Covid 19ren pandemiari aurre egiteko konfinamenduaren 4. astean gaude jada eta datuen arabera egoerak egonkortzera egin du. “Hartutako neurriek gure bizimodua zaildu badute ere, guztion artean egiten ari garen esfortzua fruituak ematen ari da eta horrek erakusten digu elkarlana eta batasuna direla gaitz honi aurre egiteko bidea” adierazi du Oier Korta Zumaiako Udaleko EAJ udal taldearen bozeramaileak. “Argi izan dugu lehen egunetik guztiok norabide berdinean arraun egitea ezinbestekoa dela eta egoerari buelta emateko helburuarekin dagoeneko hainbat proposamen eta ekarpen egin ditugu udalean”. Elkarlan horretan pauso sendoagoak emanez krisi honi irtenbiderik egokiena bilatuko zaiolakoan, osasun krisiaz harago ondorio ekonomikoak izango dituen krisi honetan udalak hartuko dituen erabakiak elkarlanean lantzeko deia egin zion EAJ udal taldeak alkateari eta udal gobernuak proposamena begi onez ikusita, udaleko 3 udal taldeen lan mahaia osatuko du.
“Larrialdi mahaia martxan da osasun larrialdia iragarri zen lehen egunetatik eta dagoeneko hartu dira beharrezkoak ziren hainbat neurri soziosanitario eta baita zerga eta tasen inguruko zenbait neurri ere” azaldu du Kortak, “baina aurrera begira, krisi honetan kaltetuen izan direnei aurrera egiten laguntzeko neurriak lantzea eta hartzea beharrezkoa da, krisi honetatik gizarte bezala indar berrituta eta inor atzean utzi gabe atera nahi badugu”. Zuhurtziaz jokatzea ere ezinbestekoa izango da jeltzaleen ustez, izan ere, egoera honek udalen ekonomiari ere eragingo dio, “udaleko diru iturriak gutxituko dira, zerga eta tasetatik izaten diren diru sarrerak jaitsiko direla aurreikusten delako eta honen eraginez Foru Funtsak ere behera egitea aurreikusten da” azaldu du bozeramaile jeltzaleak. Hori dela eta “diru publikoak inoiz baino zuhurtzia handiagoarekin erabiltzea ezinbestekoa izango da eta krisia pairatzen ari direnei eta pairatuko dutenei baliabideak bideratzea da orain lehentasuna” diote jeltzaleek. “Lan hori elkarlanean eta egoera eta neurriak ongi aztertuta egiteko konpromisoa dugu guztiok eta bide horrek ere laster emango ditu fruituak” azaldu du Kortak.
Kortak gogorarazi nahi izan du, halaber, egoera larrian dagoen edozein herritarrek eskura dituela udaleko Gizarte Zerbitzuen ohiko laguntzak, “ezohiko egoera bat bizi dugu eta normalean Gizarte Zerbitzuetako dirulaguntzarik jasotzen ez duten familia batzuk ezohiko beharrak dituztela ziur gaude, horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu zumaiarrei Gizarte Zerbitzuetako dirulaguntzen inguruko informazioa helaraztea”. EAJ udal taldeak azaldu duenez, Gizarte Larrialdiko Laguntzak horrelako momentuetarako ere badaude, adibidez, lanaldi murriztua konpentsatzeko, etxebizitzaren alokairua eta gastuak ordaintzeko (OHZ, etxeko asegurua, komunitateko gastuak, kontsumoak…) eta baita janaria eta oinarrizko beharretarako ere. “Dei egiten diogu momentu txar bat pasatzen ari diren familia orori gizarte zerbitzuetara jo dezaten, bertan lanean ari diren langileak lan izugarria ari dira egiten eta ziur gaude kasu bakoitza aztertu eta soluziorik egokiena bilatuko diotela, udalak bestelako ezohiko neurriak martxan jarri bitartean”. Informazioa jaso eta laguntza eskatzeko Brankako Gizarte Zerbitzuen bulegora jo dezakete zumaiarrek edo nahiago badute telefonoz ere egingo diete arreta 943 86 22 00 eta 608755982 telefonoetan.