"Premiazkoa da udala herriko merkatari, ostalari, autonomo eta enpresa txikiekin elkartzea horien kezka eta beharrak entzuteko"

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko api. 22a, 12:16

Joan den astean 3 alderdiek egindako bilerara lau proposamen eraman zituen EAJk.

COVID 19ak eragindako krisiari aurre egiteko kontu sail berezia sortzearekin pozik daude jeltzaleak, neurriak martxan jartzeko baliabideak beharrezkoak direlako, baina neurriak martxan jartzea premiazkoa dela uste dute eta kontsumo bonoak denden jarduera berreskuratu aurretik martxan jartzea eskatu dute, negozioek likidezia lor dezaten.

Osasun neurriak eta Gizarte Zerbitzuetako arreta lehentasunak izanik ere, herriko jarduera ekonomikoari eustea beharrezkoa da Zumaian bizitza, zerbitzuak eta lanpostuak mantentzeko.

Joan den astean Zumaiako Udalak eta bertan ordezkaritza duten hiru alderdiek adostu zuten COVID-19ari aurre egiteko kontu sail berezia. EAJ udal taldeak oso positiboki baloratzen badu ere emandako pausoa, neurri konkretuak martxan jartzeko ezinbestekoa delako baliabideak eskura izatea, neurri zehatzak martxan jartzea premiazkoa dela deritzo. Larrialdi mahaia abian da osasun krisiaren lehenengo egunetatik eta bertan hartu dira zenbait neurri, bereziki osasuna eta herritarren ongizatea bermatzera bideratuak, hori baita lehentasuna, baina krisiari aurre egiteko herriko jarduera ekonomikoari eusteko neurriak hartzea ere ezinbestekoa eta premiazkoa dela uste dute jeltzaleek, batez ere merkataritza, ostalaritza, autonomo eta enpresa txikien jarduera bermatzeko. “Enpresa txiki eta autonomoen egoera oso zaila da, bereziki merkatari eta ostalariena, kasu askotan jarduera erabat etenda, fakturaziorik gabe, jardueraren gastuei aurre egin behar dietelako” azaldu du Oier Korta EAJ udal taldearen bozeramaileak. Jeltzaleen iritziz beharrezkoa da jarduera horiek mantentzea eta horretarako erabat premiazkoa udalak neurri zehatzak lehen bai lehen martxan jartzea.

Lehen puntuan eskatutako kontu saila onartzearekin pauso bat eman zen jeltzaleen ustez, baina premiazkoa da neurri konkretuak zehaztea eta horretarako ezinbestekoa zuzenean krisiak eragiten dietenei entzutea. “Osasun neurriak hartzen jarraitu behar dugu eta baita Gizarte Zerbitzuetatik egoera zaurgarrian dauden pertsona guztiei arreta egiten, baina gure herrian jarduera ekonomikoa bermatzea ere ezinbestekoa da zumaiarren ongizatea eta zerbitzuak bermatzeko” dio Kortak. “Krisi honen aurretik ere gure herriko merkataritzak egoera zaila bizi zuen eta egoera honek kinka larrian jartzen du gure herriko kaleetan bizitza eta zerbitzuak mantentzeko ezinbestekoa den sektore honen biziraupena” jarraitu du Kortak. Baina Kortaren ustez, ez da soilik merkataritza bere etorkizuna arriskuan duen sektore bakarra, “ostalaritzak ia erabat etenda du jarduera eta konfinamendu neurriak pixkanaka lasaitzen joango badira ere, ez da uda normal bat izango eta ez dugu ahaztu behar uda sasoia bereziki garrantzitsua dela gure ostalarientzat”.

Bestelako enpresa txiki eta autonomoen inguruan ere kezka azaldu dute jeltzaleek, jarduera erabat edo partzialki etenda dituzten beste sektore batzuk ere badirelako. “Guztiekin elkartzea eta horien behar eta kezkak entzutea premiazkoa da, elkarrekin neurri eraginkorrak landu eta krisiari aurre egiteko” dio Kortak. Aste honetan foroak egin duen bileran herrian kontsumoa sustatzeko bonoak izan dira mintzagai. Jeltzaleek azaldu dutenez, udal gobernuak bono horiek dendak ireki ondoren martxan jartzea planteatzen du eta EAJ udal taldearen ustez neurri hori lehen bai lehen martxan jartzea ezinbestekoa da, dagoeneko hilabetetik gora itxita dauden negozioen egoera arintzeko. Gaurko bileran izan den Aitziber Odriozola zinegotzi jeltzaleak azaldu duenez “jada berandu gabiltza eta ezin dugu egoera gehiago luzatu, bonoekin badugu esperientzia dagoeneko gure herrian eta borondate kontua da azkartasunez mugitzea”. Jeltzaleek uste dute bonoak dendak ireki aurretik martxan jarri daitezkeela, eta guztietara bonoak banatuta negozioek likidezia puntu bat irabaziko luketela. “Gure esku dagoen guztia egiten ari gara eta egiten jarraituko dugu, jakinik, gure papera noraino heltzen den, hau da, proposamenak lantzen eta egiten jarraituko dugu, baina erabakiak hartzea ez dago gure esku, udal gobernuaren esku baizik” azaldu du Kortak. “Osasun krisia hasi zenetik hainbat proposamen egin ditugu guzion artean lantzeko asmoz, baina ez dugu aurrerapausorik ikusten. Epe ertain eta luzera neurriak lantzea garrantzitsua izango da, baina epe motzera neurriak zehazteko garaia da eta uste dugu Zumaiako Udalaren egoera ekonomikoak ahalbidetzen duela gure herriaren oraina eta etorkizuna bermatzeko neurriak martxan jartzea” amaitu du Kortak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide