Ezin dugu udal gobernuaren aurrekontu proiektua babestu ez dituelako zumaiarren baliabideak era egokian bideratzen

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko abe. 17a, 09:53

Pertsonal gastuak gora jarraitzen du eta ez dago justifikatuta, udal gobernuak aitzakiatzat jartzen duen azpikontratazio maila jaistea ez delako betetzen. Zuntz optikoaren inguruan udal gobernua egiten ari den kudeaketa erabat traketsa da eta batere gardentasunik gabe ari da gainera. 

EAJ udal taldeak ez dio bere babesa emango udal gobernuak 2021erako proposatutako aurrekontuari. Proposamenak aurkeztu ditugu inbertsioen atalerako, baina ezin dugu EH Bilduk aurkeztutako proiektuarekin bat egin. Arrazoi nagusiak dira, lehenengo kapituluan, hau da, pertsonalean egiten den gastu igoera ez justifikatua eta zenbait inbertsiotan izandako informazio eza eta horien bideragarritasunak sortzen dituen zalantzak.

Udalaren egoera finantzarioa hartzen ari den norabidearen inguruan honakoa azpimarratu nahi dugu:

Aurrekontuaren lehenengo kapituluak, hau da, pertsonal gastuak, legealdiko lehenengo 2 urteetan igoera nabarmena izan du, 643.628 euroko igoera, %26,6tik %31,7ra, sarrera arruntekiko.

Pertsonalaren kapitulua igotzeak, 2. kapituluaren jaitsiera ekarri beharko luke, baina 2. kapituluak ere gora egin du.

Aurreko legealditik zetorren milioi eta erdiko aurrezki garbia 294.280,94 eurotara jaitsi da. Jaitsiera hori ezin zaio egotzi ez Foru Funtsaren jaitsierari ez eta ere pandemiak sortutako beharrei, lehenengo kapituluaren igoerak eragin zuzena eta handia izan du.

Horrela, 2021ko aurrekontua osatu ahal izateko udalak ondarearen salmentara jo behar du, San Migeleko etxebizitza lur saila eta Xey poligonoko industri lurzorua, baita zorpetzera ere inbertsio garrantzitsuenei aurre egiteko, IDAE II eta zuntz optikoa.

Aurreko legealdian utzitako aurrezki garbiari esker, udala egoera finantzario onean iritsi da pandemiak ekarri duen krisira, baina orain, aurrezki garbirik gabe, nola itzuliko dira maileguak, EH Bilduk lehenengo kapituluaren gorako joera geldiarazteko asmorik ez duela jakinda? 

EH Bilduren bidea zuzena al da? Bizi dugun ziurgabetasun egoera honetan lehenengo kapitulua igotzen jarraitzearekin ez du bat egiten EAJk. Ez da zuhurtasun printzipioarekin bateragarria, gastu finkoa, estrukturala, bilakatzen delako.

Zuntz optikoaren kudeaketan gardentasun eta aurreikuspen falta

Zumaian zuntz optikoa etxe guztietara iristearekin erabat ados gaude, horregatik proposatu genuen 2020rako hori aztertzeko partida bat. Baina udal gobernuak eman dituen pausoek ardura sorrarazten digute, proiektuak berak juridikoki enkajerik baduen ziurtatu aurretik, konpromisoak hartzen ari delako udala eta herritarrengan frustrazioa sor dezaken espektatiba bat sortu duelako. Guztia, gainera, batere gardentasunik gabe. Guifinetekin sinatutako hitzarmenak ez du ia ezer zehazten, elkarlana aipatzen du eta baita alde batek atzera egiten badu besteak egindako gastuak bere gain hartu beharko dituela, baina ez du zehazten ez diru kopururik ez bakoitzaren betebeharrik ere. Azaroaren 6an aurkeztu zigun udal gobernuak aurrekontu zirriborroa eta bertan jasotzen zen zuntz optikoarentzako 250.000 euroko partida hori ikusita premiazko bilera bat eskatu genuen. 

Azaroaren 27rako hartu zuen tartea udal gobernuak bilera egiteko eta bertan, uztailetik zuten Guifinetek egindako txosten bat eman ziguten, bai guri eta baita udaleko idazkariari eta kontu-hartzailerari ere. Azpimarratu beharra dago datu hori, uztailetik udal gobernuak zuen txosten horren berri azaroa amaitzear zela eman zigun. Udala gero eta konpromiso gehiago hartzen ari da gai honetan eta udaleko idazkariak eta kontu-hartzaileak oraindik zalantzak dituzte legearen barruan enkajerik baduen edo nola bideratu daiteken diru publikoa enpresa zehatz batetara konkurrentzia publikorik gabe. Udal gobernua arduragabekeriaz eta gardentasunik gabe ari da gai honetan eta gaia bideratzeko gure eskuetan dagoen guztia egin badugu ere, udal gobernuak du erabakimena eta uste dugu, zoritxarrez, kontu honek onurak baino kalteak ekarriko dizkigula zumaiarroi. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide