Zumaiarrak eta EAJ-PNV udal taldea ez daude ados Itzurungo igogailuaren proposamenekin

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2022ko eka. 4a, 08:00

Bizilagunen ustez, irtenbide desegokia ematen duten lau proposamen aurkeztu ditu Udalak herri galdeketara.

Maiatzaren 9an, Zumaiako Udalak Larretxo auzoko irisgarritasuna erraztuko duen igogailu bat eraikitzeko aurkeztutako lau proposamenetako bat bozkatzeko epea ireki zuen. Bozketaren epea maiatzaren 20an amaitu zen eta, emaitzen zain, zumaiarren eta Larretxoko auzotarren artean nahigabea nagusitu da.

Inguruko bizilagunekin hainbat bilera egin ondoren, herritarrek bi arazo nagusi hautematen dituzte udal gobernuak aurkeztutako proposamenetan. Lehenengoa, hain leku nabarmenean duen inpaktu bisuala. Bigarren eragozpena, bizilagunek (eta EAJ-PNVk) adierazi dutenez, proposamenek arazoa partzialki baino ez dutela konpontzen da, igogailura iristeko aldaparen erdia oinez gainditu beharko litzatekelako.

Bozketaren aurreko auzo-bileretan, EAJ-PNV udal-taldeak arazo hori saihesten zuten eta kota osoa salbatzeko aukera ematen zuten hainbat aukera aurkeztu zituen. Esate baterako, igogailua aldaparen oinarritik (ezkerraldean) jartzea, edo beste igogailu bat jartzea Indamendi Elkartearen atzeko plazatxoan, aurreko legealdian EAJ-PNVk proiektatu zuen igogailu berriaren osagarri gisa.

"Proiektuarekin ados ez gaudela adierazi nahi dugu, eta gure babesa adierazi zumaiarrei eta, bereziki, kaltetutako herritarrei", adierazi dute EAJ-PNVtik. Talde jeltzaleak deitoratu egin du EH-Bilduren gobernuak, "gehiengo absolutuaz baliatuz", udal talde teknikoak egindako lau proiektuak Hirigintza Batzordean ez aurkeztea, oposizioak egin zitzakeen ekarpenak beste behin ere gutxietsiz.

Gainera, Zumaiako EAJ-PNVk bere harremanetarako bideak herritarren zerbitzura zabalik jarraitzen dutela gogorarazten du (telefonoa eta WhatsApp: 622 69 94 19; emaila: eaj@zumaia.eus).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide