“Gizarteak bat eginik egin behar dio aurre pandemiari eta ordezkari politiko garenok eredu izan behar dugu”

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2021ko urt. 19a, 11:23

Pandemiaren garapena ikusirik, larrialdi mahaia eta mahaiak ahalbidetzen duen elkarlana berreskuratzeko garaia dela uste dute jeltzaleek. “Txertaketa hasia bada ere, argi dago oraindik talde immunitatea lortzetik eta pandemia gainditzetik urrun gaude, Zumaiako egoera epidemiologikoak txarrera egin du nabarmen, beraz, prebentzio neurriek berebiziko garrantzia dute”.

Covid 19ak eragindako pandemiaren lehen olatuan, beste hainbat udaletan bezala, gaitzari aurre egiteko neurriak lantzeko, larrialdi mahai bat sortu zen Zumaiako Udalean. Mahai horren balorazio oso positiboa egiten du EAJ udal taldeak, bertan informazioa partekatzeko eta proposamenak egiteko eta lantzeko aukera izan zelako “uste dugu behar beharrezkoa dela pandemia honi aurre egiteko elkarlana sustatzea eta mahai horrek aukera hori eman zigun” azaldu du Oier Korta jeltzaleen bozeramaileak. Konfinamendua amaituta, ordea, mahaia ere bertan behera geratu zen eta momentu hartan egin zen behin behineko eten hura gaurdaino luzatu da.

Pandemiaren garapena ikusirik, lehenengo olatu horren ondoren etorri zen bigarren olatua eta ia gainean dugun hirugarrena, larrialdi mahai hori eta mahaiak ahalbidetzen zuen elkarlana berreskuratzeko garaia dela uste dute jeltzaleek “larrialdi mahaia eten zenetik, informazioa askotan kaletik jasotzen dugu eta uste dugu beharrezkoa dela mahai hori berrabiaraztea, udal talde guztiek informazioa behar den bezala jaso eta gure ekarpenak egin ahal izateko”.

“Txertaketa hasia bada ere, argi dago oraindik talde immunitatea lortzetik eta pandemia
gainditzetik urrun gaudela” azaldu du Kortak. Horregatik, prebentzio neurriek oraindik er berebiziko garrantzia dute jeltzaleen iritziz “bai munduan zehar eta bai Europa mailan egoerak izan duen bilakaera ikusita, nahiko argi zegoen hirugarren olatua ia ekidin ezina zela”. Azken aste eta egunetan Zumaiako egoera epidemiologikoak txarrera egin du nabarmen, Gipuzkoako 10.000 biztanletik gorako udalerrietan intzidentzia tasarik altuena eta Erkidego mailan 2. altuena du momentu honetan eta jeltzaleen ustez “egoera honetan, hirugarren olatuari aurre egiteko elkarlana ezinbestekoa da”. EAJ udal taldeak uste du elkarlanak berak eman ditzakeen fruituez gain, elkarlanaren beraren irudia ere garrantzitsua dela “gizarteak bat eginik egin behar dio aurre pandemiari eta ordezkari politiko garenok eredu izan behar dugu, erakutsi behar dugu gai garela bat eginik lanean aritzeko eta momentu honek eskatzen duen neurriko maila emateko”.

Horiek horrela, EAJ udal taldeak larrialdi mahaia berrabiarazteko eskaera egin du, udal gobernuak aintzat hartuko duelakoan eta elkarlanean aritzeko bere konpromisoa berretsi du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide