EH Bilduren udal gobernuak autobusak uda sasoian autoen joan etorrian sortzen dituen arazoak argudiatu ditu geltokia ezabatzeko, Txomin Agirre kaira sartzen den kotxe kopuruak gora egiten duenez eta autobusak geltokian behar den bezala sartzeko espaziorik ez duenez, auto pilaketak sortzen omen dira. EAJ udal taldeak bere desadostasuna azaldu zuen erabakiarekin, izan ere, gobernuan zeuden bitartean arazo berezirik ez zuen sumatu eta herritarrengandik jasotako kexak guztiz kontrako zentzuan izan ziren, hau da, geltokia ezabatzearen inguruan izan zituzten kexak, bereziki adineko herritarrengandik eta aniztasun funtzionala dutenengandik.
Jeltzaleek uste dute ezin dela garraio pribatua lehenetsi garraio publikoa murriztuz, kalte egiten diolako ez soilik herritarrei ematen zaien zerbitzu publikoari, baita ingurumenari ere. Txomin Agirreko autobus geltokiak herriaren zati handi bati ematen dio zerbitzua, Zubitxikitik barrura, eta geltokia ezabatzeak, adinekoei eta aniztasun funtzionala duten pertsonei bereziki, baina inguru horretan bizi direnei, oro har, kalte egiten die. EAJ udal taldearen ustez, gainera, honek ez du arazoa erabat konpontzen, izan ere, autobus pribatuak ere sartzen dira eta erabiltzen dituzte bai Amaia plazako eta Txomin Agirreko geltokia eta horiek arazo ber-berak sor ditzakete. Gainera ohikoak dira bigarren ilaran aparkatutako kotxeak eta zamalanak eta horrek ere badu eragina zirkulazioan.
EAJ udal taldearen ustez, arazoaren konponbidea, beraz, ez da inola ere garraio publikoa murriztea eta konponbide bat jarri dute mahai gainean, urte guztirako balioko lukeena eta garraio publikoari kalte ez egiteaz gain, zerbitzua hobetzen lagunduko lukeena, Txomin Agirreko geltokiari behar duen espazioa emateko bi aparkaleku plaza ezabatu eta autobus geltokia handitzea.
Oier Korta bozeramaileak azaldu duenez “gure agintaldian ez genuen aparteko arazorik antzeman, baina hala izanik ere, konponbidea ez dugu zaila ikusten eta beti izango da hobea bi aparkaleku plaza kentzea herriaren zati handi bat autobus geltokirik gabe uztea baino”. Bozeramaile jeltzaleak gaineratu du, aldaketa klimatikoa egun dugun erronka nagusienetako bat izanik ez dela ulergarria garraio pribatua publikoaren aurretik jartzea “ezin dugu ahaztu garraioa dela CO2 isurketen iturri nagusia eta gure CO2 aztarna murriztu nahi badugu, garraio publikoaren aldeko apustua ezinbestekoa da, ez dugu uste udal gobernuak hartutako erabakia zuzena denik, zerbitzu publikoari eta jasangarritasunari dagokionean atzerapauso bat delako”.
Batzordean hizpide izan zen baita ere EAJ udal taldeak ibai inguruan eman daitezken pilaketak ekiditeko luzatutako proposamena. Zumaian, hondartza ez ezik, ibaia ere bada aisialdi gune eta horren harira, hondartzetan egin den bezala gaia aztertzea eta neurriak jartzea beharrezko ikusten dute jeltzaleek, zumaiarren eta kanpotik etorritako bisitarien osasuna eta segurtasuna bermatze aldera. Hondartzetan irizpideak eta protokoloak landu dituzte kostako udalerriek aldundiarekin elkarlanean baina, esan bezala EAJ udal taldearen ustez, hondartzez gain Zumaian badira beste puntu batzuk sentsibleak direnak itsasgora denean.
Jeltzaleek lau puntu aipatu dituzte jende pilaketak sortzeko arriskua dutenak, Arranpla, Moilaberriko zubia eta Gernika parkeko eremua eta zubi gorria (itsaskiroldegia). Horregatik, EAJ udal taldeak osasun neurriak eta neurri informatiboak proposatu ditu inguru horretan, goizetan espazio horien desinfekzio lanak egitea eta puntu estrategikoetan kokatutako karteldegi finkoen bidez, erabilera neurriak erabiltzaileen bistara kokatzea, informazio eta sentsibilizazio neurri gisa, musukoen erabileraren eta distantzia minimoen inguruan informatzeko.
Herri ordezkari diren neurrian duten erantzukizuna aintzat hartuta egin dituzte jeltzaleek proposamenok, Zumaiako errealitatea aintzat hartuta, herritarrei nahiz bisitariei ahalik eta zerbitzurik egokienak eskaintzeko asmoz eta jasangarritasuna, osasuna eta segurtasuna helburu.