EH Bilduren gobernuak irizpide orokor bezala zergak izoztea proposatu bazuen ere, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga %5,77 igotzeko asmoa azaldu zuen, egun 2,09an dagoen tipoa 2,20ra igotzea, hain zuzen. EAJ udal taldearen iritziz bizi dugun krisi momentuan eta KPIa ere negatiboa dela aintzat hartuta, ez da jarduera ekonomikoen gaineko zerga edo beste inolako zergarik igotzeko momentua eta halaxe adierazi zion gobernu taldeari. JEZa ere izozteko proposamenaz gain eta tokiko ekonomiak eta bereziki ostalaritzak bizi duen momentu zaila aintzat hartuta, tabernek terrazen tasa ez ordaintzea edo kopuru sinboliko batean uztea ere eskatu zuten jeltzaleek. Puntu honetan udal gobernuaren adostasunik lortzea ezinezkoa zela ikusirik, bigarren proposamen bat egin du EAJ udal taldeak erdibideko akordio bat lortzeko asmoz, terrazen tasa bere horretan uztea baina toldoak jartzeagatik ordaintzen den aparteko tasa ez ordaintzea. Azkenik, 100 m2tik beherako establezimendu txikiek irekiera lizentzia eskuratzeko ordaintzen duten 300 euroko tasa 50 eurora jaistea ere eskatu dute jeltzaleek.
Horiek horrela, udal gobernuak EAJren eskakizunak onartuta, behin betiko proposamenean txertatuko dira JEZaren izoztea, toldoen tasa ez ordaintzea eta irekiera lizentzien tasa 50 eurotara jaistea eta EAJ udal taldeak aldeko bozka emango dio behin betiko proposamen adostu horri. “Oso gustura gaude udalean egindako lanketarekin eta lortutako akordioarekin. Zumaiarrentzat eta Zumaiako negozio txikientzat positiboa dela uste dugu eta espero dugu udal gobernuak aurrerantzean ere adostasunaren bidea jorratzen jarraitzeko aukera ematea, bereziki aurrekontuei begira, guztion artean zumaiarrentzat erabakirik egokienak har ditzagun” amaitu dute jeltzaleek.