Zumaiaren beharrak lehenetsiz erabili behar dira udal baliabideak

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko ira. 23a, 16:39

Uste dugu Ardantzabideko lokala Gaztetxolak dituen espazio arazoak konpontzeko egokiagoa dela eta, aldiz, Emakumeon Etxearentzat kokapen estrategikoagoa dela egun Gaztetxola dagoen lokala, ikusgarritasun gehiago izango lukeelako. Alokairu Beka Zumaiako gazteei emantzipazio aukerak emateko sortu genuen eta udal gobernuak onartu nahi dituen aldaketek Zumaiako gazteen emantzipazioa erraztu baino zaildu egingo duelakoan gaude.  

Datorren ostegunean egingo da iraileko ohiko osoko bilkura, bertan, batzordeetan eztabaidatu diren zenbait erabaki hartuko dira eta EAJ udal taldeak erabaki horien inguruko bere ikuspegia azaldu nahi izan du. “Bi gai dira bereziki  garrantzitsuak, besteak beste, zaintzarako eta Santiago hondartzako arrapala azpiko obren partidak gutxitzeko eta Ardantzabideko lokalak egokitu eta bertan Emakumeen Etxea kokatzeko partida sortzeko aurrekontu aldaketak (kreditu transferentziak)  eta Alokairu Bekaren oinarrien aldaketa” azaldu dute jeltzaleek “eta bi kasuetan gure ezezkoaren oinarria bera da, udal baliabideak zumaiarren beharrak lehenetsiz erabili behar direla”. EAJ udal taldeak azaldu duenez, herri ordezkari gisa, baliabide publikoak arduraz bideratzea oinarrizko erantzukizuna da beti, baina egun bizi dugun krisi egoera honetan are gehiago “beti izan gara baliabide publikoak, zumaiarren beharrak lehenetsiz, zuhurtziaz eta erantzukizunez kudeatzearen aldekoak eta etengabe ahalegindu gara horretan, baina bizi dugun testuinguruan are garrantzitsuagoa da eta bai kreditu transferentziatan eta baita Alokairu Bekaren oinarrien aldaketan ez dugu uste ariketa hori egin denik” azaldu du Oier Korta bozeramaile jeltzaleak.

2020ko aurrekontuan onartuta zeuden partida batzuetatik dirua kendu eta beste partida batzuetara pasatzeko aurrekontu aldaketa proposamena aurkeztu du udal gobernuak ogasun batzordean eta horietako batzuekin ez daude ados jeltzaleak, bereziki dirua jasoko duten partida batzuekin. 

Murriztuko den partidatako bat zaintzarako dirulaguntzen partida da eta honen inguruan azaldu dute jeltzaleek, 25.000 euroko partida oso osorik transferituko dela ez delako laguntzarik eman, “bere garaian udal gobernuari azaldu genion gure desadostasuna dirulaguntza horiek emateko oinarriekin, izan ere, laguntza eskatu ahal izateko ezarri ziren diru-sarrera maximoekin aurreikus zitekeen eskaerarik ez zela egongo. Beste udalerri batzuetan eman dira halako laguntzak, baina diru-sarrera muga malguagoekin” azaldu du Oier Kortak. 

Santiago hondartzako arrapala azpiko obraren partida ere gutxituko da, EAJk joan den urtetik behin eta berriz eskatu duen bezala, soilik sorosleen aldagelak egiteko dirua gordeko da. “Honen inguruan gure iritzia argi azaldu izan dugu beti, uste dugu hondartza honen erabilera ohitura berriei erreparatuta, zentzuzkoagoa dela arrapala azpian komunak egin beharrean Erdiko Haitza inguruan behin betiko kantina eta komun publikoak egiteak eta arrapala azpiko obren dirua behin betiko azpiegitura horietara bideratuko ez bada ere, proposatu den murrizketa honekin ados gaude”. 

Beste alde batetik, 287.385,16 euroko partida sortu nahi da Ardantzabideko lokala egokitu eta bertan Emakumeon Etxea kokatzeko. EAJk bat egiten du Emakumeon Etxearen proiektuarekin, baina ez du egoki ikusten kokapen hori. “Herrian ditugun beharrei erreparatuta, uste dugu Ardantzabideko lokala Gaztetxolak dituen espazio arazoak konpontzeko egokiagoa dela eta, aldiz, Emakumeon Etxearentzat kokapen estrategikoagoa dela egun Gaztetxola dagoen lokala. Bestalde uste dugu azpiegitura berriak sortzean elkarte guztien beharrizanak kontuan hartu behar direla eta ez bakarrik eratu berrienak. Gaztetxola aspaldi eratutako zerbitzua da eta dituen baliabideak nabarmen txiki geratu zaizkio, Emakumeon Etxearen kasuan, zerbitzu berria da eta erabiltzen den heinean argiago izango dugu zein behar dituen. Egiten dugun proposamenarekin, ia baliabide berdinekin 2 arazori erantzuna ematea posible dela uste dugu eta udalaren baliabideei etekin handiagoa aterako geniekela”.

Azkenik, covid 19aren inguruan dokumental bat egiteko sortu nahi den  28.132,50 euroko partidarekin erabat desados agertu dira “argi dugu covidaren inguruan udalak dokumental bat egitea ez dela zumaiarren lehentasunezko behar bat eta ezin dugu inolaz ere onartu. Zentzu honetako ekimenak era xumeago batean egin daitezke eta inguruko herrietan adibide asko badaude: denboraren kapsula, argazki erakusketak, … eta Baleike bezalako hedabideek egun dituzten hainbat elkarrizketa, idatzi eta jasotako hainbat testigantzaz aparte.”

Alokairu beka
Alokairu bekari dagokionez, besteak beste, honako aldaketak onartu nahi ditu udal gobernuak: Zumaian erroldatuta egon beharreko epea 6 hilabetetara jaistea, adin tarte guztietara zabaltzea beka eskatzeko aukera, alokairu toperik ez jartzea eta diru-sarrera minimo batzuk ez ezartzea. 

EAJ udal taldearen iritziz, Zumaian erroldatuta egon beharreko denbora jaisteak eta alokairu toperik ez jartzeak alokairuen igoera ekarri dezake, “inguruko udalerrietatik ere demanda handitu lezakeelako eta alokairu toperik jarri gabe demandaren arabera igoko liratekeelako prezioak”. Inguruko udalerrietan jartzen diren baldintzei erreparatu diote jeltzaleek eta bi adibide jarri dituzte, Azpeitian 10 urtez erroldatuta egotea beharrezkoa da dirulaguntza hori eskatzeko eta Zestoan, berriz 5 urtez, “ohikoa da horrelako dirulaguntzetan tamaina horretako errolda minimoak eskatzea, helburua udalerrian bizi direnei emantzipazioa erraztea delako eta ez dugu ulertzen zergatik Zumaiaren kasuan errolda eskakizun maila hain baxua jarri nahi den”. 

Dirulaguntza adin tarte guztietara zabaltzeak prezioen igoeraren arriskua handitzeaz gain, dirulaguntzak bere sorreran zuen helburu nagusia galtzea ekarriko luke, hau da, Zumaiako gazteei emantzipatzen laguntzea. Bestalde, diru-sarrera minimo batzuk ez eskatzeak ere hasierako helburuetako bat alboratuko luke, hau da, ezkutuko ekonomia gutxitzea, beltzean lan eginda ere, teorikoki diru-sarrerarik gabe, eskatu ahal izango baita laguntza, lan kontraturik egiteko beharrik gabe, beraz. 

“Alokairu beka Zumaiako gazteei emantzipazio aukerak emateko sortu genuen eta udal gobernuak onartu nahi dituen aldaketek Zumaiako gazteen emantzipazioa erraztu baino zaildu egingo duelakoan gaude” azaldu dute jeltzaleek. Udal gobernuari luzatzen diogun galdera hau da? Zer lehenesten du, Zumaiako gazteria edo ingurukoa?  “Zumaiarren zergetatik datozen baliabideak era arrazionalean eta zumaiarren beharrak asetzeko erabili behar direla uste dugu, bereziki momentu honetan eta herritarrek helarazten dizkiguten kezkak aintzat hartuta, udal gobernuak proposatutako aldaketak ez doaz norabide horretan, beraz, aurka azalduko gara osoko bilkuran” amaitu du Oier Kortak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide