Gaztetxeko kideek EAJren udal taldeak larrialdi mahaian egindako ekarpenei emandako erantzunaren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko mar. 17a, 13:00

Lehenik eta behin, EAJ udal taldeak argitu nahi du emergentzia mahaian egindako ekarpenak guztion indarrak batzeko asmoz eta ezohiko egoera honi ahalik eta erantzunik egokiena emateko borondatez egin dituela, ez dituela inoren aurka egin eta ez direla kritika bat izan, herri ordezkari garen aldetik dugun erantzukizunaren baitan hartu beharreko neurriak ahalik eta egokienak izan daitezen egiten ditugun proposamenak baizik. Bizi dugun egoerari aurre egin nahi badiogu guztiok elkarrekin aritu beharko dugu, inora ez garamatzaten polemikak alde batera utzita.

Ostiralean medioen bidez ezagutu genuen ekimenaren inguruan argitu nahi dugu, adibidez, lehen protokoloak eskudirutan ordaintzea aurreikusten zuela eta diru-trukaketa horrek izango lituzkeen arriskuak aintzat hartuta alkatearekin harremanetan jarri ginela. Geroztik, diru-trukaketa eskudirutan egitea baztertu da, baina hasierako planteamendu horrek erakusten du gaiaren inguruan ezagutza eta esperientzia dituen erakunde batek kudeatu beharraren garrantzia eta hori da defendatu duguna.

Hori defendatzen dugu, ez polemikatan edo kritikatan sartzeko, aukerarik egokiena hori dela uste dugulako baizik. Uste dugu lidergoa erakundeek eta osasun eta kolektibo zaurgarrien zaintzan esperientzia dutenek izan behar dutela eta herritarrok, oro har, boluntario lanak horiek osatutako protokoloen arabera eta berme guztiekin egin behar ditugula. 

Erkidego mailan sare hori osatzen ari da dagoeneko, sare honek boluntarioen eskaintza guztiak zentralizatuko ditu eta Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak iragarri duenez, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurkeztuko du boluntariotza eskaintzak ez ezik arrisku handiena duten kolektiboen eskariak ere zentralizatuko dituen sare hau. Boluntarioek gutxieneko prestakuntza bat jasoko dute, positiboen kasuan prebentzio neurriak hartuko dira, erantzukizun zibileko aseguru bat egongo da eta euskarri informatiko batek boluntarioen kudeaketa eraginkorra bermatuko du. Modu koordinatuan sare horretan parte hartzea izango litzateke gure iritziz aukerarik seguruena.

“Etxean bakarrik dauden pertsonen arreta zerbitzua udaleko Gizarte Zerbitzuek egingo dute telefono bidez" azaltzen du Gaztetxetik publiko egin den erantzunak eta horixe bera da guk eskatzen duguna, baina eman zitzaigun informazioaren arabera ez da astelehenera bitarte aurreikusten zena, arreta egiteko publikoki zabaldu den telefono zenbakia Gaztetxeko pertsona batek erantzuten zuela esan zitzaigun eta. 

Egindako ekarpenek gure ikuspegia islatzen dute, beste iritzi batzuk izan daitezkeela ulertzen dugu. Guztiak aztertzea eta egokienak martxan jartzea baino ez dugu eskatzen eta berriz ere batasunerako deia egiten dugu, guztion artean ahalik eta hobekien aurre egiteko COVID-19ak sortu duen ezohiko egoera honi. 

Eskerrak eman nahi dizkiegu berriz ere Gaztetxe kideei azaldu duten borondatearengatik. Ikuspegiak ikuspegi, garrantzitsuena da guztiok helburu bera dugula eta ziur gaude bide horretan topa ditzakegun oztopoak elkarrekin gainditzeko gai izango garela.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide