Ostegun honetan izango den Osoko Bilkurako gai zerrendan dago TAOaren ordenantzaren aldaketa eta EAJ udal taldeak eskatu dio udal gobernuari puntu hori gai zerrendatik ateratzeko, gaia gehiago landu beharra dagoela uste baitute jeltzaleek. Herritarrei zuzendutako joan den asteko bilera telematikoan eman zuen informazioa udal gobernuak puntu honen inguruan eta Alex OIiden alkateordeak berak “aldaketa mardulak” zirela aipatu zuen. EAJ udal taldea bat dator horretan, aldaketak mardulak dira baita jeltzaleen iritziz ere, eta horrexegatik uste du EAJ udal taldeak gehiago landu beharra dagoela.
EAJk bost puntutan arrazoitu du bere eskaera:
- Mahai Tekniko-politikoak bi bilera baino ez ditu egin gaia lantzeko eta bertara gonbidatutakoak ez dira izan zuzenean aldaketaren eragina pairatuko dutenak, ez zegoen Txomin Agirre kaia eremuan bizi den herritarrik (Erribera kalea eta Alde Zaharra), eta ostalaritzaren ordezkaria ere ez zen zubitxikitik barrurakoa.
- EAJ udal taldeak azken bilera tekniko-politikoan azaldu zuen ez zuela egoki ikusten zubitxikitik jirobusera guztia errotazio altua bilakatzea. Herriko gunerik saturatuena da dudarik gabe, uda izan edo ez, aparkaleku ezagatik, gune horretako etxebizitza gehienak herriko zaharrenetakoak dira eta ez daukate garajerik. Horregatik, jeltzaleek ez dute begi onez ikusten guztia bisitarientzat erreserbatzea.
- Ordenantza aldaketan proposatzen da zumaiarrek kanpokoek bezalaxe ordaindu behar izatea gune horietan aparkatzeko eta mugikortasun jasangarriaren bidean pausoak emateko neurri gisa ulertu badaiteke ere, jeltzaleek ez dute uste bizi dugun krisi momentua denik aldaketa hori egiteko aproposena.
- Proposatzen diren aldaketak “mardulak” izanik, joan den ostegunera arte ez dira publiko egin eta EAJ udal taldearen iritziz ez da behar bezala plano bidez azaldu. TAO sistema martxan jartzeko 20 bilera ireki egin zituen EAJren udal gobernuak aurreko legealdian eta EH Bilduk proposatzen dituen aldaketak ez dira herritarrekin nahikoa landu.
- EAJ udal taldeak, TAO epealdia luzatzeko egindako eskaera onartu da eta hori izan daiteke ordenantza aldaketaren onarpena urtarrilera aurreratzeko arrazoia. Izan ere, zumaiar askok egindako eskaria txertatzeko eskatu zuen EAJk, hau da, udako TAO epealdiaz gain, Aste Santutik azarora bitarteko asteburuetara ere zabaltzeko erregulazioa. Hala ere, zoritxarrez,aurtengo egoera ere ez da “normala” izango eta epealdia zertxobait atzeratzeak ere ez du eragin handirik izango, “hobe da beranduxeago indarrean jartzea, baina behar bezala landuta” diote jeltzaleek.
Horiek horrela, EAJ udal taldeak eskatu dio udal gobernuari TAO ordenantzaren aldaketa Osoko Bilkurako gai zerrendatik atera dezala, herritar eta eragileekin behar bezala soseguz eta parte-hartze handiagoarekin lantzeko.