Zumaiako EAJk Ekiola kooperatibak gure herrian eguzki-parke bat eratzeko duen proiektuarekin bat egiten duela adierazi nahi du.
Ukaezina da mundu mailako aldaketa klimatikoaren aurrean gaudela eta horren erantzule zuzenak gu gara, bizi garen lehen munduan planetak dituen baliabideak era neurrigabean kontsumitzen ditugulako.
Arazo horri buelta emateak herritarrok energiarekin dugun erlazioa eta jarrera aldatzea eskatzen du. Eta, hortaz jabe izanda, herritarrok era aktibo batean parte hartu behar dugu bere konponbidean. Egungo energia krisitik haratago, datozen hamarkadetan aldaketa esanguratsuak etorriko dira sistema energetikoaren koiuntura berriaren ondorioz; eta horren aurrean urratsak eman behar ditugu.
Ekiola kooperatiba sustatzen duten erakundeek (Eusko Jaurlaritzako Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon Korporazioako Krean ingeniaritzak) proposatzen duten ekimena bide aproposa da zentzu horretan lan egiteko. Izan ere, hurbiltasunetik eta bertakotasunetik energia berriztagarrien aukera zabaltzen du; gainera, gure herrian errotuta dauden baloreetan oinarrituta: elkarlana, partehartzea eta autokudeaketa, eredu kooperatiboaren bitartez. Eta, batez ere, herritarra jartzen duelako arazo honen ebazpenean protagonista eta zutabe bezala.
Kontuan izan behar dugu ekimen hau etorkizunean hartu beharko ditugun hainbat neurriren arteko bat dela. Energia era jasangarrian ekoizteaz gain, ezin dugu ahaztu gure kontsumo maila ere baretu behar dugula. Eta, horregatik, Udalak landu duen Energi Estrategia 2020 dokumentutik hainbat ekimen jorratu eta martxan jarri behar dira; hala nola herritarron informazio eta kontzientziazioan. Hortaz, udal gobernuari eskatzen diogu Zumaiako Energi Mahaia martxan jartzeko; eta, horrela, herri eragileen partehartzearekin, osotasunean aurrera eramateko estrategia adosteko.
Adostasun horren erdian, Zumaiako Udal Gobernuak Ekiola kooperatibaren ekimena bakarrik aurrera eramatea erabaki du, inguruko herriekin elkarlana baztertuz. Zumaiako EAJk ez du bat egiten erabaki horrekin; eta hilabete hauetan guztietan, proiektua eztabaidatzen egon garenean, gure zioa beti izan da UKUE edo inguruko herriak bidelagun izatea.
Batetik, Udal gobernuaren erabakia Ekiola proiektuak dituen baloreetatik aldentzen da, elkarlana eta kooperazioa alde batera utzita. Eta, batez ere, inguruko herri txikiekiko elkartasun falta isladatzen du; izan ere, Zumaia moduko herrien lankidetzarik gabe, herri txikiek ez dute honelako programan sartzeko aukerarik.
Bestetik, Ekiola ekimenaren bideragarritasuna zailtzen du. Proiektua bermatzeko, Ekiola berak 400 familien gutxieneko atxikimendua eskatzen du; eta Zumaia, nahiz eta 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerria izan, lortzeko mugan aurreikusten da. Proiektuaren aurkezpenean egin zuen Ekiolak ohartarazpen hori; eta, ondorioz, EAJtik, inguruko herriekin aipatutako elkartasuna eta elkarlana bultzatu nahi dugu, proiektuaren gainean alferrikako gaineskakizunak ekiditeko.
Garaiz gaude bakarkako bide honetan atzera egin eta lankidetzan oinarritutako proiektu jasangarria gauzatzeko.
Hala ere, proiektuarekiko EAJk duen konpromisoa irmoa da. Ondorioz, hala udaletik, nola herriko eragile bezala, gogor lan egingo dugu proiektuaren arrakasta bermatzeko eta ahalik eta familia gehien atxikitzeko.