Zumaiako EAJ-PNVk Putinek Ukrainaren aurka egindako gerra erasoa gaitzesten du eta bakea berreskuratzea eskatzen du

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2022ko mar. 10a, 21:34

Udal talde jeltzaleak bat egin du Udalak gerraren aurka egindako adierazpenarekin. Era berean azpimarratu du beharrezkoa dela bide diplomatikoetatik eta “hitz on”etatik haratago joango den laguntza osoa ematea ukrainar herriari.

2022ko otsailaren 24an, goizaldean, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukrainaren aurkako operazio militarra agindu zuen.

Nazio batuek diotenez, bi milioi pertsonak baino gehiagok ihes egin du Ukrainatik Errusiaren inbasioaren eta erasoaren ondorioz. Tragedia honi, ehundaka zibil hilak eta zaurituak gehitu behar zaizkio.

Euskal Herriarentzat gai hau ez da berria, Espainiako gerra zibilean bizi izan zuen. Inork uste al du garai hartan euskal herritarrek armak hartu nahi zituztela? Edo legezkotasunaren eta herritarrek emandako sistema politikoaren defentsan behartuta ikusi zuen bere burua, Ukrainan bezala? Euskadik nazioarteko laguntza faltaren ondorioak bizi izan zituen. Beraz, Zumaiako EAJ-PNV erabat ados gaude Ukrainako herriari babesa emateko hartutako erabakiarekin eta neurriekin, armen bidalketa barne. Bidezko defentsaz ari gara.

Indarkeriarik ezaren uste etikoa eta elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko apustua baloratzen ditugu, baina honek inplikatu guztiek partekatzen dutenean baino ez du balio. Nazioarteko eta Europako buruzagi gorenek distentsioaren eta diplomaziaren saiakera egin dute, eta Putinen gezurrekin engainatuta eta umiliatuta sentitu dira.

Gerra Hotza amaitu zenetik gatazkarik larriena izan den aldebakarreko eraso horren aurrean, Europar Batasunaren egonkortasuna, nazioarteko ordena eta bakea arriskuan jarri nahi baititu, Zumaiako EAJ-PNV udal taldeak honakoa adierazten du:

  1. Zumaiako EAJ-PNV udal taldea beti egongo dela demokraziaren alderdian, mundu askearen, giza eskubideen eta hiritargoak bere etorkizuna erabakitzeko duen borondatearen alde. Baina, Gerrarik EZ aldarria errealitate bihurtu nahi badugu, ez da nahikoa gure indar guztiekin nahi izatea eta manifestazioak egitea.
  2. Gerra beti da arbuiagarria, baina ukrainarrek gure alde —Europaren alde, mundu librearen alde—  borroka egitea nahi badugu, hiritargoa ezin dugu bakarrik utzi horrelako eraso baten aurrean. Izan ere, Errusiak borrokari uzten badio, ez dago gerrarik; baina Ukrainak borrokari uzten badio, ez da Ukrainarik izango.
  3. Zumaiako EAJ-PNV udal taldeak erabateko babesa ematen die Europar Batasunak eta estatu kideek erabakitako ekimen eta ekintza guztiei, eta bide horretatik jarrai dezaten eskatzen die, Ukrainari ahalik eta gehien laguntzeko eta gerra-erasoaren amaiera lehenbailehen lortzeko, hala nola indar inbaditzaile guztiak Errusiara itzultzeko.

 

                                                               GERRARIK EZ! – BAKEA ORAIN!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide