2021eko likidazioa, gastu igoera kezkagarriarekin
Osoko Bilkurak 2021eko likidazioa ere jorratu zuen, EAJ-PNVk salatu zuenez, langileen gastuen igoera kezkagarria erakusten du. Iker Mardaras zinegotzi jeltzaleak udal eraikinak garbitzeko zerbitzuaren “funtzionarizazioaren” arazoa nabarmendu zuen, eta esleipen horiek Udalaren ahalmen ekonomikoan izan dezaketen eraginaz ohartarazi zuen.
"'Publifikazio'-prozesu hau iritzietan eta sinesmenetan oinarritu zen batez ere, eta ez efikazia, efizientzia eta kalitatearen hobekuntza neurtzen duten aldagaietan", kritikatu zuen Mardarasek. Talde jeltzaleak deitoratu zuen Udal Brigada handitzeak ez zuela azpikontratazioko gastua murrizteko ere balio izan, eta kezkatuta agertu zen EH-Bilduren udal gobernuak azken urteotan egin duen bidearekin. «Atzera bueltarik gabeko erabakiak hartzen dira, Udalean behin betiko eragina dutenak, gastua finkatu edo trinkotzen dutenak eta kudeaketa-maila murrizten dutenak», adierazi zuten.
Aurrezteko gaitasuna, konprometitua
EAJ-PNVren udal taldeak azpimarratu zuen, halaber, diru-sarreren eta gastuen arteko saldo positiboa jaitsi egin dela. Horrela, 2021eko likidazioak 2,4 milioiko saldoa eman zuen, 14,4 milioiko sarrera arruntekin, eta “2018an 2,6 milioikoa zen, 12,8 milioi sarrera arruntekin”.
EAJ-PNV kezkatuta agertu zen gastu publikoa finkatzeak inbertsioak finantzatzeko eta udal-kudeaketa aurrera eramateko gaitasunean eragina duelako. «Aurrezki mailak garapen autonomoa eta jasangarria ahalbidetzen du baliabide propioekin», gogorarazi zuen Mardarasek.
Halaber, zinegotzi jeltzaleak azpimarratu zuen inbertsioak 2021erako aurrekontuan jasotakoaren (1,3 milioi euro) ehuneko 33 baino ez zirela izan. Exekuzio-maila hori nabarmen baxua dela uste du EAJ-PNVk, aurreko hiru urteetan lortutakoa baino askoz txikiagoa, azken urte horietan, gainerakoan, aurreko udal gobernu jeltzaleak planteatutako inbertsioak gauzatu zirelarik.