Larrialdi egoera ezarri zenetik asteak pasa direla ikusita eta udala izanik gertutasun gehien duen erakundea, EAJ udal taldearen ustez premiazkoa da krisiari aurre egiteko udaletik neurriak lehen bai lehen martxan jartzea. Hori dela eta, jeltzaleek proposamen zehatz bat aurkeztu dute udalean, eman beharreko pausoak azkartzeko asmoz.
“Gizarte zerbitzuetatik pertsonei egingo zaien arreta bermatzea beharrezkoa da eta era berean jarduera ekonomikoa bermatzeko neurri ekonomikoak martxan jartzea”, azaldu du Oier Korta bozeramaile jeltzaleak. Proposamenak udal taldeen mahaian adostea ezinbestekoa da, udal gobernuak duelako neurriak martxan jartzeko eskumena eta borondate horrekin jarri ditu EAJ udal taldeak proposamenok mahai gainean.
Jeltzaleek azaldu dute martxoaren 23an egin zituztela lehen proposamenak eta batzuei ezezkoa eman diela udal gobernuak eta beste batzuei ez diela erantzun. “Neurri zehatzik martxan jarri gabe denbora pasatzen ari dela ikusten dugu eta uste dugu ezin garela denbora gehiagoz geldirik egon. Horregatik aurkeztu dugu epe motz, ertain eta luzerako neurriak jasotzen dituen proposamen berri bat, 500.000 euro inguruko aurrekontua izango lukeena, lehen bai lehen guztion artean landu eta martxan jartzeko asmoz”.
Ondorengoak dira EAJ udal taldeak proposatutako neurriak:
Epe motzean eta azkartasunez hartu beharreko neurriak
- Jarduera gelditu behar izan duten edo alarma-egoeraren deklarazioak fakturazioa murriztu dien mikroenpresen eta norberaren konturako langileen (autonomoak) gastu arrunten zati bat ordaintzeko 1.700 eurorainoko diru-laguntzak. (Aurrekontua 225.000 euro)
- Zumaiako establezimenduetan (komertzio, ostalaritza, ileapaindegiak, hortz klinika eta gainontzeko jarduerak Covid19aren ondorioz kaltetuak izan direnak) kontsumoa sustatzeko bonoak, lehen bai lehen eta establezimenduen irekierari itxaron gabe, sortzea eta aktibitate bakoitzari 1.000 eurotako bonoak fisikoki ematea, udalaren ekarpena aurreratuta, etenda dauden jarduera horiei likidezia emateko. (Aurrekontua 150.000 euro)
- Zaintzarako laguntzak. Hezkuntza zentroen itxieraren ondorioz 0-12 URTE BITARTEKO HAURREN ZAINTZARAKO eta MENPEKOTASUNA DUTEN PERTSONEN EZ OHIKO ZAINTZAK SORTUTAKO eragozpenak arintzeko 1.000 eurorainoko laguntzak (Aurrekontua 50.000 euro)
- Alarma egoera indarrean dagoen bitartean, Gertu merkatari elkarteko kide izateko ordaintzen diren kuoten kostua udalak bere gain hartzea eta deialdi zabal bat egitea elkarteko kide egitera animatuz. Neurri honek bi helburu ditu, sektorea bera batasunaren bidez sendotzea batetik eta gainontzeko erakundeetatik iritsi daitezken dirulaguntzak guztiengana iristea erraztea bestetik. (Aurrekontua 15.000 euro)
Epe ertain eta luzera
- Komertzio txikia dinamizatzeko eta tokiko kalitatezko produktuen kontsumoa sustatzeko, bertako ekoizleei produktuak erosten dizkieten komertzioei dirulaguntza lerroa sortu. 3 hilabete gutxieneko erlazioa izatea eskatuko litzateke dirulaguntza jaso ahal izateko. 200 euro hilabetean. (Aurrekontua 10.000 euro)
- 2020ko udara begira, herriko kultur eta kirol eragileekin elkarlanean bizi dugun egoerak ezarriko dituen baldintza berrietan herria dinamizatuko duen programazio interesgarria landu. (Aurrekontua 50.000 euro)
UKUEren bitartez eta Lanbiderekin elkarlanean, sustatu beharrekoak
- Aholkularitza dirulaguntza eta izapideetan
- Langabeak kontratatzeko diru-laguntzak
- Enplegu-planak: hirugarren sektoreko erakundeetan kontratazioak errazteko enplegu plana osatu.
EAJ udal taldeak egoerari aurre elkarlanean egiteko lanean jarraitzeko asmoa azaldu du, “indarrak batzeko momentua da, elkartasunerako momentua, eta guztiok egin behar dugu gure esku dagoen guztia krisi honetatik inor atzean utzi gabe ateratzeko” amaitu dute jeltzaleek.