11 kontrolatzailera pasako da zerbitzua gehi arduradun bat.
3 udaltzain lehen postu sortzeko oinarri hartu den txostenak jasotzen du 4 udaltzaineko txandak kudeatzeko beharrezkoa ikusten dela postu horiek sortzea, baina txostenean bertan jasotzen da, baita ere, gaur egun 2 udaltzaineko txandak egiteko ere arazoak daudela, beraz, ez al da lehenik udaltzain nahikoa duten txandak osatzea bermatu beharko? Gero eztabaidatu beharko litzateke erdi mailako mandorik behar den ala ez. Uste dugu etxea teilatutik egiten hasi garela. Oinarri sendoak behar ditu lehenik eta behin udaltzaingoak eta horrek izan beharko luke lehentasuna.
Bestalde, Zumaiako udaltzaingoa egungo gizarte ereduetara egokitzeko beharra ere ikusten dugu. Udaltzaingoaren eraikina berritzea premiazko ikusi genuen aurreko legealdian, horregatik egin genuen proiektu berri bat eta proiektu berrian emakumezkoentzako eta gizonezkoentzako aldagelak egitea jaso zen. Zoritxarrez, momentu honetan daukagun plantillarekin emakumezkoen aldagela ez da erabiliko, udaltzaingoan emakumerik ez dugulako eta egoera hori aldatzea ere lehentasunetako bat dela iruditzen zaigu. Benetako berdintasunean aurrera egin nahi badugu ezinbestekoa ikusten dugu erakundeak eredu izatea eta Zumaiako Udalak ere neurriak hartu behar ditu bide horretan.
Eta azkenik, postuak jasotzen duen hizkuntza profilaren eskakizuna bi urte atzeratzearen inguruan, EH Bilduk oposizioan dagoenean eta gobernuan dagoenean erakundeekiko duen jarrera kontrajarria nabarmendu nahiko genuke.
Guk argi dugu udaltzaingoak herritarrei arreta zuzena egiten dionez, hizkuntza gai garrantzitsua dela, baina zerbitzua bermatzeko hizkuntza eskakizunarekin malguak izatea ezinbestekoa bada, ulertzen dugu lehentasuna zerbitzua bermatzea dela. Esan dugun bezala, ez dugu uste kasu honetan beharrezkoa denik, ez dugulako uste agente lehen bat baino gehiago behar denik, baina beharrezkoa den kasuetan malguak izateko prest geundeke. EH Bildu kasu honetan malgua izateko prest dago eta hizkuntz eskakizun hori atzeratu nahi du plazak bete ahal izateko. Gustatuko litzaiguke malgutasun hori bere buruari aplikatzen dion bezala, beste erakunde batzuetan horrelako kasuak daudenean ere izatea eta koherentziaz jokatzea.
Galde-erreguak
Galde erreguen txanda honetara hirigintza batzordean egin genuen galdera bat ekarri nahi dugu, uste dugulako galdera honi erantzutea herritar guztiek merezi dutela. Abenduaren 12ko batzorde hartan galdetu genuen ea udal gobernuak ze irizpide dituen pintadak, pankartak eta kartelak kentzearen inguruan.
Guk jaso genuen azalpena, baina uste dugu gardentasunak gobernu onaren ikur izan behar duela eta herritarrek ere ezagutu behar dutela erantzun hori eta hala eskatu genion alkateari, baina berak ez zuen egoki ikusten. Erantzun horretan iraunaldiak eta eskaera bidezko salbuespenak aipatzen ziren. Gure iritziz eskaerak egiteko, herritarrek joku arauak zein diren jakiteko eskubidea daukate. Erantzunaren parte batek bereziki harritu gintuen: Pankarta baten iraunaldia luzatzeko “gobernuak arrazoizkoa eta justua ikusten badu baimenduko da” esan zitzaigunean.
Udal gobernuaren irizpideak konpartitzen ez baditugu ere, errespetatzen ditugu, alkatearen eskumenean bait dago. Baina herritarrek erabakitakoa ezagutzeko eskubidea dute. Beraz, eskatzen dugu irizpide horien berri hemen publikoki ematea eta eman zitzaigun erantzunean matizazioren bat egitea egoki ikusten bada.