Zumaiako institutua handitzea errealitate bihurtzen hasi da, Hezkuntza Sailak 7,3 milioi euroko inbertsioa iragarri baitu obretarako, aurreko legegintzaldian Zumaiako EAJ herrian gobernatzen ari ginenean guraso elkarteekin batera hasitako negoziazioen ondorioz.
Kalitatezko hezkuntzaren aldeko apustua egin dugu beti, gure gizartean aukera-berdintasuna bermatzeko eta gizarteratzea eta gizarte-kohesioa sustatzeko oinarrizko zutabe gisa, gaurko hezkuntza baita biharko etorkizuna. Horregatik, aurreko agintaldian hezkuntza-plan orokor bat proiektatu genuen, eskolatze-plazak hezkuntza-etapa guztietan zabaltzeko, bai eskola publikoan, bai itunpekoan, biztanleriaren hazkundearen premiei erantzuteko eta hezkuntza-ekipamenduak berritzeko. Planak Oikiako eskola eraikitzea, Zumaiena eskolarekin hitzarmena egitea, Zumaiako institutua handitzea eta pilotalekuko kirol-eremuaren estalkia jasotzen zituen, saskibaloiko eta eskubaloiko kantxa estaltzeko. Eskaera horiek gero eta beharrezkoagoak dira, eta Zumaiako gurasoen elkarteek hala helarazi zizkiguten 2015ean.
Zumaiak hezkuntza instalaziotan zein behar zituen hautemateko, Hezkuntza-komunitatearekin elkarlanean, Hezkuntza Sailarekin Donostian eta Lakuan hainbat bilera egin ondoren, 2016an behin betiko konpromisoa lortu zen.
Oikiako eskola, gaur egun, errealitate bat da eta 2020an inauguratu zen udal gobernu berriarekin. 2015-2019 agintaldian, EAJk konpromisoa hartu eta erantzuna gauzatzeko gai izan zelako.
Eta orain, Hezkuntza Sailak iragarritako inbertsioak institutuaren handitze lanak egiteko data jarri du, 2022ko udaberria, “oso berri ona”, Oier Korta EAJ Zumaiako bozeramailearen arabera. “Institutua handitzea beharrezkoa da herrian bigarren hezkuntzako ikasle gehiago egon daitezen, eta, gainera, hezkuntza-premia bereziei ahalik eta modu pertsonalizatuenean erantzuteko”. Oierrek gaineratu duenez, pozik agertu da EAJren agintaldian egindako lana eta pertseberantzia fruituak ematen hasi direlako.
Zumaia BHI handitzeko, eraikin berri bat eraikiko da, DBHrako 10 gela eta 480 metro koadroko gimnasio bat izango dituena, eta egungo Haur eta Lehen Hezkuntzako eraikinaren eta Aitzuri frontoiaren arteko orubean eraikiko da, Zumaiako Bigarren Hezkuntzako Institutuaren egungo eraikinetik gertu. Eraikin berriak 2.477 metro koadroko azalera eraikia izango du, eta DBHko 250 ikasle hartzeko ahalmena izango du, izango dituen 10 gela arruntei esker.
Hezkuntza Sailak Zumaiako eskola-esparruan egingo duen jardueraren barruan sartzen da, halaber, estalki bat eraikitzea gaur egun Zumaia BHIren jatorrizko eraikinaren atzean eta frontoi estaliaren ondoan dauden saskibaloi eta eskubaloi kantxak estaliko dituena.
Obrak egiteko epea 20 hilabetekoa izango da.