Haur topalekuen eta zaintzarako diru laguntzen inguruko erabakia kontziliazioa bermatzeko nahikoa ez dela uste du EAJren udal taldeak

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko eka. 22a, 12:04

COVID-19ak sortutako krisiak egoera aldakorra ekarri du eta momentu jakin batean hartutako erabakiak zuzenak izanik ere, EAJ-PNV udal taldearen iritziz, horrek egunetik egunera erabakiak berrikusi beharra dakar egoera berrira egokitzeko. Udalekuen kasuan, bertan behera uzteko erabakia hartu bazen ere, egoera berriak aukera hori berrikusteko momentua ekarri du. 

“Udalekuak bertan behera uzteko erabakiarekin ados agertu ginen bere momentuan batzordean, uste dugu momentu hartan hartu beharreko erabakia zela, baina batzordean esan genuen bezala, egunetik egunera aldatzen dira gauzak deseskalatze faseak aurrera doazen heinean eta egungo egoeran udaleku zerbitzua berrabiaraztea egokia dela uste dugu, beti ere, haur eta langileen osasun eta babes neurri guztiak bermatuta”, azaldu dute jeltzaleek.

Itxialdiaren ondoren haurrek sozializatzeko inoiz baino behar handiagoa dutela aintzat hartuta eta aiton-amonak arriskuan jarri gabe hainbat familien kontziliazio arazoak arintzen ere lagunduko duelakoan, jeltzaleen udal taldeak udalekuak berrabiarazteko eskaera luzatu zion udal gobernuari. Izan ere, udaleku pribatuak egongo badira ere, EAJ-PNV udal taldearen ustez udalak ere zerbitzu hori ematea litzateke egokiena, egoera ekonomiko zailenean daudenei begira batez ere.

Udal gobernuak lanketa aurreratua zuela esan erantzun zion EAJri eta laster helaraziko zietela proposamena. Jasotakoa, proposamena baino erabakia izan da, Gazteria batzordeko kideekin ez baita lanketarik egin eta ez baita ekarpenik egiteko aukerarik izan. Horiek horrela, erabakia hartuta eta komunikatuta dagoenez eta ekarpenik egiteko aukerarik eman ez denez, EAJ udal taldeak erabakia baloratu baino ezin izan du egin:

  1. Udalekuak berrabiarazteko erabaki egokia dela uste du EAJ udal taldeak, haurren sozializaziorako eta familien kontziliaziorako beharrezkoa jotzen duelako.
  2. Eskainiko den udaleku zerbitzua oso mugatua dela uste dute, astebete eta egunean 2 ordu t’erdi sozializatzeko oso gutxi delako eta kontziliatzeko aukerarik ematen ez duelako.
  3. Egoera horretan udaleku zerbitzuaren bidez kontziliazioa bermatzerik ez dagoenez, ongi ikusten dute zaintzarako diru laguntza lerro bat sortzea, krisiaren hasieratik izan dira jeltzaleak mota honetako diru laguntzen aldekoak eta halaxe eskatu dute behin eta berriz.
  4. Diru laguntza jasotzeko ezarri den familia unitatearen diru-sarreren muga (20.000 euro gordin urtean) oso baxua da eta zerbitzuaren beharra izango duten familia ugari kanpoan geratuko dira (bi bikotekideek lanbide arteko gutxieneko soldata jasota muga hori gainditzen dute).  

EAJ udal taldearen ustez, harrigarria da ekimen pribatuak egoera berean beste era bateko udalekuak prestatzea eta udalak hain zerbitzu mugatua bakarrik eskaini ahal izatea. Bestalde, zaintzarako dirulaguntzen lerroa beste udalerri batzuetan ere jarri da martxan, baina familia unitatearen dirusarrera muga ez da 20.000 eurotara mugatu, horrek laguntzatik kanpo uzte baititu zaintzarako norbait kontratatzeko beharra izango duten familia asko, ondorioz, aiton-amonen gain geratuko da zaintzaren ardura kasu askotan eta arrisku taldeko pertsonak izanik momentu honetan hori ekiditea beharrezkoa da jeltzaleen ustez.

Zaintzaileen lan-poltsari dagokionez, EAJ udal taldeak ere bide hori erabiltzera animatzen ditu bai familiak eta baita zaintzaileak ere. Gazte askorentzako begirale edo zaintzaile lanak udako lan gisa garrantzitsuak dira eta aukera hori bermatzea positiboa da udako diru-sarrera horiek izaten direlako kasu askotan ikasten ari diren bitartean gazteek izaten dituzten bakarrak. Hala ere, udal gobernuak martxan jarri nahi duen diru laguntza lerroaren mugak (familiaren urteko 20.000 euroko diru-sarrera gordina) ez du bultzatuko, jeltzaleen iritziz, zaintza lanetan kontratuarekin eta baldintza duinetan aritzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide